09 AGO. 2022 Francia Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Kontu zaharrek badute utopiaz zerbait, edo proto-utopiaz, nahi baduzue. Heroia bizitza hobearen xerkan abiatuko da; pobreziatik irteteko ahalegina abentura bihurtuko da. Bide luzean traba eta zailtasun ugari aurkituko ditu, arriskuak, gaizkileak, bide okerrak, amarru zailak; baina laguntzak, elkartasuna eta helburua lortzen lagunduko dioten adiskideak ere topatuko ditu. Kontu zaharretan ezinezkoa da utopiaren bilaketa bakarrik burutzea, norberekeriak bidea galtzea ekarriko baitu. Elkar laguntza, apaltasuna, begirunea ezinbestekoak izango ditu bidaian. Euskal ipuineko Txomin Ipurdi, bera eta ama pobreziatik irteteko, Erregeari txanpon bat eskatzeko asmoz jarriko da bidean. Txanponaren ordez, azkenean, erregeari ondasun guztiak errekuperatuko dizkio, erregearen gaiztakeria zigortuz. Inuit ipuineko bi emakumeek euren senarraren tratu txarretatik ihes egingo dute. Bide zaila eta arriskutsua eginez, azkenean hondartza batean usteltzen ari zen bale baten barruan biziko dira, kiratsean eta haragi ustela janez, baina askatasunean. Utopia lurraldera heltzea ezdeusaren jabeen aspaldiko ideia da. Francia Marquez Kolonbiako lehendakariorde bihurtu da. Emakumea, beltza, jazarria, pobretutakoa. Ezdeusaren jabeen ahotsa. Kontu zaharretan bezala, bidaia zail eta arriskutsua izan da. Bidaia ez da oraindik amaitu, ordea, baina bere bidaideekin batera, itxaropenaren lurraldea izan badela erakutsi digu. Duintasuna ohitura izan arte.