GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Lau bikote egutegia finkatzera datorren Udako Torneoan

Zumaian aurkeztu zuten torneoa. (Andoni CANELLADA FOKU)

Duela sei urte Emakume Master Cup egitasmoa martxan jarri zenean, emakumeek esku pilotan aritzeko txapelketa bat izatea bera aurrerapauso handia izan zen. Denbora gutxian, baina, nesken esku pilotak sekulako garapena izan du, bai materialean -pilota goxotik mistorako jauzia arrakastaz ematen ari da- bai ikusgarritasunean -duela hilabete eskas 1.600 lagun bildu ziren Nafarroa Arenan final bat ikusteko-. Bada, egutegiari dagokionez ere esan dezakegu Master Cup zirkuituak urte osoko programazioa bermatzen diela egun maila goreneko pilotariei.

Behin pandemia garaiko mugak amaituta, herri eta auzo guztietatik ari dira deitzen neskei euren frontoietan jokatzeko. Baina konpromiso puntual ugari horiez gain, goi mailako txapelketa arautu batez gozatzeko aukera ere izango dute Laboral Kutxa Udako torneoan parte hartzeko aukera izango duten zortzi pilotariek.

BIKOTE ERAKARGARRIAK.

Atzo Zumaiako portuan aurkeztu zen txapelketan egungo pilotari onentsuenak azpitik gero eta indar handiagoz irteten ari diren gazteekin nahastuko dira, lehiaketa erakargarrian.

Bost jardunaldi izango dituen txapelketan lau bikotek hartuko dute parte: Amaia Aldai-Andrea Capellan, Olatz Arrizabalaga-Uxue Oses, Maddalen Etxegarai-Enara Gaminde eta Leire Garai-Itxaso Erasun.

Lehiaketa sistemari dagokionez, lehenengo fasean ligaxka bat jokatuko da eta bikote guztiek guztien aurka jokatuko dute. Haron (uztailak 15), Lekeition (uztailak 24) eta Bastidan (abuztuak 3) jokatuko dira finalerdietako kanporaketak erabakiko dituzten partidak. Finalerdiak, berriz, Hondarribian jokatuko dira abuztuaren 13an eta garaileek Zumaiako Aitzuri pilotaleku ederrean jokatuko dute final handia, abuztuaren 27an. Finala telebistaz emango da.

LASOK EZ DU JOKATUKO.

Gizonezkoen San Fermin Torneoari dagokionez, Unai Lasok ez du gaurko partidan jokatzerik izango eta, aurreko ostiralean bezala, Iñaki Artolak ordezkatuko du. Finalean egoteko, alegiarrak eta Mariezkurrenak nahikoa dute Jaka eta Arangurenen aurka hamar tanto egitearekin. Jon Ander Albisuk eskuina ukituta zuela amaitu zuen igandean eta aginagarrak ordezkatuko du.