GARA
ESKUBALOIA

Cavok, eskuin belauneko kanpoko meniskoa hautsita, sasoi hasiera galduko du

Bera Berako argentinarrak asteleheneko entrenamendu saioan hartu zuen min eta, erresonantzia egin ostean, ebakuntza egitea gomendatu diote.

Beti Onak taldeak elastiko berriak aurkeztu zituen.
Beti Onak taldeak elastiko berriak aurkeztu zituen. (I. URIZ | FOKU)

Malena Cavo Bera Berako jokalari argentinarrak denboraldiko lehen zatia galduko du. Eskuin belauneko kanpoko meniskoa hautsita daukala zehaztu du Poliklinikan eginiko erresonantziak eta errekuperazio epea ebakuntzaren araberakoa izango den arren, ziurra da hiruzpalau hilabete eman beharko dituela kantxetatik at.

Asteleheneko entrenamendu saio batean hartu zuen min jokalari argentinarrak eta atzo, asteartean, egin zioten azterketa Poliklinikan. Aipatu proba horren emaitzaren arabera, traumatologoak ebakuntza kirurgikoa gomendatu du. «Jokalariak kirurgia lehenbailehen egiteko asmoa du: ziurrenik, datorren astean», adierazi du Bera Berak.

Cavo 2020. urteko udaran iritsi zen Donostiara, hain zuzen ere O'Mullonyren lesio baten ondotik, alboko jokalariren baten falta sumatzen zuelako taldeak. Ordutik, bilakaera handiena izandako jokalarietako bat izan da, isilpean iritsi izanagatik, protagonismoa hartzen joan baita partidatik partidara.

Orain, iritsi zenetik lehen aldiz, hilabete batzuk eman beharko ditu kantxetatik at. Errekuperazio epea ebakuntzaren araberakoa izango dela adierazi du klubak, baina horrelako lesio baten errekuperazio aurreikuspena hiruzpalau hilabetekoa izan ohi da.

Bera Berak atzo jokatu zuen denboraldi aurreko bigarren lagunartekoa Merignac taldearen aurka, Baionan, eta 32-40 irabazi zuen. Udarako hirugarren hitzordua asteburuan izango dute donostiarrek, Celles sur Bellen jokatuko duten maila handiko txapelketan. Etxeko taldearen, Danimarkako Ikast Handballen eta Alemaniako Leverkusenen aurka neurtuko dituzte indarrak.

SKRZYNIARZ ETA HARBAOUI ATEZAINAK, KEMENTSU

Bidasoa Irunek Jakub Skrzyniarz eta Mehdi Harbaoui atezainak aurkeztu zituen. Zaila izango dute Xoel Ledo eta Juan Manuel Sierrak Artalekun emandakoa ordezkatzea, baina kementsu azaldu ziren.

Skrzyniarz Poloniako ligako atezain onena izan zen iaz eta onartu zuen beste eskaintza batzuk ere izan zituela, baina klubaren interesaren, «eskaintza zehatzen» eta Julen Aginagalderekin izandako elkarrizketaren ondotik, Bidasoa aukeratu zuela. «Oso pozik» agertu zen eta taldeari ahalik eta gehien «lagundu» nahi dio, bai Asobal ligan bai EHF European League txapelketan.

Mehdi Harbaoui ere estreinakoz arituko da Asobal ligan eta onartu zuen «erronka berri bat» behar zuela eta «hemen» aurkitu duela. «Tom Tesoriererekin eta Ivan Popovicekin hitz egin dut, eta Artalekun sortzen den giro bikainaz eta hemen jokatzeaz oso pozik zeudela esan zidaten», adierazi zuen.

Liga ondo ezagutzen ez duela onartuta, Bidasoaren iazko emaitzak, ligan zein Europan, hobetzeko lan egingo duela adierazi zuen Tunisiako atezainak.