GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Ikastolen ekarpena?


Ikastolen ekarpena” izenburupean, EHUko eta UEUko zenbait kidek iritzi artikulua idatzi zuten duela egun batzuk “Berria” egunkarian (2022/04/09) eta GARA egunkarian (“La aportación de las ikastolas”, 22/04/25). Idatzi horren edukiak ikastolen defentsa bilatzen zuen suposatutako argudioen bidez, baina, argudioak baino falaziak dira, gehienbat, erabili zituztenak.

Hasteko, “publiko-pribatu” dikotomia “estatua-merkatua” dikotomiarekin parekatzen dute, jabetzarekin zerikusia daukana soziologia eta politikarekin lotutakoarekin nahastuz. Geroago, “herrigintza” gehitzen diote aipatu dikotomiari, haien ezberdina dela azpimarratzeko asmoz. Hala ere, herrigintzak publikoa edota pribatua behar du izan, halabeharrez, eta ez doakoen irlan dagoen ezer.

Publiko-pribatu dikotomia jabetzarekin lotuta dago, ez betetzen duen funtzioarekin. Hortaz, zerbitzu publiko bat jabetza pribatuarena izan daiteke, kooperatibekin eta akziodunen enpresekin gertatzen den bezala. Enpresa gehienek ere zerbitzu publikoa eskaintzen dute eta horregatik ez dira publikoak edota estatalak bilakatzen. Horregatik, eta sinatzaileek uste dutenaren kontra, estatuak jabego publikoaren monopolioa badauka ere, ez da gauza bera gertatzen zerbitzu publikoekin, zeren eta haietariko asko esku pribatuetan daude.

Fernando Buesaren hitzak aipatzen dituzte («Hemendik aurrera ez dago ikastolarik, ikastetxe publiko eta pribatuak baizik») testuingururik gabe, eta bere benetako esanahia ahaztuz. Izan ere, berak ikastolen publikotasuna proposatu zuen ez ikastolekin akabatzeko, ikastola pribatuekin akabatzeko baizik. Horren harira, publikotasunaren kontra zegoen Ikastolen Konfederazioak honako leloa erabiltzen zuen bere komunikatuetan: “Denok pribatura” (“El País”, 1993ko maiatzaren 27a). Ez al da hori froga nahikoa ikastolak ere pribatuak direla garbi uzteko?

Sinatzaileek ikastolen publikotasuna defenditzen dute, baina soilik Euskal Herria independente bada, ez lehenago. Ez diote, ordea, gauza bera eskatzen haien buruari, independente ez bagara ere estatuarentzat, hots, publikoarentzat lan egiten baitute. Horrela gertatzen dira halako kasu kuriosoak non gurasoek publikoan lan egiten duten eta soldata jasotzen duten, baina umeak ikastola pribatuetara eramaten dituzten.

Aurreko sasiargudioei beste ideia gehitzen diete, beren jarrera indartzeko asmoarekin: “Espainiako eta Frantziako hezkuntza sistema zentralizatzaile eta homogeneizatzaileak” direla, eta hori gainditzeko-edo ikastolak sortu ziren. Bi argipen: ikastolak sortu ziren euskara salbatzeko, batez ere, nahiz eta egia den frankismoaren kontrako erresistentzia gune bilakatu zirela. Baina sorrera eta garapena ez dira berdinak eta, denboraren poderioz eta kasu askotan, ikastetxe publikoak gune hori bilakatu ziren (froga garbia, bestela, ikastetxe hauetan ikasleek zein irakasleek nola egin eta egiten dituzten mobilizazioak Euskal Herriaren eskubideen alde eta, aldiz, nola mobilizaziorik ez dagoen ikastoletan). Ikastolak sortu zirenean ez zegoen arlo publikoan euskara ikasteko aukerarik, baina hori guztia aldatu zen bai Euskadin, bai eta Nafarroan ere, hezkuntza eskumena bere gain hartu zutenean.

Hurrengo sasiargudioa material didaktikoak dira, eta sinatzaileentzat ikastolena besteena baino hobea da. Ahazten dute, ordea:

- Material guztiek, baita ikastolenak ere, estatuen baimena izan behar dutela.

- Materialek ez dute kontzientzia sortzen halabeharrez, zeren eta, bestela, frankismoa bizi genuen guztiok frankistak izango ginateke, ikastolak sortu zituztenak barne.

- Nafarroako material horietan Euskal Herriko mapa ez agertzeak ez du suposatzen horren ezagutza falta ikasleen aldetik, didaktikak testuliburuak eta mapak ez diren beste errekurtso asko baitu.

Eskola publikoak estatuarenak, administrazioarenak, autonomismoarenak direla diote, eta arrazoi osoz, baina hori bera gertatzen da ikastolek jasotzen duten dirulaguntzarekin. Zer independentzia handiagorik, estatuaren, administrazioaren, autonomien dirupean ez izatea baino? Ba, animo!

Bakoitzari berea: ikastolek paper ikaragarria bete zuten euskararen alde euskara hiltzear zegoen momentuan, baina momentu hori bukatu zen arlo publikoak eginkizuna bere gain hartu zuenean. Pribatuak izaten jarraitu nahi izateak segregazioarekin bat egitea suposatu zuen, datu guztiek frogatzen duten bezala. Eta, zoritxarrez, hau da eskola publikoekin diferentziarik inportanteena, ez herrigintza, ez kalitatea, ez material didaktikoak, ez beste ezer.