Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Frantziarrek arrakasta lortu dute Ekialdeko Pumari Chhish mendian

Ekainaren 25etik 29ra, Christophe Ogier, Victor Saucede eta Jerome Sullivanek seimilakoaren lehen igoera erdietsi zuten «The Crystal Ship» bidea sortu ondoren.

«Espedizioaren hasieran oso eguraldi txarra izan genuen, eta gure xedea bertan behera uzteko zorian izan ginen; izan ere, elur asko egin zuen. Egoera aldatu egin zen, eta hamar eguneko leiho on bat aprobetxatu genuen esku artean genuen helburua sinatzeko. Eskalatu dugun pareta oso ona da, eta, finean, abentura ederra igaro dugu».

Laburpen txiki hori GARAri egin diona Jerome Sullivan da; hots, Christophe Ogier eta Victor Saucederekin batera Ekialdeko Pumari Chhish mendiaren (6.850 m, Karakorum) lehen igoeran parte hartu zuen alpinista. Hiru frantziar, beraz, seimilako horretan arrakasta izan dutenak. Hirurak ala hirurak oso zailduak dira, eta Pakistango mendi horretan erakutsi duten gaitasuna azpimarratzeko modukoa da.

Ekialdeko Pumari Chhish mendia hegoaldeko aurpegitik igo dute; hain zuzen ere, bide zuzen eta tekniko batetik. “The Crystal Ship” deitu diote. 1.600 metro luze da, eta honako zailtasunak ditu: M7, 6b eta A2. Jarduera hori joan den ekainean egin zuten: 25etik 29ra. Sullivanek berak aurreratu digu seimilako hori Hispar izeneko glaziarraren aurrean dagoela: «7.000 metrotik gorako mendi asko inguruan ditu. Hegoaldeko murruak granitozko hiru zutoin tente ditu, eta elurrezko perretxiko erraldoiz inguratua dago gailurra. Horma horrek hainbat eta hainbat ekinaldi jaso ditu, baina talde guztiak etxera esku hutsik itzuli ziren. Batzuek ez zuten eguraldiarekin zorterik izan; beste batzuk, berriz, hain nahasia den hormatzar horretan ez ziren gai izan bide egoki bat bilatzeko».

Sullivan izan zen Ekialdeko Pumari Chhish mendira joateko motorrak “berotu” zituena. Eta hori diogu espedizio hori egiteko American Alpine Club erakundeak 10.000 dolar eman zizkiolako helburu horretara joateko. Frantziarra pozik zegoen jasotako berriarekin, baina Patagonian bertan zendutako lagun baten, Korra Pesceren, heriotzak erabat ilundu zuen berri hori.

Denborak osatzen omen ditu zauri guztiak, eta, lau hilabete geroago, hiruko frantziar horrek Islamabaden lur hartu zuen. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Iaz, adibidez, K13 mendian kalitate handiko eskalada egin zuten. Oso gogotsu eta motibatuta zeuden Ekialdeko Pumari Chhish mendian lan dotorea egiteko. Baina bazekiten horma gogor eta handi horrek ez ziela erraztasunik emango. 2009. urtean, adibidez, Eamonn Walsh, Ian Welsted eta Raphael Slawinski kanadar indartsuak saiatu ziren. Mathieu Maynadier eta Tom Livingstone gertu ibili ziren iaz eginiko eskaladan. Ekialdeko ertzetik igo ziren, baina, tontorretik 100 metrora, atzera egin zuten.

Ogier, Saucede eta Sullivanek, aldiz, bestelako egoera bizi izan dute, eta, arestian aipatu dugunez, bide tente eta tekniko batetik, igo gabe zegoen gailur hori poltsikoratu dute: «Mont Blanc-eko hegoaldeko aurpegiaren antz handia du. Ingurumari hartan oraindik hainbat eta hainbat seimilako ukitu gabe daude. Argi genuen Ekialdeko Pumari Chhish izango zela gure erronka. Ez genuen txiripaz aukeratu; ez, horma horretan egon zen gure kide Mathieuk eskainitako informazioa erabakigarria izan zen. Nahiz eta informazio horrek asko lagundu zigun, onartu behar dut murruaren oinarrian ginela gauza ezberdin batzuk aurkitu genituela. Adibidez, arriskutsua ez zen bide egoki bat bilatu behar genuen inguruan zeuden elurrezko perretxiko handiak saihesteko. Gure kideak ere abisatu zigun hango klima nahiko nahasia dela».

Aldaketa iritsi zen.

Maynadierren iragarpenak bete ziren, eta ia hilabete batez kanpaleku nagusitik irten gabe egin zuten botatako elurteengatik. Girora egokitzen saiatu ziren, baina, Sullivanek aitortu digunez, ezer gutxi egiteko aukera izan zuten: «Azkenean, Karl Gabl meteorologoaren berriak jaso genituen. Eta adierazi zigun leiho on bat iritsiko zitzaigula. Berri on horiek heldu bitartean, makina bat ordu igaro genituen argazkiak aztertzen eta balizko marra egokienen inguruan eztabaidatzen. Agerikoenak ez ziren batere atseginak; izan ere, elur perretxikoak puskatu eta ‘zabor’ asko erortzen zen. Egoera hori saihestu ahal izateko, argi eta garbi genuena zen bide tente bat aukeratu behar genuela. Horrez gain, tenperaturak gora egin aurretik lehen aldatsak gauez eskalatzea zen seguruena».

Ia mendilerro guztietan bezala, Karakorumen ere klima aldaketak protagonismoa hartu du. Azken urteotan, eguraldi onarekin tenperatura oso altuak dituzte. Eta hori, adibidez, iaz K2 edo Chogori mendian ikusi zen. Hirukote frantziarra ez zegoen oso baikor; izan ere, hilabete batez eginiko elurrak mendia oso baldintza eskasetan utzi zuen: «Bederen, eguraldi ona heldu zen, eta ekainaren 25ean, goizeko 2etan, igoerari ekin genion. Lehen sekzioak oso pikoak ziren, eta, denera, hiru bibak egin genituen ertzarekin lotu baino lehen: horietako bi oso deserosoak ziren, eta bestea ikusgarria perretxiko batean antolatua. Eskalatu genuen zutoina zailtasunean oso iraunkorra izan zen. Mistoko 20 luze gainditzeaz gain, tarte batzuk artifizialean eskalatu genituen. Ertz horretara heltzea ez zen batere samurra izan; azken luzeek asko eskatu ziguten. Katu-oinak jarri, eta 6b mailako hiru luze eskalatu genituen. Arroka nahiko tentea zen, eta metro batzuek erorikoa zuten. Sekzio hori atzean utzi eta gure azken bibaka prestatu genuen. Biharamunean, ertza jarraitu (250 metro) eta gailurra zapaldu genuen. Goizeko hamarrak ziren. Ez lainorik, ez haizerik… egoera perfektua zen».

Jaitsiera bide beretik egin zuten. Azken bibakera heldu eta bero izugarriarekin atsedena hartu zuten. Tenperatura horiek kontuan hartuta, talde frantziar horrek erabaki zuen jaitsiera gauez egitea. Makina bat rappel egin eta gero, kanpaleku nagusira heldu eta denbora galdu gabe Islamabadera itzuli ziren hegazkina hartzera.

Ekialdeko Pumari Chhish mendira egin duten espedizioaren inguruan Sullivanek azken hausnarketa hau egin digu: «Igotzen ari ginen bitartean makina bat zalantza sortu ziren. Batzuetan kale itsu batean sartuko ginela iruditu zitzaigun; izan ere, sekzio egokiena bilatzeak denbora asko eskatu zigun. Elurrezko perretxikoen arriskuaren itzala ezin genuen gainetik kendu. Hala eta guztiz ere, den-dena ondo atera zitzaigun, eta tontorra erdiestea gauza handia izan zen. Bide berriari ‘The Crystal Ship’ deitu diogu, batez ere eskalatu dugun zutoinak geure ametsak jaso dituelako. Gainera, hiruroi ala hiruroi asko gustatzen zaigun abesti baten izena da».