GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Urdaibai lider, Getarian irabaziz eta Hondarribiaren akatsa baliatuz

Bigarren ziaboga istriborretik hartu zuten gipuzkoarrek eta denbora luzea galdu zuten, sailkapenean hamargarren amaituta. Nagusian hiru puntu atzetik daude orain. Euskotren Liga erabakita utzi du Oriok denboraldiko zortzigarren garaipenari esker.

Gorka Aranberri, ikurrina astintzen eta arraunlariak, arraunak jasotzen. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Urdaibai da Eusko Label Ligako lider berria, Getariako Ikurrina irabazi eta Hondarribiak egindako huts larria baliatu ostean. “Ama Guadalupekoa”-k bigarren ziaboga istriborretik hartu zuen eta akats hori zuzentzeak ekarri zion denbora galera handiaren ondorioz, sailkapenean hamargarren amaitu zuen. Urdaibai da lider 128 punturekin, Donostiarrak ere 128 ditu, eta Hondarribia hirugarren dago 125ekin.

Nork pentsatuko zuen, ohorezko txandaren lehen zatia ikusita, horrelakorik gertatuko zenik. Hondarribiak, esker oneko lehen kaletik, irteera bikaina egin zuen eta estropada buruan zen lehen ziabogan, Urdaibairekin pare-parean. Bigarren luzea ere antzeko joan zen eta gipuzkoarren eta bizkaitarren artean lehia estua ikusi behar genuela zirudien.

Baina bigarren ziaboga horretan Galder Ezponda aurrekalariak arraun txikia behar baino lehenago sartu zuen, ezin izan zuen garaiz atera, eta konturatzerako buia istriborrean utzita zuten. Maniobra ustela, beraz, eta berriz ere atzera egin eta ziaboga errepikatu beharra, urduritasunak eta etsipenak erabat jota.

Bistan da bandera irabazteko aukera guztiek hortxe egin zietela ihes berdeei, eta hortik aurrera helburua sailkapenean ahalik eta puntu galera txikiena izatea bilakatu zen eurentzat. Urdaibai, aldiz, bakar-bakarrik geratu zen estropada buruan eta erlojuaren aurka lehiatu zen bukaerara arte.

Azkenean, bermeotarrak 20:26.50eko denborarekin nagusitu ziren, bigarren txandan arituta bigarren amaitu zuen Oriori 7.14 segundo sartuz. Eta Hondarribiak hiru puntu batu zituen, Ares eta Zierbena atzetik uztea lortu baitzuen. Ez zitzaion askorik falta izan Ondarroa, Cabo, Getaria edo Isuntza ere atzetik uzteko, baina segundo gutxi batzuen tartean puntu asko galdu zituen atzo.

«Kirola horrelakoa izaten da. Bizitzako beste arlo askotan bezala, gutxien espero duzunean kolpe bat jasotzen duzu eta guri gaur egokitu zaigu. Bermeo zoriondu behar da, lortu duen garaipenagatik eta guk orain egun pare bateko dolua igaro beharko dugu. Baina burua altxatu behar dugu azkar eta aurrera segi: ez dago besterik», adierazi zuen jator Mikel Orbañanos entrenatzaileak, estropada amaitutakoan.

Bermeo eta Oriorekin batera, eguneko beste irabazle nagusia Santurtzi izan zen, bezperan kolpe gogorra jaso arren atzo lehen txandan garaile izan zelako eta azken sailkapenean laugarren. Azkena egin zuen Ares arerio zuzenari puntu mordoa sartu zioten -deigarria da Aresek ere lehen kaletik eta bigarren ziabogan maniobra istriborretik egin izana-, baita Zierbena edo Ondarroari ere, eta sailkapen nagusian arnasa hartu dute.

Getariaren lana ere bereziki aipagarria izan zen. Bezperako estropada bikainari esker, ohorezko txandan aritu zen etxean, eta eskifaia osoa getariarrez osatuta. Meritu handiko zazpigarren postua sinatu zuten zaleen aurrean.

EUSKOTREN LIGA, IA ERABAKITA

Bezperan Hondarribian egin bezalaxe, oriotarrek erakustaldia eman zuten bigarren luzean eta nagusitasun handiz lortu zuten Getariako Ikurrina: Arraun Lagunaki 9.76 segundo sartu zizkioten eta sailkapen nagusian sei puntuko aldea dute lau jardunaldiren faltan. Bestalde, Donostiarrak aurreko hiru estropadetako joera hautsi zuen Tolosaldeari aurrea hartuta. Bi puntuko abantaila du nagusian.