GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ikuspegi kolektiboa lehortean eta ondoren


Arabako Elgea mendilerroko urez hornitzen diren bi udalerrik eta hamabi kontzejuk, Bizkaiko Busturialdeko hamasei udalerrik eta Nafarroako hainbat udalerrik uraren erabilerari murrizketak ezartzea erabaki dute. Era berean, herri horietako agintariek ura aurrezteko hainbat gomendio eman dizkiete bizilagunei. Nafarroan ere nabari da ur defizita: urtegi nagusiak azken hamar urteetako batez bestekoaren azpitik daude, eta dagoeneko ur falta nekazaritzako laboreei eragiten ari zaie. Nafarroako Landa Inguruneko Departamentuaren azken txostenek laboreen hazkunde mugatua eta errendimendu oso desberdinak egiaztatu dituzte.

Murrizketekin eta gomendioekin batera, herritarrei erantzukizuna eta elkartasuna eskatu zaie kasu guztietan. Argi dago banakako jarduerek uraren defizita gainditzen lagun dezaketela edo, aitzitik, larriagotu egin dezaketela. Baina testuinguru honetan, agian, hausnartzeko unea da, nola aurre egiten dien gizarteak arazo sozial gehienei. Eztabaida askoren abiapuntua norberaren desira eta askatasun pertsonala izaten dira, eta ez da pertsona bakoitzaren borondatea oztopatzea onartzen. Hala ere, oinarrizko hornidurei eragiten zaienean, hala nola urari edo energiari, orduan, salbuespenik gabe, indibidualismo metodologiko inozo hori alde batera uzten da eta kolektibitatearekiko erantzukizunari eta komunitatearekiko elkartasunari dei egiten zaio. Agian, lehortea ez da prezipitazio faltaren arazoa bakarrik, ura jendearen desira indibidualak asetzeko erabili behar den baliabide ia infinitua dela pentsatzean oinarritutako portaera sozial eta politikoaren errua ere bada. Mentalitate hori aldatzen ez den bitartean, lehortea aldizkako arazoa izango da, gero eta ohikoagoa, krisi klimatikoak ekartzen dituen bero-boladen ondorioz.

Jendeak ekaineko suteei aurre egiteko modu altruistan erantzun zuen bezala, oraingo honetan ere erantzukizunaren eta elkartasunaren aldeko deiei erantzungo die, urik eza larriagotu ez dadin. Larrialdia pasatzen denean ikuspegi kolektibo hori ez ahaztea izango da garrantzitsuena. Hor komunitateak jokatzen du bere etorkizuna.