GARA
MENDI LASTERKETA

Azkorbebeitiak arantza kendu du Tromson

Azkorbebeitia, Tromsoko helmugan.@
Azkorbebeitia, Tromsoko helmugan.@ (SKYRUNNING_COM)

Tromsoko Skyrace txapelketan erabat nabarmendu dira euskal lasterkariak. Oihana Azkorbebeitiak denboraldiko bigarren garaipena erdietsi du Norvegian, Skyrunne World Serieseko zirkuituan. Tromso Skyrace txapelketan azkarrena izan da abadiñarra; 9 ordu, 4 minutu eta 48 segundo behar izan ditu 57 kilometroko ibilaldia osatzeko. Bigarren sailkatua ere beste euskaldun bat izan da, Sandra Sevillano santurtziarra, hain zuzen ere (09:23:24). Johanna Gelfgren suediarrak osatu du podiuma, Azkorbebeitiak baino ia ordu bat geroago bukatuta (10:02:29).

Aipatu hiru korrikalariak hasiera-hasieratik nabarmendu ziren lasterketan, hirurak izan baitziren lehen gailurrera iristen azkarrenak. Tromsdalstind mendiko gailurra izan zen lehena eta Sandra Sevillano izan zen azkarrena tontorra egiten, abadiñarrak gertu jarraitzen ziola (hiru segundora, alegia).

Segituan hartu zuen aurrea Azkorbebeitiak eta bigarren gailurrera iristen lehena zen, Sevillanori jada aldea irekitzen ziola, minutu gutxikoa izan arren oraindik ere. Azkenean, abadiñarraren garaipena argia izan zen.

Horrenbestez, urteko bigarren garaipena lortu zuen Azkorbebeitiak Munduko Kopan eta, hori gutxi balitz, arantza kentzea ere lortu zuen. Izan ere, gogoan ondo iltzatu zuen lasterketa zen Tromsokoa, estreinakoz aritu zenean 2019an, orkatila bihurritu eta ezin izan zuelako disfrutatu; azkenean, 36 kilometro egin eta erretiratu egin beharra izan zuen. Aurten gogotsu joan da Norvegiara -urteko egutegia egitean segituan gorriz markatu zuen hitzordua zen- eta garaipen eder batekin itzuliko da etxera.

Gizonezkoetan, Luison Coiffet frantziarra gailendu zen (07:10:36) eta honek ere bigarren sailkatuari alde nabarmena atera zion. Hogei minutu geroago helmugaratu zen Raul Butaci errumaniarra (07:32:17), Erland Eldrup norvegiarrarekin lasterketa osoan lehia estua izan eta gero. Etxeko lasterkaria aurretik joan zen ia ibilbide osoan baina azken txanpan aurrea hartu zion Butacik, azkenean bigarren postua lortuz.