Dabid LAZKANOITURBURU

Matrikulak, nortasunak eta liskar etnikoak Kosovon

Balkanak erruz baina bidegabeki famatu dituen beste sarraski etniko baten atarian egon da Kosovoko iparraldea. Bertan bizi den gutxiengo serbiarra -Ibar ibaiaren iparraldean bizi dira serbiar gehienak-, matxinatu egin da Pristinako Gobernuak, albaniarra, sustatutako bi neurriren ondorioz: autoei Kosovoko matrikula jartzea eta Serbiako Nortasun Agiriarekin jarraitzea nahi dutenak bizileku baimena eskatzera derrigortzea.

Ukraina tarteko, laster ikusi zuten batzuek AEBen eskua eta «eslaviarren aurkako erasoa», Mendebaldeari, «betiko moduan, bazterrak nahastea» egotziz. Ez dirudi urtebeteko epea emanda Estatu batek autoen matrikulak eta herritarren nortasun agiriak bateratu nahi izatea «jasanezinezko inposaketa» denik. Bai, badakit kontu ñimiñoenek ere sinbolismo handia dutela nortasunaren auzia pil-pilean dagoen tokietan, Kosovon kasu. Horretxegatik, agian, bi aldeek benetako gai potolo bakarrari heldu beharko liokete.

Serbiak eta serbiar gutxiengoak ez dute onartzen Kosovo albaniar gehiengo batek osatutako Estatua denik. Duela bost mende gertatu omen zen otomandarren sarraski batean oinarritzen dute «Serbia Handiaren» jaiotze mitikoa. Ideia horretan justifikatu zuen 90eko hamarkadaren amaieran egiten saiatu zen albaniarren «garbiketa etnikoa» Belgradek. Kosovoko albaniarrek, baina, gerra irabazi zuten NATOri esker eta serbiarren «garbiketa etnikoarekin» erantzun zuten, Kosovoko erdialdean batez ere (Grakanika...). Horra hor batzuentzat «Albania Handiaren» ametsa. Pristinak, beraz, serbiar gutxiengoa Kosovoren parte dela onartu beharko luke, bere hizkuntzarekin, kulturarekin eta erlijio ortodoxoarekin. Belgradek, bere aldetik, nahiz eta ofizialki onartu ez, Kosovo nolabaiteko entitate politikoa dela ondorioztatu beharko luke, gutxiengo serbiarra «bosgarren zutabe» moduan erabiltzeari utziz. Kontu serioekin «jolasten» ez bada, matrikulen eta nortasun agirien auziak berez konponduko dira, goizago edo beranduago.