Arnaitz GORRITI
PILOTA

Biharko finalean maila hau ematen badute, Ezkurdia eta Zabaleta garaile Gasteizen

Atzetik 1-6 ekinda ere, gorriek partida berdindu eta hautsi egin dute, batez ere Jose Javier Zabaletaren joari esker eta Ezkurdiaren erremate ederrekin.

Altunak bikain jokatu zuen, baina galdu.
Altunak bikain jokatu zuen, baina galdu. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Nekez aterako dira pilota partidak atzo arratsaldean Ogeta frontoian ateratakoa bezain ederrak. Bihar, finalerdietan bezain egoki aritzen badira finalean Ezkurdia eta Zabaleta, Lasok eta Imazek nahikoa lan izango dute 22ra iristen. Edo bestela esanda, badakite non dagoen langa eta horraino iritsi beharko dute Andre Mari Zuriaren torneoa irabazteko.

Hala ere, kostatu behar zaie Asperen adarreko finalerdiaren irabazleei ere atzoko maila berdintzea. Eta hori 1-6 atzetik topatu zutela beren burua hasi eta berehala. «Ez nekien nola jokatuko nuen, astebete daramadalako ia pilotarik ukitu gabe, baina oso sentsazio onak izan ditut hasieran eta dena asmatu dut», onartu zuen Jokin Altunak, arazo fisikoak atzean laga eta sekulako jokoarekin kantxetara atzo itzuli zen aurrelariak.

AURRENEKO ERDI APARTA

Izan ere, Amezketakoak airean erabili zuen bikote gorria partidaren hastapenean. Pilota astun samarra jarri zuten jokoan Altuna IIIak eta Rezustak eta Zabaletak airea kendu ezinik, aurrelari gipuzkoarrak nahieran erabili zuen pilota, baita aurkariak ere. «Jokin Altuna!» izena abestu zuten harmailetan, I love you, baby, Paul Ankaren melodiarekin. Baina kanta hartako aurreneko ahapaldia izango zuten akaso buruan: You're just too good to be true!; alegia, «onegia zara benetakoa izateko»...

Baina gorriek urdinen magia eten zuten. Aurreneko atasedenaldira arte, 12-9ra arte alegia, partida ikaragarria izan zen. Zabaletaren bitartez batik bat, 1-6tik 8na berdintzea lortu zuten gorriek, baita 12-9 aurretik jarri ere. Ezkurdiak ere, noski, aurrean nahi beste aukera izan zuen tantoak amaitzeko. Hala ere, 12-9koarekin ezer ere ez zegoen argi.

Tamalez, Rezustak behera egin zuen eta 12-9tik 18-11ra bitartean zenbait pilota huts egin zituen. Zabaleta gainetik pasatu zitzaion Bergarako atzelariari, eta horrek lanari muzin egin ez zion arren, gorriek larritasun handirik gabe bideratu zuten garaipena.

«Ia zer ateratzen den asteartean», esan zuen Ezkurdiak; kostatu behar zaie atzo emandako maila hau berdintzea. Hala eginez gero, kostatu behar zaie Laso eta Imazi Gasteizen irabaztea.