GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ezkurdia eta Martija, irabazi eta finaletik at

Ezkurdia eta Martija, garaipena ospatzen. (I. ZABALETA FOKU)

Ezkurdiak eta Martijak garaipen batekin esan zioten atzo agur Binakako San Fermin Torneoari. 22 eta 14 menderatu zituen bikote nafarrak Jaka eta Albisu, baina finalerdietako ligaxkako lehen partidan Artolaren eta Mariezkurrenaren kontra jasotako jipoiaren ostean (22-5), txapelketako finalera iristeko aukerarik gabe geratu zen.

Ezkurdiak gogotsu abiatu zuen partida eta 5 eta 1 aurreratu ziren gorriak. Hala ere, atsedenaldira arte oreka izan zen nagusi markagailuan. Hamabinako berdinketa eta gero, aldiz, Ezkurdia eta Martija jaun eta jabe izan ziren eta merezitako garaipena eskuratu zuten.

Jakak eta Albisuk ez zuten asmatu bikote nafarra gelditzen eta opari gehiegi egin zituzten. Hala ere, txapelketako finalean sartzeko aukera izaten jarraitzen dute. Hori bai, oso zaila daukate. Bigarren partida irabazteaz gain, aurkariek bederatzi tanto baino gehiago egitea saihestu behar dute.

LASOREN ZAIN

Orain arteko emaitzak ikusita, Lasok eta Mariezkurrenak finalerako sailkatzea esku-eskura dute. Zalantzan dagoena, ordea, txapelduna jokatzeko moduan egongo den da. Bihar jokatuko da partida eta Lasok gaur hartuko du erabakia. Ezin badu jokatu, Artolak ordezkatuko du. Gipuzkoarrak 22 eta 11 irabazi zuen atzo Elizegirekin batera Elezkanoren eta Bikuñaren kontra. 13 tanto egin zituen alegiarrak.

Beste finalerdia gaur jokatuko da. Altunak eta Rezustak osatzen duten bikoteak Irribarriaren eta Zabaletaren kontra neurtuko ditu indarrak Labriten. Garaipena lortzen duen bikotea sailkatuko da San Fermin Torneoko finalera.