Jon ARGITXONA BADIOLA
Gernika Memoriaren Lekuko plataforma
KOLABORAZIOA

«Gernika» 2022

Merkatu Askatzailearen eskutik agindu izan zaigun Globalizazio Urrezko Aro Berriaren etorkizuna ezabatu egin digute. 2007-08ko krisiak eta covid-19aren pandemiaren eraginek ekonomiaren hierarkia eta egituren errealitatea utzi digute agerian.

Etengabeko hazkundearen ametsa dekoratu hutsa baino ez omen zen; izan ere, bat-batean, dena krisia eta ardura omen da: krisi energetiko eta klimatikoren mehatxuak (hori bai, orain arte energia ekoiztu duten erraldoi beraien eskutik, ekonomia berde eta zirkularraren bidez emendatzea lortuko direnak); elikadura krisia (nola ez, enpresa multinazionalei esker zientzia eta teknologiaren ekarpenak modu egokienean aprobetxatuz, produkzio era berriekin konponduko dena); migrazioen eztanda (arazoa modu arrazionalenean bideratzeko, hor daude, beste hainbaten artean, Mediterraneo hegoaldeko eta Ekialde Hurbileko demokraziaren aldeko lagun, aliatu edo kide zintzoak: Maroko; libiar fakzio desberdinak; Egipto edo turkiar Estatua -aliatu fidagarria-).

Arazoa ez da orain arte oinarrizkoak izan diren eta urrituz doazen baliabide energetiko eta lehengaiak eskura edukitzea... ezta etorkizun laburrean beharrezkoak izango direnen kontrola ziurtatzea ere garai berrietarako trantsizioak mendean eduki ahal izateko (garapen teknologikoaren eta patenteen monopolioa, kontsumorako merkatuak eta eskulana barne). Ez gaitezen erratu. Txirotze eta gabeziaren orokortzearekin batera, azken urteetan aberastasunen hazkunde eta kontzentrazioa (eta, noski, botere sozioekonomikoarena), tokiko mailatan (gure herri eta hirietan), maila ertainetan (herrialde eta estatutan) eta nazioartean inoiz baino handiagoa izan den arren, hor ez dago arazorik. Jendearen eta naturaren esplotazioa, ustiapen basatia; nagusikeria, ustelkeria; zikoizkeria krudela, genozidio orokortua ez dira arazo. Gerrara deitu gaituzte… Barkatu, autodefentsara deitu gaituzte gure balioak eta bizimodua babesteko. Arerio nagusi bi seinalatu dizkigute: Txina eta Errusia. Si vis pacem para bellum.

Ze etorkizun ederra gure alaba, seme eta ilobentzat! Aste honetan 1.000 milioi euro agindu ditu espainiar gobernuak gastu militarrak handitzeko. Eskandalu eta eztabaida bizia piztu ditu gertakariak. Baina orain aste pare bat hogei ehiza hegazkin erosteko kontratua sinatu du 2.043 milioitan. Eta NATOko Madrileko biltzarrean gastu militarra BPGaren %2ra heltzeko konpromisoa adostu da (Espainiarentzat 20-30.000 milioi inguru). Gauza bitxia; Bruselatik, Espainiako Bankutik edo enpresari elkarteetatik ez dira ohiko ahotsak altxatu gastu horien bideragarritasunaz kezkati. Momentu ona, duda barik, arma enpresetan inbertitzeko (euskaldunak ere nahikotxo daude, animo!).

Norantz, nortzuengana zuzentzen da “Gernika”-ren salaketa? Zeozertarako balio al du “Gernika” koadroak? Margoa harrera protokolarioak egiteko apaingarria baino ez da? Maisulan handia museo handi batean? Estatu eszenatoki «hunkigarria»?

Azken oharra: ez dezala irakurleak ulertu lerrook Errusiako eta Txinako elite eta botere taldeak zuritzeko idatzita daudenik. Geopolitikaren jokoan berdin-berdin aritzen baitira. Baina bakoitzari berea eman behar zaio.