GARA Euskal Herriko egunkaria
PIRINIOAK

Jonatan Garciak «Trio de ases» izeneko xedea 20 orduan biribildu du

Eskalatzaile bizkaitarrak Salenques-Tempestades, Llosas eta Alba ertzak lotu ditu. Benasquetik hasitako hurbilketa bidea bizikletarekin egin zuen.


Barakaldoko alpinistak urte batzuk daramatza Benasquen bizitzen, eta ingurumari hartan makina bat jarduera egin ditu. Maladeta-Aneto mendigunean, adibidez, 51 hirumilako 34 orduan igo zituen. Duela pare bat aste, berriz, Salenques-Tempestades, Llosas eta Alba ertzak lotu zituen 20 orduko jardunean.

Zeharkaldi luze hori ziur aski denbora gutxiagoan sinatu da, baina bizkaitarrak “Trio de ases” izena hartu duen xede horren hurbilketa-biderako bizikleta bat erabili zuen. Benasquetik bertatik goizeko hiruretan irten zen, eta, denera, krono horretan 59 kilometro eta 4.315 metroko desnibela gainditu zituen. Eskaladaren zailtasunei dagokienez, gehienez, V+ mailako tarteak izan zituen.

Garciak berak adierazi du izaera horretako erronka bat egiteak ilusio handia egiten ziola: «Bi arrazoi nagusi daude. Batetik, garai batean hiru egun eskatzen zituen jarduera bat 20 orduan egitea oso erakargarria da. Eta bestetik, ‘poltsa’ horretan hainbat aktibitate nahastea gustuko dudalako: bizikleta, korrika, eskalada…».

Bizikleta La Besurtan utzi ondoren, Salenques-Tempestades ertza zain zuen. Anetoko gailurra egin, Maladetako glaziarrera jaitsi eta Llosasen sartu zen. Lan horiek bukatuta, Albako “15 jendarmeak” gainditu, gailurra zapaldu eta gauez La Besurtara iritsi zen. Berriro ere bizikleta hartu eta gaueko hamaiketan Benasquera heldu zen.

PLANGINTZA ZEHATZA.

Aipatu dugu protagonista bizkaitar honek ingurumari hori ondo baino hobeto ezagutzen duela. Llosas eta Salenques-Tempestades ertzak 38 aldiz zeharkatu ditu; horietarik 30 bakarrik eta soka erabili gabe. Albakoan, berriz, lautan izan da.

Bisita horietan guztietan jasotako eskarmentuari esker, Garciak jarduera hori egun batean sinatzeko aukera izan du: «Niretzat esperientzia hori giltza izan da. Nire helburua azkar baina segurtasunarekin mugitzea da; ez da soilik abiadura handian eskalatzea. Soka bakarrik bi rappel egiteko erabili nuen: Llosaseko orratz batean (40 metro) eta Albako ertzean (15 metro)”.

Jarduera luze hori burutzeko, protagonista honek 15 kiloko bizkar-zaku bat eraman zuen. 40 metroko soka (7,5 mm) zen zeraman zama handiena. Ohiko tresneria eta arropa eramateaz gain, oso janari gutxi eta ur litro eskas bat sartu zuen motxilan: «Segurtasuna galdu gabe, uste dut zeharkaldi hori azkarrago egin daitekeela. Batez ere, bizikletan eta oinez egindako hurbilketetan. Eta arinago ere joan naiteke; adibidez, soka fin batekin (6 mm) edo bizikleta berri batekin. Erabili nuenak 30 urte ditu».

Plangintzari dagokionez, Garciak dio xehetasun guztiak ondo baino hobeto aztertuta eta kontrolatuta zituela. Jarduera hori egin baino pare bat aste lehenago, hiru ertz horiek egin zituen. Egin bai, baina lotu ez: «Sekzio guztiak ondo gogoratu nahi nituen, eta ikusi ere zein baldintzatan zeuden. Eguraldi iragarpenak arreta handiz begiratu nituen. Kontuan hartu behar da 20 orduko jarduera izan dela, eta ekaitzekin beldur nintzen. Horietako batzuk gertu izan nituen, baina ez zidan euririk egin”.

Biribildu berri duen zeharkaldi horren inguruan bizkaitarrak adierazi du jarduera oso pertsonala da eta zentzuz egin beharrekoa: «Norberak ikusi eta aztertu behar du nortasun horretako aktibitate bat egiteko gai ote den. Jakina, kontuan hartu behar dira norberaren sasoia, buruaren sendotasuna eta gaitasun teknikoak».