GARA
ROMA

Italiara 1.500 migratzaile baino gehiago iritsi dira azken orduetan

Kostazainen eta «Sea Wacht 3» eta «Ocean Viking» ontzien erreskateen ondoren, 1.500 pertsona baino gehiago iritsi dira Italiara. Lampedusako harrera zentroa gainezka dago: 1.300 pertsona daude bertan, baimendutako gehieneko kopurua baino hiru aldiz gehiago.

Migratzailez betetako ontzi bat, Mediterraneoan.
Migratzailez betetako ontzi bat, Mediterraneoan. (Nora BORDING | AFP)

Italiako kostaldera 1.500 pertsona baino gehiago iritsi ziren atzo eta herenegun artean. Gainera, segurtasun indarrek bost gorpu aurkitu zituzten merkataritza-ontzi batean, eta “Sea Wacht 3” eta “Ocean Viking” ontziek 500 naufrago erreskatatu zituzten Mediterraneo erdialdean.

Calabriatik 200 kilometrotara, arrantza-ontzi batean zihoazen 674 pertsona erreskatatu zituzten larunbatean merkataritza-ontzi batek, kostazainen hiru patruila-ontzik eta Guardia di Finanzako unitate batek. Ontzian bost gorpu ere aurkitu zituzten. Erreskatatutako asko uretan zeuden jada laguntza iristean, eta kostako guardiako ontzi batean eraman zituzten Calabriako eta Siziliako portuetara. Aurretik, kostazainek nabigazio-baldintza oso eskaseko ontzietatik hainbat migratzaile erreskatatu zituzten. Operazioan Cataniako aire-baseko helikoptero batek ere esku hartu behar izan zuen egoera larrian zen emakume bat ebakuatzeko.

Bestalde, 900 migratzaile, afganiarrak, pakistandarrak, sudandarrak, etiopiarrak, somaliarrak, nigeriarrak, senegaldarrak eta eritrearrak gehienak, Lampedusan lehorreratu ziren larunbatean. Ondorioz, bertako harrera zentroa gainezka dago berriro; 350 lagunentzako edukiera du eta 1.300 pertsona baino gehiago daude bertan uneotan. Duela astebete eskas, Itsas Armadako ontzi bat bidali behar izan zuten bertara, 600 migratzaile inguru beste hiri batzuetara eramateko. Zabor pilaketa ere arazo handia bihurtu da Lampedusan. Afrikatik gertuen dagoen uharte txikira txalupak etengabe iristen dira, batzuetan kostako guardiek geldiarazi ondoren.

«Sea Watch 3» eta «Ocean Viking»

Larunbatean egindako lau operaziotan 428 pertsona erreskatatu zituen “Sea Watch 3” laguntza humanitarioko ontziak. «Europar Batasunak nahiago luke migranteok Libiara legez kanpo eraman edo hiltzean uztea. Heriotzak eta giza eskubideen urraketak onartzen dira Europaren sendotasuna zigilatzeko. Bota ditzagun behingoz hormok», nabarmendu zuen gobernuz kanpoko erakunde alemaniarrak. Sos Mediterranee erakundearen “Ocean Viking” ontzia ere salbamendu lanetan aritu zen atzo. Libiatik irtendako gainkargatutako txalupa bateko 87 lagun erreskatatu zituzten nazioarteko uretan, tartean 57 adingabe.