GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Donostiarrak eta Oriok badakite arantzak bikain kentzen

Euskadiko Txapelketan hirugarren eta bigarren izan ostean, sendo atera dira bi ontziak. Lehenengoek 1.70 segundogatik puntu bat murriztu diote Hondarribiari Ligan eta mirotzek bosgarren garaipena lortu dute, Arraun Lagunaki bi segundo ateraz.

Orioko arraunlariak, arraunak gora, Getxoko Euskotren Ligako garaipena ospatzen. (Marisol RAMIREZ FOKU)

Joan den astelehenean jokatutako Euskadiko Txapelketa inflexio-puntua izan zitekeen Eusko Label eta Euskotren Ligetako ontzientzat. Gizonezkoetan, Urdaibaik irabazi zuen, Ligan oso sendo dabiltzan Donostiarra hirugarren eta Hondarribia seigarren utzita. Emakumezkoetan, aldiz, Arraun Lagunakek sekulako erakustaldiarekin irabazi zuen, Orio bigarren postuan utzita. Donostiarrak eta Oriok, hala ere, garaipenak lortu zituzten atzo Getxoko uretan: lehenengoek, “Ama Guadalupekoa” ontziaren itzala jarraituz sailkapen nagusian, eta mirotzek, lidergoa sendotuz, segidan bosgarren garaipena eskuratuta.

Ligako behealdean, Ondarroak azken postutik alde egin zuen, Lekittarraren eta Aresen artean kokatu baitzen atzoko estropadaren ondoren, eta Euskotren Ligan, Tolosaldeak bigarren aldiz lortu zuen aurten hirugarren postua.

DONOSTIARRA, PILAK KARGATUTA.

Aurreko bi txandetako joera mantendu zen honetan. Hau da, hirugarren kaletik abiatu zen traineruak aurrea hartu zuen segituan. Hori Donostiarra izan zen. Kontrako aldean, berriz, lehen kaletik abiatutako Urdaibaik bost segundo galdu zituen lehen ziabogan. Aurrean, Donostiarrak eta Hondarribiak denbora bera egin zuten lehen biraketan eta aurreko txandako Kaikurenak hiru segundogatik hobetu.

Bigarren maniobran hasi zen estropada apurtzen. “Torrekua II.a” ontziak hiru segundo atera zizkion Ioseba Amunarrizen gidaritzapean zetorren Hondarribiari, bost atzetik aurrera egin zuen Urdaibairi eta zortzi, Oriori. Hala ere, azken maniobran eta luzean, emozioa azken unera arte mantendu zen. Berdeek ondo estutu zituzten hortzak eta “Torrekua II.a”k 1.70 segundogatik besterik ez zuen irabazi.

KAIKU, CABOREN DENBORAREKIN SUFRITUZ.

Txanda honetako lau traineruek aurrekoen ur korrontea gehiago sufritu zuten, gehienbat etorrerako luzeetan. Txanda hasi bezain laster, Aitor Lazkano patroiak Zierbena laugarren kaletik hirugarrenera eraman zuen, Kaiku zegoen kalera alegia, hiru segundo galduz.

Lehen biraketan, Santurtziko Iñigo Pelayok ezustea eman zuen, arraunak ihes egin baitzion eskuetatik eta, berriz ere hartu behar zuenean, aurrean zuen Mikel Pedrosa taldekideari buruan kolpetxo bat eman baitzion. Kaikuk azken unera arte sufritu behar izan zuen galiziarren marka hobetzeko. Cabok Kaikuren atzetik amaitu zuen eta Getariak azken unean Zierbena gainditu zuen, denbora gehiago behar izan zuen eta.

CABO, HIRUGARREN LUZEAN TXIKIZIOA.

Cabo eta Ondarroaren arteko lehia polita izan zen, baina Galiziako txapeldun izandako traineruak burua hartu eta hirugarren luzean txikizioa egin zuen, momentu horretan 11 segundo ateraz “Antiguako Ama” ontziari eta txanda irabaziz. Azkenean segundo bateko aldea besterik ez zen izan Ondarroa, Lekittarra eta Aresen artean.

EUSKOTREN LIGA: ORIOK SENDO JARRAITZEN DU.

Oriok eta Arraun Lagunaken arteko borroka sendoan beste protagonista bat agertu zen atzo: haizea. Ufada gutxi batzuk espero ziren arren, estropada unean 15-20 kilometroko haizea zebilen, jarraian. Egoera horretan, hasieratik nabarmendu ziren biak, segituan traineru bateko aldea ateraz Tolosaldea eta Donostiarrari.

Lehen ziabogan, Arraun Lagunakek eta Oriok denbora bera markatu zuten eta maniobra egiterakoan, Oriok segundo bat irabazi zuen. Sendo jarraitu zuten azken luze horretan eta bi segundoko aldea atera zioten sailkapen nagusiko bigarrenari.