GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Kirola uda garaian


Aurreko artikuluan azken bero-boladaren inguruan aritu nintzen eta bere ezohikotasunaz. Gaurkoan, halako beroak izaten direnean kirolari andanak duen jarreraz arituko naiz.

Eguraldi onak hasten direnean, oso ohikoa da gizakion artean aire librean kirola egitea. Izan mendian oinez edo korrika aritzea, korrika asfaltoan, paseoan, eskalatzen, eta abar. Gainera oso onuragarria da; izan ere, estresa gainetik kentzeko modurik onena da. Baina udaberria aurrera doan heinean eta uda iristean etsai nagusi bat agertzen da kirolari hauentzat: beroa.

Halakoetan, eguneko erdiko orduak saihestea, behar beste likido edatea eta arropa egokia eramatea aukera egokiak dira, nahiz eta gomendiorik onena bero egiten duen egunetan kirolik ez egitea den. Nolanahi ere, gomendioez aparte, azkenaldian jendeak eguraldia zein gutxi hartzen duen aintzakotzat ikusi dut. Pandemiak eta etxean pasatu ditugun ordu kopuru handiek jendeari izugarri eragin diote. Etxetik kanpo egon beharrak askotan neurriz kanpoko ekintzak egitera eraman du jendea. Zer esan nahi dut horrekin? Bada, behar edo estres horrek egokiak ez diren egunetan ere jendea kanpora kirola egitera bultzatu duela. Egin nahi dudan deia da bero handia egiten duen egunetan jendeak zentzuz joka dezala, askotan ez baitugu horrek dakarren arriskua ikusten, zerbait larria gertatu arte. Zaindu zeuen burua.