Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

Era askeko lehen bi errepikapenak «Eternal flame» bidean

Izenik Gabeko Dorreko marra horretan 28 egun igaro ondoren, Edu Marinek luze guztiak librean igo ditu. Barbara Zangerl eta Jacopo Larcher-ek, berriz, sei egunetan luze guztiak flashean eta bistan eskalatu dituzte.

Trangoko Dorreak (Karakorum) beti izan dira erakargarriak munduko edozein alpinistarentzat edo eskalatzailerentzat. Oso estetikoak izateaz gain, kalitate handiko bideak dituzte. Eta urtero, lehen lerrokoak izan ala ez, makina bat “Trango-zale” hurbiltzen dira zirrikitu horiek probatzera. Dorre horiek era guztietako proposamenak dituzte, baina Izenik Gabeko Dorreak (6.250 m) badu bat, kalitatearengatik, historiarengatik eta estetikarengatik, aura berezia duena. “Eternal flame” da. Hots, 1989. urtean Wolfgang Guliich, Kurt Albert, Christof Stiegler eta Milan Sykorak zabaldu zutena. Laukotea saiatu zen luze guztiak era askean igotzen, baina helburu hori ezin izan zuten lortu. Librean 7b+ eta artifizialean A2, horixe zen utzitako uzta.

Talde hark eginiko lanak txalo asko jaso zituen, eta ondorengo hamarkadetan hainbat espediziok “Eternal flame” bideari puntu gorria jartzea izan zuten helburu. Denis Burdet, Nicolas Zambretti eta Toni Arbonesek 2003. urtean ekinaldi ona egin zuten. Bi urte geroago, euskal sokada baten txanda iritsi zen. Eneko eta Iker Pou anaiak gertu ibili ziren, baina “Eternal flame” erabat askatu gabe utzi zuten.

Erabateko arrakasta edo puntu gorria 2009. urtean heldu zen. Izenik Gabeko Dorrean dagoen marra horrek bisita handi bat jaso zuen: Alex eta Thoma Huber anaiena. Pareta horretan lau egun borrokatu ondoren, abuztuaren 19an, alemanek luze guztiak librean eskalatu zituzten, aldaera bat sortuz. Gogoratu behar dugu aldaera hori nahitaezkoa dela marra horretan aurrera jarraitzeko; izan ere, jatorrizko luzea oso leuna da eta era askean ezin da eskalatu. Metro berri horiei Hubertarrek 8a maila eman zioten. Beraz, sokada horrek zailtasun hori jarri zion “Eternal flame”-ri.

Alemanen puntu gorria iritsi eta Trangoko bide horrek “indarra” galduko zuela zirudien. Hori esaten dugu helburu nagusia, era askean igotzea, lortu zelako. Harrez geroztik, “Eternal flame”-k ez du bisitaririk galdu, eta 650 metro horietatik sokada asko igaro dira. Baina luze guztiak librean eskalatzeko benetako grina bakan batzuek baino ez dute izan. Beste era batera esanda: era askeko lehen errepikapenen bila gutxik jardun dute.

Iaz, adibidez, bi talde saiatu ziren. Baina biak ala biak etxera esku hutsik itzuli ziren. Alde batetik, Edu Marin katalanak bide hori “ulertzen” jardun zuen. Bestetik, Barbara Zangerl eta Jacopo Larcher-ek osatutako taldea zegoen. Joan den udaran, kanpaleku nagusian bat egin zuten, eta nork bere aldetik “Eternal flame”-n ekinaldiak egin zituen.

Azken asteotan, bi taldeok berriro elkartu dira Izenik Gabeko Dorrearen kanpaleku nagusian. Eta oraingoan, hiru eskalatzaileok protagonismo berezia izan dute, “Eternal flame”-n arrakasta izan eta gero. Hortaz, marra horren era askeko lehen errepikapena katalanaren eskutik iritsi da. Bigarrena Zangerl eta Larcher-ena izan da.

Katalana, lehena

Iaz ez bezala, Marinek senitartekoak eraman ditu aurtengo espediziora. Babesa eta laguntza berezia izan du Francisco aitaren (“Novato” ezizena du) eta Alex anaiaren aldetik. Marinek argi eta garbi zuen zer egin behar zuen “Eternal flame”-n. Iazko eskarmentuari esker, luze guztiak ezagutzen zituen, eta behin betiko ekinaldian, horman sartu eta luze guztiak askatu eta tontorra lortu arte ez zen jaitsiko.

Ekainaren amaieran, Marini leiho on bat iritsi zitzaion: «Borroka hasi da, eta Snow Ledge-raino soka finkatu dugu. Uztailaren 4rako, 5.700 metrora dagoen bibak horretara heldu ginen aita, anaia eta hirurok. Jakina, luze guztiak era askean igo nituen. Baina banekien sekzio horretatik aurrera “Eternal flame”-ren luze gogorrenak zeudela. Giltza, adibidez, 6.000 metrotik gora. 17 egun horma horretan egon eta gero, eguraldia okertu eta aita eta anaia kanpaleku nagusira jaitsi ziren. Ni, ordea, Snow Ledge-n geratu nintzen».

Nahiz eta eguraldiak ez zuen lagun, eskalatzaile katalanak motibazioari eutsi zion. Azkenean, ekainaren 24an hasitako lana biribiltzeko aukera izan zuen. Uztailaren 21ean, Izenik Gabeko Dorreko marra horren luze guztiak “amaitu” zituen: «Helburua lortzeko aukera izan dut. ‘Eternal flame’ kateatu dut! Denera, 28 egun pareta horretan igaro ditut, eta ekinaldi batean kateatu dut. Aitaren eta anaiaren laguntza eta babesa eskertu nahi ditut; izan ere, amets hau egia bihurtzeko giltza izan dira. Amaieraraino borrokatu dut, eta hirurok Izenik Gabeko Dorrearen gailurrean egotea zirraragarria izan da», adierazi zuen.

Emozioak alde batera utzita, Marinek aurreratu du “Eternal flame”-k gehienez 7c+ maila duela. Gogora dezagun Huber anaiek eginiko proposamena 8a izan zela.

BISTAN ETA FLASH-EAN

Arestian aipatu dugu katalanarekin batera Zangerl eta Larcher-ek osatutako sokada ere “Eternal flame”-rekin buru belarri zebilela. Talde horrek, Marinek ez bezala, soilik sei egun (hilaren 18tik 23ra) behar izan ditu marraren 24 luzeak era askean igotzeko. Beraz, katalanaren lekukoa hartu eta estilo horretan bigarren errepikapena erdietsi dute.

Sokada horri dagokionez, adierazi behar da, oso indartsuak izateaz gain, erabat eraginkorrak izan direla. Zangerl eta Larcher-ek bide osoan ez dute erorikorik izan. Eta hori lortzen lehenak izan dira. Horrekin esan nahi dugu, iazko ekinaldian flash-ean eskalatutako lehen bi luzeak alde batera utzita, gainerakoak bistan eta flash-ean sinatu dituztela.

Eskalatzaileok aukeratutako estrategiari dagokionez, esan behar da “swing-leads” estiloan jardun dutela; hots, luze alternatiboetan sokaburu joan dira. Hala eta guztiz ere, nabarmendu behar da lau luze zailenak (7c eta 7c+ mailen artekoak) protagonista bakoitzak sokaburu egin zituela. Hori gutxi ez, eta ziurtasunerako erabiltzen den tresneria igotzen ari ziren bitartean jarri zuten.