GARA
TRIPOLI

Argi mozketen eta herrialdeko bi gobernuen kontrako protestak areagotzen ari dira Libian

Libiak elkarren aurka lehian diren bi gobernu dituen garaiotan, Tripolin egoitza duen «batasun nazionaleko gobernua» energia murrizketen kontrako haserrea lasaitzen saiatu zen atzo, eta, helburu horrekin, Abdelhamid Dbeibah lehen ministroak «protestak gutxietsi» zituela onartu zuen. Ordu batzuk geroago gazteek bertan behera utzi zuten hiriburuan deitutako beste manifestazio bat, Libiako bi gobernuak eta bi parlamentuak desegitea eta hauteskundeak egitea eskatzeko. Gazte mugimenduak bizi baldintzen okertzea ere salatu du. Egunean hamar bat ordu irauten duten argi mozketa kronikoak dira azken adibidea.

Bi gobernuetako agintarien kontrako presioa gero eta handiagoa da. Ostiralean, Tobruken manifestariek su eman zioten Parlamentuari eta igandean manifestazioak izan ziren Tripoli, Bei Walid eta Misratan. Libia ekialdea kontrolpean duen Khalifa Haftar mariskalaren aldekoek petrolio instalazioak blokeatu dituzte, Tripoliko exekutiboa presionatzeko. Gas ekoizpena ere jaitsi dute, elektrizitate sarea kaltetuz.