Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Challenger Series: Huntington Beach indarrean eta Hossegor bertan behera

Huntington Beachen dira egunotan Challenger Series itzuliko lehiakideak eta haien artean badira euskal herrritarrak ere. Artean, Hossegorren egitekoa zen CS zirkuituko seigarren txapelketa bertan behera geratu dela iragarri du WSL erakundeak.

Adur Amatriain da CS itzuliko mutilen kategorian dagoen euskaldun bakarra.
Adur Amatriain da CS itzuliko mutilen kategorian dagoen euskaldun bakarra. (worldsurgleague.com)

Hasi da Challenger Series itzuliko laugarren txapelketa Kaliforniako Huntington Beach hondartza mitikoan eta han dira lehian CS mailara igo ziren euskal surflariak ere. Bestalde, ondorioak izango dituen iragarpena egin berri du WSL erakundeak: urrian Hossegorren egitekoa zen CS itzuliko seigarren txapelketa bertan behera geratu da.

Gauzak horrela, beraz, garrantzia berezia hartu dute egun hauetan Huntingtonen egiten ari diren txapelketak zein CS itzulia amaitzeko falta diren beste hiru txapelketek; izan ere, orain artean bost emaitza onenak hartzen ziren kontuan, baina aurrerantzean lau izango dira denboraldia amaitu ostean kontuan hartuko diren emaitzak, eta dagoeneko txapelketen erdia baino gehiago egina da. Ondorioz, lehen mailara igotzeko lehian ari diren euskal surflariek aukera bat gutxiago izango dute, ongi ezagutzen duten urautsi batean lehiatzeko aukera galdu baitute, eta horrez gainera, orain artean ez dute emaitza esanguratsurik lortu CS rankingean postu on bat eskuratzeko.

HOSSEGOR EZEZTATUA.

Uztailaren 29an eman zuen aditzera WSL erakundeak urrian Hossegorren egitekoa zen Challenger Series itzuliko seigarren txapelketa ez dela egingo. Aurtengo denboraldian Frantzian egitekoa zen txapelketa garrantzitsu bakarra zen eta bertan behera geratu da. Duela gutxira arte Europan egiten zen surf txapelketa nagusia bigarren mailara jaitsi zen lehenik eta orain desagertu egin da. Kolpe gogorra da, beraz, Frantziako surf komunitatearentzat, denbora laburrean munduko txapelketa esanguratsuen zerrendan egotetik ikusezin izatera pasatu baita.

«Ez dugu lortu behar adinako babes finantzarioa», azaldu zuen Eric Loganek, WSLko zuzendariak, eta honako hau gaineratu zuen: «Frantziak garrantzitsua izaten jarraitzen du etorkizunean txapelketak antolatzeko».

Gauzak horrela, aurtengo CS zirkuitua osatzen zuten txapelketa kopurua zazpira jaitsi da eta kontuan hartuko den txapelketa kopurua, ostera, bostetik laura igaro da. Hau da, aurtengo sasoia amaitzean CS itzuliko lehiakideek lortu dituzten lau emaitza onenak hartuko dira kontuan rankinga osatzeko, eta horren ostean, mutilen rankingeko hamar lehiakide onenek eta nesken rankingeko bost lehiakide onenek eskuratuko dute datorren urtean lehen mailan aritzeko pasea.

Lehen mailara igotzeko lehian ari diren 96 mutilen artean dago Adur Amatrian zarauztarra. Nesken kategorian, ostera, 64 lehiakide dira CS itzulian eta haien artean dira Pauline Ado hendaiarra, Nadia Erostarbe zarauztarra, Garazi Sanchez getxoztarra eta Ariane Ochoa eta Leticia Canales bilbotarrak. Guztiak Huntingtonen dira egunotan.

 

TXAPELKETA ESTRATEGIKOA.

Huntingtonen hainbat modalitate eta mailatako txapelketa ugari egiten da uztailean eta abuztuan, eta dudarik gabe, jende gehien biltzen duen munduko surf txapelketa da. Surfa da modalitate nagusia, baina skateak eta BMX modalitateak ere arrakasta handia dute. Horrez gain, Huntingtonen kontzertu eta erakustaldi andana izaten da.

Duela zenbait urte lehen mailako surf txapelketak egiten ziren bertan, baina lehen mailako surf zirkuituak osatzeko olatu onak dituzten lekuak bakarrik hautatu behar zirela erabaki zenean, Huntington Beach CT zirkuitutik kanpora geratu zen. Gainera, gaur egun Junior txapelketa ere ez da egiten, eta beraz, oraindik ere txapelketa esanguratsua den arren, lehiaketa ikuspegi batetik begiratuta, jada ez da lehen bezain garrantzitsua.

Huntingtoneko txapelketak duen garrantzia estrategikoa da, oraindik ere ekonomikoki errentagarria baita. Esate baterako, Japonian eta Brasilen egiten diren txapelketak ere ez dira olatu bikainetako hondartzetan egiten, baina surfaren industrian kokapen estrategikoa dute.

Horrez gain, Huntingtoneko txapelketa denboraldiaren erdian izaten da, eta horrela, lehiakideen aukerak murrizten edo biderkatzen hasten dira txapelketa horren ostean, zirkuituak azken txanpan sartzen baitira; batez ere, CS eta longboardeko itzulietan.

Egunotan Huntingtonen egiten ari diren CS lehiaketaren ostean soilik hiru aukera izango dituzte lehiakideek datorren urtean lehen mailan plaza bat eskuratzeko: urrian Portugalen izango dira CSko lehiakideak, azaroan Brasilen, eta abenduan, Hawaiin.

Longboard kategoriari dagokionez, guztira, munduko hamar txapelketa egingo dira aurten, baina horietatik soilik hiru dira garrantzitsuak, puntu gehiago eskaintzen dituztelako. Lehena, 5.000 puntukoa, denboraldi hasieran egin zen Australian. 5.000 puntuko bigarren txapelketa egunotan egingo da Huntingtonen eta, azkena, nagusia, urrian egingo da Malibun, Kaliforniako eskuin olatu historikoan, eta 10.000 puntukoa izango da. Bertan irabazten duenak aukera anitz izango du aurtengo munduko longboard txapelduna izateko.

Kalifornia itsaski sendoak jasotzen dituen kostaldea da, baina ez dira baldintza berberak leku guztietan. Huntingtonen, adibidez, oso gutxitan izaten dira olatu ederrak eta itsaski handiak oso urriak dira. Olatu txikiak eta ahulak izaten dira; urtero olatu berberak daudela dirudi, zeren olatuen altuera eta forma behin eta berriz errepikatzen dira. Hala ere, Euskal Herrian udan izaten diren olatuen antz handia dute eta euskal surflariek maila ona erakutsi ohi dute.