GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Urte ona aurreikusi dute Nietok eta Miticek

Nieto, Aginagalde eta Mitic, aurkezpenean. (CD BIDASOA)

Astebete darama lanean Bidasoa-Irunek ilusioz beteriko 2022-23 denboraldia prestatzeko. Atzo, hala ere, jokalari berrietako bi aurkezteko eguna izan zen: Asier Nieto eta Mihajlo Mitic. Gurutz Aginagalde klubeko presidenteak ongietorri ofiziala egin zien «bi fitxaketa handiri. Bi jokalari garrantzitsu dira; ziur gaude klubaren egunerokoan lagunduko dutela».

Agintari bidasotarraren hitzetan, «Mihajlok urteak daramatza Ligan, oso lan ona egiten, bai Cangasen bai Puente Genilen. Fitxaketa garrantzitsua da guretzat. Asier, bestalde, denbora luzez jarraitu dugun jokalaria da, eta azkenean gurekin izateko zortea izan dugu. Eskerrak eman behar dizkiogu hona etortzeko egin duen ahaleginagatik».

Espainiako selekzioarekin Mediterranear Jokoetan txapeldun izan berri, Nietok azaldu zuen sentitzen zuela «jauzia egin behar nuen urtea zela, hona etortzea, nire ibilbidean, jauzi bat egitea dela uste baitut. Beharrezko baldintzak eman dira eta egin ahal izan da».

Gorka anaiarekin talde berean jokatzea «berezia eta desberdina» izango dela aitortu zuen. «Ez dugu inoiz elkarrekin jokatu, baina beste taldekide bat da eta berarekin eta beste 15 kiderekin ulertu behar dut», gaineratu zuen.

«Blokeak izan du, azken urteetan, arrakasta, eta uste dut iristen garenok lehiakortasun-mailari eutsi diezaiokegula gutxienez. Denboraldia ona izango dela uste dut», azaldu zuen.

Miticek «osotzat» jotzen du bere burua

. Mihajlo Mitic «oso pozik» agertu zen. «Ilusioa egiten dit hona etorri eta Europan lehiatu ahal izateak, Asobal Ligako klub onenetako batean. Cangasen hasi nintzen mailari eusteko borrokan, Puente Genilera joan nintzen, taula erdian, eta espero dut aurten urte ona egitea eta Europarako sailkatzea», adierazi zuen.

Eskuin hegalekoak jokalari «osotzat» jotzen du bere burua, «bi edo hiru postutan» defenda dezakeena eta erasoan ere joka dezakeena, eta gakoa defentsa-lanean egongo dela uste du: «Lantzen ari garen defentsa nahiko desberdina da lau urte hauetan Asobalen jokatu dudanarekin alderatuta; beraz, kontzeptua ulertzen eta egokitzen ari naiz. Defentsa ona dela uste dut, defentsan erantzun dezaketen jokalari asko ditugulako, batez ere erdialdean. Txandakatze zabala dugu; beraz, pixkanaka, lanarekin, defentsan ondo osatuko naizela uste dut eta lan horri ondo erantzun diezaioket».