01 JUL. 2022 Brebeta azterketa euskaraz egingo duten ikasleei frantsesez zuzenduko diete Mobilizazio ugariek ez dute emaitzarik lortu. Brebeta frantsesez egin duten ikasleei soilik zuzenduko diete azterketa; euskarazkorik ez. Halere, Euskal Elkargoak lagunduta, zuzenketa ez-ofiziala eginen da. Brebeta euskaraz egitearen aldeko protesta, atzo, Kanboko Xalbador kolegioan. (Bob EDME) Idoia ERASO URRUÑA Ipar Euskal Herriko kolegioetako azken urteko ikasleak brebeta egiten ari dira. Azterketa euskaraz egin ahal izateko mobilizazio ugari izan dira, baina Akademia Ikuskaritzak beti ezezkoa eman du. Hala ere, Seaskako ia ikasle guztiek zientzien ikasgaiko azterketa euskaraz egitea erabaki dute, nahiz eta frantsesez soilik zuzenduko den. Horren aurrean, zuzenketa ez-ofiziala eginen da Euskal Elkargoak utzitako espazioan. Ikastolen Federazioko kolegioen aitzinean elkartu ziren atzo ikasle, irakasle eta gurasoak protesta egiteko, eta heldu den egunetarako hitzordu anitz aurreikusiak dira. Gaur, adibidez, azterketaren bukaerarekin bat eginez, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasle eta gurasoak Donibane Garaziko Zitadela ikastetxean bilduko dira, 16.00etan. Uztailaren 12an euskaraz zuzendutako zientzietako azterketen notak jakinaraziko dituzte, ofizialki frantsesez zuzenduak izan direnekin bat eginen ez dutenak. Brebeta eta baxoa euskaraz egin ahal izatea aldarrikatzeko mobilizazio jendetsu ugari izan dira azkenaldian. Azkenak oihartzun eta eragin berezia izan du. Ikasle, irakasle eta gurasoek Baionako Akademia Ikuskaritza okupatu zuten. Polizia haien kontra oldartu zen, baina ez zuten eraikina utzi. Ekintza horren ondorioz, Euskal Elkargoak engaiamendua hartu zuen azterketaren zuzenketa bermatzeko. Desobedientzia gisa, zenbait irakaslek brebeta zuzentzeari uko eginen diote. PROTESTAKAsteartean, uztailaren 5ean, Seaskako lau kolegioetako 250 ikasle inguruk egindako zientzietako azterketak Euskal Elkargoak horretarako utzi duen Kontserbatorioan zuzenduko dituzte. Egun berean, 9.00etatik goiti, elkarretaratzeak izanen dira brebeta azterketak zuzentzen diren zentroen aitzinean.