GARA Euskal Herriko egunkaria
HIMALAIA

Mallorcako sokada batek argitu du Dolma Kang mendiaren misterioa

Pep Roig-ek eta Tomeu Rubi-k Rolwaling haraneko seimilako horren hego-ekialdeko horma eskalatu dute. Estilo alpinoan eginiko jarduera horretan ezusteko bitxiak izan zituzten.


Himalaiako montzoi aurreko edo udaberriko denboraldian, zortzimilakoen itzalean, beste espedizio batzuk antolatu dira. Pep Roig eta Tomeu Rubi, adibidez, Rolwaling haranean izan dira. Bi mallorcarrok mendi erraldoi horiek sortzen duten “zaratatik” at ibili dira. Eskuarki elkarrekin jarduten dute, eta mendi txikiagoak eta teknikoak gustuko dituzte. Estiloari dagokionez, berriz, arina edo alpinoa jorratzen dute. Eta ahal badute, esplorazioari ateak zabaltzen dizkiote.

Eta Rolwaling-era eginiko espedizioan aukera izan dute Dolma Kang mendiaren (6.332 m) hego-ekialdeko horma eskalatzeko. Ez dira murru horretan lehenak izan. Ezta gutxiagorik ere, duela 40 urte espedizio japoniar batek lorpen bera egin zuelako. Baina bestelako estiloan eskalatu zuten. Taldekide asko izateaz gain, hormatzar hori ia goitik behera soka finkoekin ekipatu zuten. Mallorcarrak, aldiz, estilo pisutsu hori “garbitu” eta estilo arinean igo dira.

Esplorazioa aipatu dugunez, aurreratu behar dugu bi alpinistok ez zutela oso garbi zer egin Nepalgo haran horretan: ukitu gabeko seimilako bat eskalatu, bide berri bat estilo alpinoan sortu… Girora egokitu ondoren, eta Dolma Kang aukeratu zutenean, gainera, ezusteko bitxi batzuekin egin zuten topo. Seimilako hori igotzen ari ziren bitartean, 2017. urtean espedizio batek han utzitako egurrezko taula bat aurkitu zuten. Talde horrek ez zuen gailurra erdietsi. Horrez gain, mendiaren goialdean paretatik zintzilik zeuden soka finko zaharrak ikusi zituzten. Hain zuzen ere, 1980. urtean bi espediziok (australiarra eta japoniarra) erabilitakoak ziren.

Mallorcarron espedizioa ohiko aklimatazio fasearekin hasi zen. Rubik adierazi digu Na herriaren ingurumarian izan zirela: «Mendi erakargarri asko daude, eta helburu zehatz bat aukeratzea ez zitzaigun batere erraza egin. Horrekin batera gehitu nahi dut Nepalgo Gobernuak baldintza ugari ezartzen dituela haran horretako mendietan jarduteko; hots, baimenak lortzeko. Muga administratibo horien ondorioz, ipar-mendebaldera abiatu ginen. Balizko bi xede oso erakargarri ikusi genituen: Beding (6.126 m) eta Dolma Kang. Azken hau Gaurishankar mendiaren (7.146 m) ‘bigarren’ gailurra da».

Bi mendi horietatik Dolma Kang da alpinistok aukeratutako helburua. Apirileko azken egunean, mendiaren hego-ekialdeko murrura abiatu ziren. Antza denez, hurbilketa bide hori ez da batere samurra; izan ere, sekzio oso nahasiak ditu. 4.900 metroko kotara heldu ziren. Elurra egiteaz gain, laino itxiak ez zien behar bezala utzi dendak altxatzeko leku eroso bat aurkitzen. Han bertan, Rubik azpimarratu nahi izan duenez, lehen ezustekoa izan zuten: «Arrokan zegoen egurrezko taula bat ikusi genuen. Ez zen oso argi ikusten, baina 2017. urtean espedizio batek utzitakoa zen. Zoritxarrez, lainoak eskalatu nahi genuen pareta ikustea eragotzi zigun. Beding-era jaitsi ginen. 2017. urteko espedizio horren inguruan galdetu genuen, baina inork ez zigun azalpenik eman».

Bestalde, maiatzaren lehenean Na herrixkara igo, tresneria gehiago jaso eta pronto ziren helburuari ekiteko. Eguraldia, ordea, ez zen batere egonkorra: «Maiatzaren 3rako ez zuten prezipitaziorik iragarri, eta bezperan 1.200 metro igo genituen; hain zuzen ere, terraza oso desatseginetatik. Egun horretan, bederen, eskalatu nahi genuen pareta ikusteko aukera izan genuen. Oso erakargarria eta estetikoa denez, biok ala biok harrituta geratu ginen igoerarik edo ekinaldirik ez zuelako».

Argibide guztiak.

Biharamunean, goizaldeko 3.30ean, alarmak jo zuen. Ordubete beranduago protagonistok bideari ekin zioten eta, mila metroko desnibela gainditu ondoren, izotzean erlaitz bat prestatu eta denda altxatzen saiatu ziren: «Dendak duen neurrirako erlaitz txiki bat genuen, eta gaua ez zen batere erosoa izan. Igotako sekzio horri dagokionez, esan behar dut korridore luze batean sartu ginela. Baldintzak ez ziren batere onak, eta batez besteko pendiza 60/50 gradukoa zen. Tarteka, izotzezko irtengune bertikal batzuk gainditu genituen. Izotz hori, gainera, ustela zen. Azken 300 metroak, berriz, mistoko tarte bertikal batzuk ziren; zailak aseguratzeko».

Mallorcarrok aipatu dutenez, lehen bibak hori ez zen batere ona izan. Lo gutxi egin zuten, eta goizeko 5.30ean berriro eskalatzen hasi ziren. Gailurra lortzeko 400 metro igo behar zituzten. Sekzio luze hori bezperakoa baino teknikoagoa zen, eta, horregatik, erritmoa mantsotu behar izan zuten: «Pep aseguratzen ari nintzela, espoloi batetik soka batzuk zintzilik ikusi nituen. Gu espoloi horretara gindoazen, hain zuzen. Bederen, argi geratzen zen gure aurretik beste batzuk ibili zirela. Soka horiek han utzita ikustea ez da atsegina; pena handia hartu genuen!».

Tarte tekniko horiek igo eta eguerdia heldu zenean, Roigek eta Rubik gailurra zapaldu zuten. Zoritxarrez, ez zuten denbora asko igaro, besteak beste, eguraldiak okerrera egin zuelako. Lainoen artean, jaitsierako bidea aurkitzen ahalegindu ziren. Bazekiten ez zela batere erraza izango, jaitsiera hori artesiz eta seracez osatutako glaziar batetik hasten delako: «Une zailak bizi izan genituen. Ez genuen ezer ikusten, baina ertz batera heldu ginen. Bi egun lehenago gaua igaro genuen plataformara iristeko itxaropena genuen. Ezinezkoa izan zen. Ikuspen oso txikia genuen (15 eta 20 metro artekoa), eta arratsaldeko lauretan denda altxatzeko leku egoki bat aurkitzeko gai izan ginen. 5.900 metrora geunden. Biharamunean, laino horiek desagertu zirenean, jaitsierarekin jarraitu genuen. Hainbat rappel egin, tarte batzuk deseskalatu… Eta leher eginda, azkenean Beding-era iritsi ginen».

Arestian aipatu dugun misterioen inguruan, esan behar dugu, ofizialki, Dolma Kang mendiak 21 igoera izan dituela. Bitxia bada ere, mallorcarrok ez bezala, gainerako espedizioek ez zuten Dolma Kang helburu. Ez, Gaurishankar igotzeko Dolma Kang-etik igaro ziren.

Egurrezko taula hori Tore Sunde-Rasmussenek 2017. urtean antolatutako espedizioak utzi zuen han. Kanpaleku nagusira helikopteroz heldu zenez, norvegiarrak eskalada horretan oxigeno gehigarria erabili zuen. Xerpa batzuek lagunduta jardun zuen. 5.840 metroko garaiera duen mendi bat igotzea lortu zuen. Norvegiarrak aipatu zuen Dolma Kang igo zuela, baina gerora argitu zen seimilako hori ez zuela igo.

Soka finkoei dagokienez, horietako batzuk 1980. urtean (udaberrian) Patrick Alexander Cullinanek zuzendutako espedizio australiar batek utzi zituen. Helburua Gaurishankar zuten, baina soilik Dolma Kang igotzeko aukera izan zuten. Urte bereko udazkenean, espedizio handi batek (35 japoniar eta hiru xerpa) arrakasta berbera izan zuen seimilako horretan; ez, ordea, zazpimilakoan.