GARA
BAIONA

Hiru murgiltze ikasgela berri izanen dira eta lehen aldiz eredu publikoko lehen mailan

Gurasoek, irakasleek eta hautetsiek azken asteetan bizkortu dituzten mobilizazioek behin-behineko uzta eman dute. Anne Bisagni-Faure Bordeleko Hezkuntza Akademiako errektoreak atzo arratsaldean baieztatu zuenez, Larraineko, Barkoxeko eta Irisarriko eskoletan euskarazko murgiltze ikasgelak irekiko dituzte heldu den ikasturtean.

Murgiltze eredua eskatzeko eskola okupatu zuten hilaren 14an Irisarrin.
Murgiltze eredua eskatzeko eskola okupatu zuten hilaren 14an Irisarrin. (Guillaume FAUVEAU)

Larraineko eta Barkoxeko ama eskoletan ez ezik, Ipar Euskal Herrian eskola publiko batean lehen aldiz lehen mailako murgiltze klase bat ere irekiko dute heldu den ikasturtean Irisarrin. Berria Bordeleko Akademia Errektoretzak baieztatu zuen atzo arratsaldean.

Aurrekaririk ez duen erabakia hartu du Akademiak Irisarriko eskolari dagokionez. Frantziar Hezkunde Nazionalak hezkuntza publikoan lehen mailan halako urrats bat egiten duen lehen aldia da.

Zehazki, «Irisarriko eskola publikoko 2. ziklora murgiltzearen perimetroaren zabaltzea» iragarri zuen atzo errektoreak. Deliberoa joan den martxoaren 31n Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) batera osatutako gidaren baitan hartua izan zela gaineratu zuen atzo, horren harira, Anne Bisagni-Faurek.

Haatik, zehaztu zuenez, 2022ko ikasturte hasierari begira eginiko «salbuespenezko» urratsa da, bestelako klase irekiera eskaerak gidan finkaturiko egutegiaren arabera landuko baitira. Gogora ekarri behar da joan den ekainaren 14an Irisarriko eskola publikoa okupatu zutela Akademiaren erantzunik gabe jarraitzen zutela salatzeko.

Larraineko ama eskolan

iaztik ari ziren borrokan guraso, irakasle eta hautetsiak, frantziar Hezkunde Nazionalak beren eskaerari ezezkoa eman zielako .

Bukatu berri den ikasturtearen hasieran Idauze-Mendiko, Ortzaizeko eta Aiherrako eskolekin batera kanpaina egin zuten euskara hutsezko hezkuntza lortzeko.

Beste hirurek lortu zuten, baina Larraineko herriak ezezkoa jaso zuen, ikastalde bakarreko eskola dela argudiatuta.

Eskolako guraso guztiek murgiltze eredua nahi dutela baieztatu dute behin eta berriro Larrainen, baina horrek ez du egoeran eraginik izan orain arte. Ekainaren 24an, elkartasunez, beste herri batzuetan okupazioak egin zituzten eta astelehenean Larraineko guraso, irakasle eta hautetsiak mobilizatu ziren beste behin ere. Beraz, murgiltze ikasgelaren irekierarekin, albiste ezin hobea jaso zuten atzo Zuberoako herrian. Horixe bera gertatuko da Barkoxeko ama eskolan ere, ikasgela bakarreko eskola izanik pareko egoeran baitziren bi herriak.