GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Puerto Rico askatzeko, autodeterminazioa bide


Puerto Ricok bere geroa erabakitzeko plebiszitua antolatzeko ekimena -AEBetako Kongresuaren bermearekin- martxan da. Prozesua bururaino eramaten bada, orain artean AEBetan libreki elkartutako estatua izandakoa estatu burujabe eta independente edo 51. estatu federal bilakatzearen aukeren artean erabaki beharko dute. Ikuskizun dago ekimena lege bilakatuko den edo historian antzekoak izan diren beste ekimen batzuen patu bera izango duen. Izan ere, ez dago argi ekimenak Senatuaren baiezkoa jasoko duen ala ez. Eta arriskua dago, aurreko ahaleginekin gertatu bezala, itxaropen handiak sortu, legerik ez egin eta AEBen eta Puerto Ricoren arteko harremanetan ohikoak izan diren frustrazioen zerrenda luzera batzekoa. Argitasuna falta zen orduan eta argitasuna falta da orain. Galderak sortzen dituen galdera eraman nahi delako hautetsontzietara: gaztelaniak eskoletan eta epaitegietan hizkuntza ofiziala izaten jarraituko du? Zer gertatuko da Puerto Ricoko talde olinpiko nazionalarekin? Nolakoa izango da independentzia? AEBetako hiritartasunari eutsiko diote? Puerto Rico peoi gisara, sakrifikatu ahal den arkume legez ikusten dutenentzat, detaile ñimiñoak dira galderok, okurrentzia bat. Baina ez.

Puertorricarrek AEBetako pasaportea daukate, baina ez dauzkate estatubatuarren eskubide berak. Gaur egungo estatusa falazia bat da, sostenga ezin daitekeen anakronismo koloniala. Badira Washingtongo Kongresuaren ahalegina antzerki hutsa dela pentsatzen dutenak. Beste batzuentzat, aldiz, zintzo ari direlakoan, oso kontuan hartu beharreko aukera da. Botila erdi betearen kontua gorabehera, arrazoiak edozein izanda ere, denek aitortzen dute, alde batekoek zein bestekoek, gaur egungo estatusak topea jo eta ez duela gehiagorako ematen, Puerto Rico kontzientzian eta geroa bere gain hartzeko borondatean hazi eta handi egin delako.

Bigarren mailako hiritar tratua ez izatea, historikoki baztertuak izan diren komunitateen ahotsa aintzat hartzea, autodeterminazioak bakarrik bermatzen du. Puertorricarren berdintasun eta duintasunean sinesteak autodeterminazioaren eskubidea laguntzea eskatzen du. Nahitaez.