JERUSALEM

Palestinarrak diskriminatzeko agintzen dietela aitortu dute Israelgo zenbait soldaduk

Zenbait militar israeldarren lekukotza anonimoen arabera, Israelgo armadak palestinarrak «kontrolatzen» eta «diskriminatzen» ditu baimen, zigor kolektibo eta lurrak kentzeko sistema baten bidez.

Soldadu eta manifestarien arteko istiluak, Israelen, okupazioaren aurkako protestetan.
Soldadu eta manifestarien arteko istiluak, Israelen, okupazioaren aurkako protestetan. (Abbas MOMANI | AFP)
GARA

Breaking The Silence Gobernuz Kanpoko Erakundeak (GKE) atzo argitaratutako zenbait soldadu israeldarren lekukotasun anonimoek egiaztatu zutenez, Israelgo indarrek, zeintzuek lurralde okupatuetako arazo zibilak kudeatzen dituzten, palestinarrak «kontrolatzen» eta «diskriminatzen» dituzte baimen, zigor kolektibo eta lurrak kentzeko sistema arbitrario baten bidez.

Lurralde Okupatuetako Gobernu-Jardueren Koordinatzaileak (COGAT) -Israelgo Defentsaren erakunde bat da- eta horren bulegoek «kontrol eta kudeaketa burokratikorako sistema bat inposatzen dute beren soldaduen bitartez; sistema hori funtsezkoa da okupazioaren makineria konplexuan», ziurtatu zuen GKEak.

Breaking The Silencek gehitu zuen, ikerketa egiteko, militar israeldarren hamarnaka testigantza «arreta handiz egiaztatu» zituela.

Elkarrizketatutako soldadu anonimoen arabera, haien zeregin nagusietako bat baimen sistema bat ezartzea da. Horren bidez, palestinarren eguneroko bizimoduko ekintzarik oinarrizkoenak baimentzeko edo galarazteko, hain zuzen ere. Baimen sistema horrekin, jabetza pribatuko lurrak, salgaien inportazioak zein esportazioak (elikagaiak barne), baliabide naturalenganako sarbidea, azpiegitura zibilen eraikuntzak eta lurralde okupatuetan askatasunez mugitzea kontrolatzen dituzte, besteak beste.

Testigantza batek zioenez, familia palestinar bati egunero haren etxean sartzeko baimena eskatzera behartzeko «zentzugabekeriara» ere iritsi ziren, etxebizitza Zisjordania okupatua banatzen duen harresiaren alde israeldarrean gelditu baitzen. Potentzia okupatzailea den aldetik, eskubide eta zerbitzu publikoak eskaintzea Israelen eginbeharra da, baina baimenen erregimena tarteko, «oinarrizko eskubideak subiranoari eskatu beharreko pribilegio bihurtzen dira, eta subiranoak nahierara ematen ditu edo ez», adierazi zuen GKEak. Ildo beretik, baimenen erregimena «palestinarren alderdi pertsonalak, kolektiboak, ekonomikoak eta politikoak kontrolatzeko tresna» dela salatu zuen.

Baimenen ukapena

Gainera, Breaking The Silencek kritikatu zuenez, sarritan, palestinarrei eskabideak ukatzen dizkiete, batez ere lurralde okupatuetan bidaiatzeko aferaren inguruan. Kasu horietan, gainera, palestinarrei ez diete erabakia aurkaratzeko aukera ematen.

Lekukoen hitzetan, ehunka mila kasutan, baimenak ukatu egiten dira segurtasun arrazoiak direla medio; hau da, pertsona hori, haren senitartekoak, bizilagunak edo haren herriko biztanleak Israelek «terroristatzat» jotzen dituen ekintzetan inplikatuta dauden susmoagatik.

Horrek «disuasio, larderia edo zigor kolektibo gisa balio du, eta ondorio dramatikoak ditu», ziurtatu zuen GKEak. Era berean, palestinar asko «arbitrariotasun eta ziurgabetasun sentsazioarekin» bizi direla salatu zuen.

Etsaiari laguntzea

Lekukotasunek azaleratu zutenez, erretorika israeldarraren baitan, militar askok baimenen esleipena etsaiari laguntza eskaintzea gisa hautematen dute: «Pentsamolde horrek soldaduen funtzio ofizialari datxekion gatazka bat sortzen du: biztanleria palestinarraren ongizaterako zerbitzu publikoak eskaintzeari, alegia».

«Palestinarrak ez dira hain garrantzitsuak, maila baxukoak dira. Ez dute gizatasunik», iritzi zuen elkarrizketatutako militarretako batek. Adierazpen horren ostean, soldadu berak tratu txarrak eta militarren «erabateko enpatia falta» onartu zituen.

Beste militar bat egoera honengatik kaltetuta sentitu zen: «Neure burua gorroto nuen, herrialdea gorroto nuen, armada gorroto nuen».

Okupazio judua

Okupatutako Zisjordaniako C eremuan, administratiboki eta militarki Israelen kontrolpean dagoenean, soldaduek «etengabeko ahalegina egiten dute palestinarren presentzia murrizteko», eta, aldi berean, «juduen koloniak sustatzen dituzte, nazioarteko zuzenbideak legez kanpokotzat jotzen dituenak», deitoratu zuen txostenak.