GARA Euskal Herriko egunkaria

Mugaz gaindiko Elgarrekin gune multimodala zabalik da Hendaian

10,7 milioi euroko inbertsioarekin, Lapurdi eta Gipuzkoa artean mugikortasun jasangarria bultzatzea xede du EuskoTren eta SNCFko geltokiak elkartu dituen guneak. Ipar Euskal Herriko agintariek ez bezala, Iñigo Urkulluk eta Alain Roussetek AHTren aldeko aldarrikapen argia egin zuten azpiegituraren inaugurazio ekitaldian, Hendaian.

Hendaian Euskotrenek duen tren geltokian elkartu ziren agintariak, Elgarrekin gunearen inaugurazioan parte hartzeko. (Guillaume FAUVEAU)

«Bakarrik azkarrago joaten da, baina elgarrekin urrutiago heltzen da», laburbildu zuen gune multimodala inauguratzeko ekitaldian Hendaiako alkate Kotte Ezenarrok.

Elgarrekin egitasmoari esker, finean, orain arte hurbil izanik ere urrun samar ziren tren geltoki bi elkartu dituzte. Alde batetik, Lakuako Gobernuaren bultzadapean, Euskotrenek kudeatzen duen “Topo” zerbitzua bermatzen duen tren geltokia dago eta, bestetik, SNCF konpainia frantsesaren tren geltokia. Biak berritu dituzte, eta bi zerbitzuen arteko konexioa hobetzeko pasabide zuzenaren bidez lotu dituzte.Hemezortzi hilabete iraun duten lanak amaiturik, Europar Batasunaren diru ekarpenarekin egin duten gunearen estreinaldirako Bidasoaren bi aldeetako erakundeetako ordezkariak bildu ziren atzo Hendaian, baita Bordeletik eta Paristik heldutako hainbat ordezkari ere.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak Topo zerbitzua baliatu zuen bertaratzeko. Agintaria urtean 700.000 bidaiarik erabiltzen duten tren geltokira iritsi zen eta han zituen zain, besteak beste, Hendaiako auzapeza bera eta Euskal Elkargoko buru Jean-Rene Etchegaray, baita Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko burua.

Aurreskua eskaini zieten agintariei Euskotreneko geltokian, Hendaia eta Donostia 30 minutuero lotzen duen tren zerbitzuaren ohiko erabiltzaileak harritu samar zirela.

Laster Topoaren

maiztasuna hobetzeko urratsa eginen du Euskotrenek, Hendaia eta Donostia arteko lotura 15 minutuero eskainiz.

Euskotreneko geltokitik atera eta, aurrez aurre, SNCFko tren geltokiaren aitzinean eraikitako zabalgunea agertzen da. 5.000 metro koadroko eremuan lasaiki egin daitezke joan-etorriak, auzoaren antolaketa berria gehienbat oinezkoentzat pentsatuta baitago.

Tren zerbitzua soilik ez, autobusa, taxia eta bizikleta ere ahal dela Elgarrekin gunean bertan atzeman, «baita autoentzako aparkalekua ere», azaldu zuen Parisetik Hendaiara trenez heldu zen Marlene Dolveck SNCFko zuzendariak. Oroitarazi zuen urtero 350.000 bidaiarik baliatzen duten tren geltokiak «nazioarteko tren zerbitzua» bermatzeko garrantzi handia duela. Euskal agintariek, ordea, arreta handiagoa eskaini zioten beren hitzaldian 2025erako Baiona eta Donostia arteko tren lotura zuzena plantan emateari. Bestalde, Philippe Le Moing-Surzur suprefetak Baionatik haratago Donibane Garazi badela oroitarazi zuen. «AHT berria baino hurbileko tren gehiago» behar dela gaineratu zuen Ezenarrok. Alta, bai Iñigo Urkulluk, baita Akitania Berriko presidente Alain Roussetek ere, abiadura handiko trena argiki aldarrikatzeko baliatu zuten ekitaldia. Finean, Jean-Rene Etchegarayk nabarmendu zuen Elgarrekin guneak mugikortasun jasangarria mugaz gaindiko lankidetzaren bihotzean iltzatu duela.

Hendaia eta Paris arteko gaueko trena, errailetan berriz

’’Palombe Bleu” (Uso Urdina), Hendaia eta Paris lotzen zituen gaueko trena, 22.30 aldera Lapurdiko hiritik atera eta goizeko 07.00etarako Paris-Austerlitz geltokira arribatzen zen. Alta, AHTren aldeko apustuak, batetik, eta hegaldi merkeek, bestetik, gaueko trenaren itzaltzea ekarri zuten. Alta, uztailaren 1etik, eta uda osoan zehar, “Le Pyreneen” (Pirinioetakoa) gaueko trena errailetan emanen du SNCFk. Oui au train de nuit-Gaueko Trenari Bai kolektiboak pozik hartu du erabakiaren berri. Izan ere, aitzineko zerbitzua berreskuratzeko «bide luzea» badela oroitarazi du agiri baten bidez. Hendaiako geltokian, larunbatean, 10.00etan, eta Baionako geltokian, 19.00etan, ekimenak antolatu ditu taldeak “Le Pyreneen” trenari ongi-etorria egiteko. Finean, Katalunian, Cerberetik Portboura, martxa antolatu dute gaueko trenak muga gainditu dezala eskatzeko. M. UBIRIA