GARA
BILBO
SASKIBALOIA

Bilbora bueltan da Emir Sulejmanovic bosniarra

Sulejmanovic, Teneriferekin.
Sulejmanovic, Teneriferekin. (D. GRAU ACB PHOTO)

Azken bi denboraldiak Lenovo Tenerifen eman ostean, Bilbora bueltan da Emir Sulejmanovic hegal-pibot bosniarra, datorren denboraldia Bilbao Basketen jokatuko baitu. Talde bilbotarrak jakitera eman duenez, urtebeterako akordioa sinatu dute bi aldeek.

Azken denboraldian, Miribillan bertan, Basketball Champions Leaguen txapeldun izan zen Sulejmanovic. 27 urte eta 2,06 metroko jokalariak 4,1 puntu egin eta 3,1 errebote jaso zituen Txus Vidorretaren esanetara talde kanariarrean. Bosniako selekzioarekin, beltzezko gizonen jokalari berriak partidako 8,7 puntuko eta 5,5 erreboteko batezbestekoak izan ditu 2023ko Munduko Txapelketarako sailkapen fasean, 13ko balorazioa lortzeko.

ZALEEKIN KONEXIOA

Rafa Pueyo Bilbao Basketeko kirol zuzendariaren hitzetan, Sulejmanovic «publikoarekin konektatzen duen eta oroitzapen ona utzi zuen jokalaria da. Erreboteetan puntako jokalaria da Ligan. Energia askorekin jokatzen du eta indar handia jartzen du jokaldi bakoitzean. Gainera, oso eraginkorra da uztaitik hurbil eta azken denboraldietan asko hobetu du kanpoko jaurtiketa. Seguru nago zaleek pozez hartu dutela bere itzulera».

Sulejmanovicekin 11 dira jada Jaume Ponsarnauk dituen jokalariak, Rabaseda, Michale Kyser, Nikola Radicevic, Francis Alonso eta Ignacio Rosa fitxatu baititu Bilbao Basketek.