Andoni ARABAOLAZA
ANDEAK

Katalanek urrezko letrak idatzi dituzte Siula Grande mendian

Marc Toralles eta Bru Busomek duela hiru urte hasitako lana biribildu dute Peruko seimilakoaren ekialdeko hormaren lehendabiziko igoera sinatuta.

«Tontorretik hogei minutura, arrakala batean erori eta sorbalda atera zitzaidan; une horretatik aurrera asko sufritu nuen rappel guztietan». Hitzok Bru Busomenak dira; hots, Marc Torallesekin batera Peruko Andeetako Siula Grande (6.344 m) mendiko ekialdeko hormaren lehen eskalada sinatu berri duen alpinistarenak. Baina ez zen katalanek izan zuten ezusteko bakarra. Horrez gain, tentu handiz ibili behar izan zuten murruaren goiko aldetik erortzen ziren arroka eta izotz puskak saihesteko. Hori gutxi ez, eta rappel batean iltze bat atera eta dardarka geratu ziren. Labur-labur esanda, jarduera osoan zehar protagonistok arriskua aurrez aurre izan zuten.

Konpromiso eta tentsio horri, gainera, igo gabe zegoen hormatzarrean irekitako bide zorrotza gehitu behar zaio. Bederen, zailtasun teknikoei dagokienez. Uztailaren 11n horman sartu eta hilak 16an tontorra erdietsi zuten. Tarte horretan Toralles eta Busom gai izan ziren “Ánima de Corral” bidea sortzeko. 1.100 metro berri horietan jo eta su aritu behar izan zuten. Gainditu behar izan zituzten zailtasunak begiratzea nahikoa da hori ulertzeko: 7b, A3, AI5 eta M6.

Zalantzarik gabe, bikote katalanak Siula Grandeko ekialdeko horman egin duen lana txalotzeko modukoa da. Eta txalo horietako batzuk Roger Cararachek ere jaso behar ditu; izan ere, duela hiru urte egin zuten lehenengo bisitan parte hartu zuen berak ere. Konpromisoa, arriskua, tentsioa, zailtasun tekniko handiak, bide berri bat ukitu gabe zegoen murru aurpegi batean, sekzio oso puskatuak… Eta, jakina, jarduera bikaina estilo alpinoan egin dute.

Aurreratu dugun bezala, ”Ánima de Corral” orain dela hiru urte hasi zen forma hartzen. Busomek GARAri azaldu dionez, orduko eskarmentua oso baliagarria izan da bigarren ekinaldian: «Rogerrekin hasitako lanek asko erraztu dute bigarren esperientzia. Lekua ezagutzen genuenez, hasierako metroak errazago eskalatu genituen; gainera, luze batzuk era askean igo ditugu. Baina lehen ekinaldian ez bezala, oraingoan ezusteko handiak izan ditugu. Duela hiru urte pareta oso segurua zen; aurten, aldiz, denetarik erortzen zen. Tentsio handiko uneak izan ditugu. Aurreko saioa bertan behera utzi genuen arroka baten kolpearen ondorioz Rogerrek min hartu zuelako. Baina gertatutakoa salbuespena izan zen. Aurten, aldiz, eskaladan zehar zorte handi izan dugu egiari zor. Eskerrak behintzat eguraldiarekin zortea izan dugun! Eguzkia behar genuenean azaltzen zen, eta hodeiak ‘eskatzen’ genituenean hor goian azaltzen ziren!».

Paretaren lehen sekzioa big wall estiloan egin zuten. Tarte horretan pilatzen dira bide berriaren zailtasun handienak. Busomek aurreratu digunez, bigarren zatia, berria dena, samurragoa da: «Zailena atzean utzi eta sekzio errazagoetan sartu ginen. Lehen bibak horretan petatea utzi eta motxila banarekin arin eskalatzen hasi ginen. Errazagoa, bai, baina aurreko tarteekin alderatuta, askoz ere puskatuagoa. Horregatik ez zen eskalada samurra izan. Ez gindoazen batere lasai; justu kontrakoa, oso estu».

HANDIA EGIN DUTE

Ondoko krokisari begiratzen badiogu, lehen irakurketa batek argi adierazten digu “Ánima de Corral” ez dela batere zuzena. Busoni, 1 Formulako pista batekin antz handia duela esan diogu txantxetan. Jakina, aurrera ezker-eskuin egiten duen ibilbideak badu azalpenik: «Esan bezala, bigarren zatian arroka oso puskatuta dago. Tentea eta zorrotza ere bada. Horregatik, elurrezko zatiak bilatzen jardun genuen; hain zuzen ere, aurrera jarraitzeko aukera izateko. Elur zelai batetik bestera iristeko zuk aipatu dituzun zeharkaldi horiek egin behar izan ditugu. Zuzen joatea ezinezkoa zen; ez muturreko zailtasunagatik, baizik eta arroka oso puskatuta zegoelako. Adibidez, iltzeak jartzeko buruhauste handiak izan ditugu. Hortaz, bigarren zati hori alpinoagoa da, ondo nabigatzea eskatzen dizuna. Arrokatik elurrera eginiko trantsizio horiek gainditu eta ertz estetiko batera heldu ginen. Eremu hori samurragoa da: serac bat, izotzean AI5 mailako luze bat… Oro har, oso atsegina».

Horiek guztiak dira, horrenbestez, alpinista katalanek Siula Grande mendiko ekialdeko hormatzarrean zabaldu berri duten “Ánima de Corral” bidearen ezaugarri nagusiak. Hori guztia irakurri eta gero, zalantza gutxi geratzen da honako hau esateko: Toralles eta Busomek urrezko letrak idatzi dituzten Peruko Andeetako Siula Granden.

Hori edonork aitor dezake, baina balorazio orokorra Busomi berari eskatu diogu: «Marc eta biok iritzi bera dugu: orain arte egin dugun jarduera zorrotzenetarikoa da. Orokortasunari begiratu behar diogu. Oso arriskutsua zegoela esan dugu, eta estutasun handiak bizi izan ditugula. Ez da batere atsegina izan. Bigarren bibakean ginela, erabaki genuen jarduera bertan behera uztekotan, ez ginela berriro itzuliko. Horri guztiari, gainera, paretara eraman gintuen hurbilketa bidea gehitu behar diogu. Berez, hori jada aktibitate bat bezala hartu behar da. Glaziarra ez da erraza, eta horregatik uste dugu aurretik ez zela alpinistarik joan ukitu gabe zegoen hormara. Oso deserosoa da».

“Ánima de Corral” bidea sortzen ari ziren bitartean, talde italiar bat saiatu zen horma horretan bide bat zabaltzen. Baina ez zuten zorterik izan luiziekin eta eguraldiarekin. Oso jarduera arriskutsua zela ikusi zutenez, xedea bertan behera uztea erabaki zuten. Katalanek, berriz, ez zuten etsi, eta azpimarratzeko moduko arrakasta erdietsi dute. Hori dela eta, Busomi galdetu diogu zer-nolako garrantzia ematen dioten sinatu berri duten aktibitateari: «Arestian aipatu bezala, oso exijentea izan da. Lehenak izan gara murru horretan, eta horrekin pozarren gaude. Baina sei egun horma horretan zintzilik egoteak asko eskatzen dio buruari. Bide gogorrak egin ditugu, baina baldintza askoz hobeekin. Oso pozik gaude, amets horren atzetik hiru urte egin baititugu. Lehen ekinaldiaren ostean, pandemia eta lesioak iritsi ziren. Ilusio handi baten amaiera ezin hobea izan da. Bestalde, Marcek iaz oinetan izaniko lesio larriek ez dute eragin handirik izan. Oso ondo antolatu gara. Artifizialean bera joan zen sokaburu; ni, ordea, era askeko luzeetan. Oinetan arazoak izan zituenez, elurrean ni joan nintzen aurretik. Baina, ondoren, nik sorbalda atera nuen, eta jaitsieran Marcek asko lagundu zidan rappelak antolatzen. Bide beretik jaitsi ginen, besteak beste, petatea bibak batean utzi genuelako. Inoiz egin dudan jaitsiera konplexuenetarikoa izan zen».