GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskoziak galdeketa antolatzeko eskumena, Gorenera bidean


Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak, atzo jakinarazi zuenez, urrian bista bat egingo du Edinburgoko Parlamentuak, Londresen baimenik gabe, Eskoziaren independentziari buruzko erreferendum bat deitzeko legeak egin ditzakeen erabakitzeko.

Auzitegiak urriaren 11n eta 12an entzungo ditu Holyrood-ek, Dorothy Bain prokuradore nagusiaren bitartez, Gobernu britainiarraren oniritzirik gabe independentziari buruzko kontsulta baten legezkotasuna ezartzeko aurkeztu dituen argudioak.

Londresen ezezkoa

Eskoziako Alderdi Nazionalistaren (SNP) buru eta ministro nagusi Nicola Sturgeonek Eskoziako Aktaren 30. Aginduaren (1998) baldintzak negoziatzeko eskatu zion duela gutxi Gobernu britainiarrari. Agindu horrek Westminsterreko Parlamentuak Edinburgokoari galdeketa egiteko boterea aldi baterako transferitzen dio, 2014an egin bezala.

Hala ere, Boris Johnsonek dagoeneko jakinarazi dio Sturgeoni ez duela transferentzia onartuko.

Sturgeonek independentziari buruzko beste erreferendum bat egiteko plan baten berri eman zuen, eta 2023ko urriaren 19ko data proposatu du kontsulta horretarako. Horren arabera, erreferenduma behartzeko bide judizialak eta hauteskundeetakoak aztertzen ari dira, espero zen bezala, Londresek baimena ukatu ostean.

Auzitegi Gorenak Holyroodek beste erreferendum bat deitzeko legeak egiteko eskubiderik ez duela erabakitzen badu, Sturgeonek Erresuma Batuko hurrengo hauteskunde orokorrak (2024) erreferendum gisa baliatzeko asmoa du.