GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPEAK

Mont Blanc mendiguneko «skyline» ederra nota bikainarekin sinatu berri da

Fred Degoulet eta Benjamin Ribeyre frantziarrak Mer de Glace-ko Ultra Zeharkaldia (UTMG) lehen aldiz biribiltzeko gai izan dira. Bederatzi eguneko lan eskerga izan da.


Etxetik ez dira mugitu. Eta beraien “lantokietatik” oso hurbil ibili dira. Bai, Mont Blanc mendigunea geltoki berezia izan dute, eta mendi horien erdigunean goi mailako jarduera egin berri dute. Fred Degoulet eta Benjamin Ribeyre dira protagonistak; hain zuzen ere, Mer de Glace-ko Ultra Zeharkaldiaren (UTGM) erronka sinatu dutenak. Bidaia berezia izan da, eta, gainera, plus bat izan du: skyline hori egiten lehenak izan dira.

Mendigune ezagun horretako ertzak lotu dituzte; hots, garaiera handienean dauden sekzio horiek. Izotza, mistoa, arroka… alpinismo purua. Bederatzi eguneko joan-etorria. Lehen urratsak uztailaren 8an egin zituzten Chamonixetik bertatik. Haranean sartu eta Aiguille Verte eta Aiguilles de Chamonix-eko ertzak lotu zituzten. 3.000 eta 4.000 metro arteko garaieran. Eta uztailaren 16an, berriro haranean ziren. Degouletek berak honako hitz hauek izan zituen lortu duten arrakastaren inguruan: «Apartekoa izan da; belaunak erabat txikituta ditugu. Hori da gure lehenbiziko hausnarketa».

Aurreratu behar da xede berezi horrek asko eskatu diela frantziarrei. Eta hori diogu bigarren ekinaldian erdietsi dutelako Mer de Glace, Geant eta Leschaux-eko glaziarren goi aldean eginiko jarduera bikain hori. Denera, 50 kilometro etxetik bertatik irten gabe. Hain zuzen, Ribeyrek gai hori nabarmendu nahi izan du: «Beti oso motibatuta gaude han eta hemen eskalada alpinoak egiteko. Oso gustura irteten gara munduko mendilerro zein paretetara, baina ohartu gara etxean bertan helburu oso interesgarriak egin gabe daudela. Horregatik guztiagatik, etxean jarduteko beharra sentitu dugu. Pakistanera joateko asmoa genuen, baina pandemia garai honetan nahiago izan dugu ingurumari honetan geratu eta iaz bukatu gabe utzi genuen zeharkaldia biribildu. Gainera, Ecrins-eko mendi-gidariak izanik, biok ala biok Mont Blanc-eko mendigunea ez dugu ‘asko’ ezagutzen, eta egin dugun erronka horrekin, bederen, alderdi berriak ezagutu ditugu».

Iazko ekinaldia ez zitzaien ondo atera. Oso sasoiko zeuden, baina eguraldiak eta mendiaren baldintzek ez zieten batere lagundu. Zeharkatu behar zituzten ertzak neguko baldintzetan zeuden, eta, bost eguneko ibilaldia egin eta gero, jarduera bertan behera utzi behar izan zuten.

Baina, Degouletek arantza hori kendu nahi zuen batez ere. UTGM xedea aspalditik buruan zuen: «Zeharkaldi hori goitik behera aztertu nuenean, erabat harrapatuta geratu nintzen. Kontuan hartu behar da guk eginiko noranzkoa egin gabe zegoela. Buruari eragin eta pandemiak zeharkaldi hori egitera bultzatu ninduen. Astia dugunean, kanpora joaten gara eskalatzera, baina azken bi urteotan zaila izan da Himalaiara zein Karakorumera bidaiatzea. Azkenean, Benjaminek eta biok etxean geratzea erabaki genuen, Mer de Glace-ko ibilbide handi horretan topera saiatzeko. Iazko ekinaldia ez zen ondo amaitu; bigarrenean, berriz, arrakasta lortu dugu».

BALDINTZA LEHORRAK

Arestian aipatu dugunez, D eguna uztailaren 8a izan zen. Eta irteera puntua, leku sinboliko bat: Chamonix-eko eliza. Eguzkia lagun, alpinista frantziarrek bigarren ekinaldiari ekin zioten: «Eliza horretan hasi ginen; ikur bat da, baina onartu behar dugu ez dela oso dibertigarria. Hurrengoan, taberna batetik irtengo gara. Helburua oso soila zen: hamar eguneko jardunean leku berera itzultzea. Baina tartean, Mer de Glace-ko ertz garaienak zeharkatuta. Izaera horretako proiektu batek arrisku handiak ditu. Oso luzea denez, zenbaki gorri batzuk markatu behar dira, eta hasiera-hasieratik egun luzeak kudeatu ere. Horregatik guztiagatik, biok ala biok ados geunden egun bakoitzean gehienez hamar orduko ‘lana’ egin behar genuela».

Iazko irteeran ez bezala, aurtengoan, mendien, glaziarren zein ertzen baldintzak askoz ere ezberdinagoak izan dira. Hitz batean esanda, oso lehorrak. Horrek guztiak buruhauste bat baino gehiago eragin zizkien: «Gaua igarotzeko leku erosoen bila, denbora luzea egin genuen; batez, ere, jateko eta edateko kanpaleku horrek elurra behar zuelako. Motxila oso astunak ez eramateko, ez genuen janari asko eraman. Horregatik, aldez aurretik biltegi batzuk antolatu eta aterpetxeak bisitatu genituen».

Aiguille Carree-n lehen bibaka egin eta gero, bigarrena Droites-eko lepoan antolatu zuten. Grandes Jorasses-eko gailurra, berriz, 12an zapaldu zuten. Hots, zeharkaldiaren erdian zeuden: «Puntu horretan nekatuta geunden, belaunetan arrangurak genituen, baina haranera itzultzeko asko falta zitzaigun. Canzioko bibaka ezberdina izan zen. Egun horretan ‘soilik’ zazpi orduko lana egin genuen. Eta Torinoko aterpean igarotakoa ia ‘festa’ izan zen. Fourcheko bibakean (zazpigarren eguna) egoera deserosoa bizi izan genuen. Egun batetik bestera eroriko dela dirudi. Gu, bederen, ez gara itzuliko».

Kuffner ertza, Tacul eta Aiguille du Plan gainditu ondoren, azken eguna aurrez aurre zuten: Grepon-Charmoz zeharkaldia. Degoulet-ek onartu du azken etapa horrek kezka eragin ziela: «Azkenean, den-dena ondo atera zen, baina Grepon-Charmoz bidegurutzea ez zegoen gidan ondo adierazita. Arroka trinkoan rappel txiki asko daude, eta ez genekien bide onetik ote gindoazen. Zorte pixka batekin, haranera eramango gintuen irteera bakarra aurkitu genuen. Hamar eguneko zeharkaldia sinatu ondoren, 16an Chamonix-en geunden. Belaunak zein eskuak oso egoera txarrean genituen, baina argi genuen Chamonix-era heltzeko trena ez genuela hartuko».

Alpeetako hiriburu horretara heltzerakoan, hainbat kide zain zituzten. Arrakasta lortu zuten Ribeyre eta Degoulet xanpainarekin busti eta gero, bi protagonistok festa txiki batean murgildu ziren: «Arratsaldeko 19:30ak ziren, eta gure lagunekin lorpen hori ospatu genuen. Oso nekatuta geundenez, goiz etxeratu ginen. Argi dugu zeharkaldi horretan hartutako eskarmentua betiko geure buruetan gordeta izango dugula. Zoritxarrez, aurkako sentsazio bat dugu: mendia oso hondatuta dago. Horrekin esan nahi dugu baldintza oso lehorrak aurkitu ditugula. Horrez gain, elur gutxi eta luizi asko ikusi ditugu. Azken hamabost egunetan ISO 0º 4.000 metrora zegoen. Argi dago klima aldaketa iritsi dela».