GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Itzelezko txapelketa Jeffreys Bayn eta Adur Amatriain txapeldun Galizian

Adur Amatriain izan zen txapeldun Galizian egin zen Europako txapelketan. Bestalde, Tatiana Weston-Webb eta Ethan Ewing izan ziren txapeldunak Jeffreys Bayn, CT itzuliko bederatzigarren proban. Toledok eta Moorek jarraitzen dute CT rankingean buru.

J-Bayko eskuin olatua bere onenean izan zen txapelketak iraun zuen artean. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Bi txapelketa garrantzitsu izan dira egunotan: bata Hegoafrikan eta bestea Galizian. Lehena, lehen mailakoa, Jeffreys Bayn egin zen, munduko urautsi hoberenetako batean. Bigarrena, Galiziako Pantin hondartza famatuan egin zena, Europako Txapelketa zen eta Adur Amatriain zarauztarrak irabazi zuen mutilen kategorian.

Hortaz, WSL erakundeak antolatzen dituen zirkuitu desberdinetako bi txapelketa izan ziren. Lehen mailakoa hizki larriz izan zen “lehen mailakoa”, itzelezko olatuak eta sekulako maila izan baitzen J-Bayn. Europa mailakoan, ostera, olatuak oso txikiak izan ziren, baina txapelketa garrantzitsua zen lehen mailara igotzeko lehiatzen diren surflarientzat.

Pantin clasic

Adur Amatriain zarauztarrak irabazi zuen ABANCA Pantin Clasic Galicia txapelketa. Bigarren postuan ere gipuzkoar bat geratu zen: Kai Odriozola donostiarra. Gauzak horrela, bi surflariak Europako rankingeko buruan dira une honetan.

Nesken kategorian, ostera, Teresa Bonvalot portugaldarrak irabazi zuen txapela, Ays Barton ingelesa garaitu ostean. Euskal ordezkaritzari dagokionez, Pauline Adok eta Janire Gonzalez-Etxabarrik eskuratu zituzten emaitza hoberenak nesken kategorian, final-laurdenetara iritsita. Europako QS zirkuituko rankingean sasoi amaierarako postu on bat lortzea garrantzitsua da, lehen postuetan diren lehiakideek (lehen 10 mutil eta lehen 8 neska) Challenger Series itzulian parte hartzeko plaza eskuratzen baitute.

Jeffreys Bay bikain

Itzelezko olatuak munduko eskuin olatu hoberenetako batean, munduko surflariak lehian eta ezusteko emaitzak. Ezin zaio gehiago eskatu munduko surf txapelketa bati. Jeffreys Bayko txapelketa beste behin ere bikaina izan zen. Lehiakideek olatuekin gozatu ahal izan zuten eta beren onena eman zuten erronda bakoitza pasatzeko; ordea, bakar bat izaten da garaile eta aurtengoan Tatiana Weston-Webb brasildarra eta Ethan Ewing australiarra gailendu ziren.

Nesken kategorian inoiz Jeffreys Bayn txapela irabazi duen lehen ezker surflaria bilakatu da Tatiana, eta Ethanek, ostera, bere karrerako lehen garaipena lortu zuen lehen mailako txapelketa batean.

Finaletan olatuen tamainak apur bat behera egin zuen, jada ez ziren bezperan izan ziren hiru metrotik gorako olatu indartsuak, baina bi metroko olatu garbi eta luzeak ziren, edozein surflarik amets egiteko modukoak, eta lehiakideek ere gozatu zuten. Ez zen tuborik izan finaletan, baina sekulako surf ederra erakutsi zuten lehiakideek, olatuaren hasieratik amaiera arte bira bortitz eta garbiekin marrazten zuten olatua surflariek.

Tatiana Weston-Webbek finalera iristea lortu zuen rankingean buru den Carissa Moore kaleratu ostean. Egiari zor, hawaiiarrak egin zuen akats bategatik lortu zuen brasildarrak azken txandara iristea. Izan ere, Moorek lehentasun arauen hauste bat egin zuen finalerdietan; hasiberrien akatsa, baina beteranoei ere gertatzen zaizkie halakoak.

Nesken txapelketako txanda ikusgarriena ez zen finalekoa izan, finalerdietan izan ziren Stephanie Gilmore eta Tyler Wrighten artekoa baizik. Sekulako maila erakutsi zuten bi beteranoek, txanda gogoangarria izan zen, baina azkenean Wright nagusitu zen.

Finalean ez zen hain indartsu ibili Wright, eta aldiz, Weston-Webbek bizkarkako bira oso indartsuak egin zituen. Txapelketan egin zuen txanda hoberena finalean egin zuen brasildarrak eta horrela lortu zuen txapela Hegoafrikako eskuin olatu mitikoan.

Mutilen kategorian bi lagun izan ziren buruz buru finalean: Jack Robinson eta Ethan Ewing australiarrak. Biek antzeko surf egiteko modua dute, bira indartsuak eta olatuan joateko estilo oso garbia dute, eskola berekoak dira, baina Robinsonek esperientzia gehiago du lehen mailako zirkuituan. Aurtengo denboraldian finalera iristen zen hirugarren aldia zen, jada bi garaipen eskuratuak zituen J-Bayko finala aitzin.

Ewing lehen mailako txapelketa batean finalera iristen zen lehen aldia zen, ostera, eta bere karrerako lehen garaipena lortu zuen CT zirkuituko txapelketa batean. Nesken zein mutilen CT zirkuituko bederatzigarren txapelketa izan zen pasa den uztailaren 15ean Hegoafrikan egin zutena; beraz, bi txapelketa bakarrik falta dira aurtengo denboraldia amaitzeko. Abuztuan Tahitin egingo dena eta irailean Trestlesen (AEB) egingo den Final Handia, non aurtengo txapeldunak izendatzeko kategoria bakoitzeko lehen bost sailkatuak bakarrik lehiatuko diren.

Egun Filipe Toledo brasildarrak eta Carissa Moore hawaiiarrak jarraitzen dute rankingeko buruan. Bigarren postuan ere ez da aldaketarik izan: Jack Robinson australiarra da bigarren mutiletan eta Joahne Defay tahitiarra neskenean.