17 JUL. 2022 KOLABORAZIOA Ikastolen ekarpena: ez gaitezen engaina Iñaki BERNAOLA LEJARTZA Behin batean, duela urte asko jada, garaiko irakaskuntzaren munduan predikamentu handia zuen gizon bati otu zitzaion ordura arteko eskola estatalari publiko deitzea. Harrezkero, “Eskola Publiko” deiturikoa ia axioma filosofiko-teologiko bihurtu zen, hots, ustez eskola publikoaren alde zeudenak itsu-itsuan aldarrikatzen, defendatzen eta goraipatzen hasi ziren axioma, eta horrela gaur arte. Axiomek, direnak direla, badute ezaugarri komun bat: sinistu nahi badituzu bale, eta sinistu nahi ez badituzu kale. Baina ez saiatu axiomok aztertzen, eztabaidatzen edo errefusatzen, alferrik izango da eta. Hauxe da, nire ustez, arrazoia irakaskuntza publiko eta ez-publikoaren arteko eztabaida hamarkadetan luzatu bada ere lehengo puntu berean egoteko. Baina ez gaitezen engaina: Eskuin espainolak, eta akaso ez berak soilik, irakaskuntza pribatua defendatuko du, besteak beste irakaskuntza konfesionalari eusteko. Ezker espainola, bestalde, irakaskuntza publikoaren zale amorratu agertuko zaigu, zeren eta jakinik Estatuari dagokiola soilik “eskola publiko” delakoaren titulartasunaren jabegoa, konforme daude zeharo esklusibitate horrekin, Estatuaren markoak, beste gabe, egokiro islatzen baitu naziotasunari buruzko euren ikuspegia. Ez gaitezen engaina: Euskal Herrian, beste ezaugarri askoren artean, hiritarrok elkartzeko eta erakunde propioak osatzeko tradizioa izan dugu, eta baita geuk sorturiko erakundeetan konfiantza handia izateko joera ere. Ez soilik ekimen ugariko herria garelako: baita ere euskal biztanle askok, estatala eta ez-estatala dikotomiaren aurrean, pentsatzen dugulako estatuak, bai espainola, bai frantsesa, nekez kontsidera daitezkeela euskal gizarte osoaren ordezkari edota ongizate komunaren sustatzaile. Ez gaitezen engaina: Egia bada ere ikastolak egoera linguistiko gatazkatsu eta zapaltzaile bati aurre egiteko sortu zirela, gatazka hori bukatzea urrun dago oraindik. Urrun dago Baskongadetako autonomia erkidegoan, eta are urrunago, Nafarroan eta Iparraldean. Era batean zein bestean, geure ekimenak, geuk sorturiko orok, beharrezko izaten segitzen du, halabeharrez. Ez gaitezen engaina: Euskal nazioaren ikuspegia dugunok ezin konforma gaitezke estatu-marko batean edo bestean proposatzen edota inposatzen digutenarekin. Eta marko propioa eraikitzen gauza txikiekin hasten da maiz; esate baterako, euskal nazio ikuspegia islatzen duten testuliburu eta material didaktikoarekin. Izan ere, ederki asko dakigu euskal nazioaren ikuspegia ez digutela musu-truk oparituko estatu-marko bateko edo besteko defendatzaile sutsuek. Ez gaitezen engaina: axioma filosofiko-teologiko oro nahasmendurako amu baino ez da izango, ez badira aldi berean kontuan hartzen gizartearen baitan dauden kontraesanak, interes kontrajarriak, ikuspegi desberdinak, gatazkak eta borrokak. Lehenengo eta behin, argi izan behar dugu zer garen, nondik gatozen, zer komeni zaigun eta nora abiatu nahi dugun. Eta gero gerokoak. Bi filosofok idatzi dute azkenaldi honetan gai honi buruz. Sentitzen dut esatea ez dudala asmorik bataren zein bestearen argudioetan sartzeko; besteak beste, bat baino gehiago gustu ez onekoa iruditu zaidalako. Nolanahi ere, aholkutxo bat emango diot azken artikulugileari: Bilbotik Gasteizera abiatu behar izatekotan, ez erabili zure autoa, pribatua da eta. Ez eta lineako autobusa ere, estatala ez denez hori ere pribatua baita. Joan zaitez oinez.