GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Miguel Pupo eta Courtney Conlogue txapeldun, CT itzuliko azken lehiaketan

Tahitin amaitu da lehen mailako CT itzulia, baina oraindik beste txapelketa bat falta da aurtengo munduko txapeldunak izendatzeko. Nesken zein mutilen rankingeko lehen bost lehiakideak irailean Kalifornian egingo den Final Handian izango dira.


Miguel Pupo eta Courtney Conlogue izan ziren abuztuaren 19an amaitu zen Tahiti Pro txapelketako irabazleak. Hots, lehen mailako CT itzuliko azken proba zen, irailean Kaliforniako Trestles hondartzan egingo den Final Handirako pasea eskuratzeko azken aukera zuten lehiakideek, baina horretarako rankingeko lehen bost postuetako bat lortu behar zuten.

Tahitiko txapelketaren ostean, ez zen aldaketa nabarmenik izan rankingeko lehen bost postuetan; Griffin Colapinto estatubatuarra soilik jaitsi da seigarren postura mutilen rankingean, eta bere ordez Kanoa Igarashi japoniarra izango da Final Handian. Nesken kategorian, Tahitiko txapelketa aitzin lehen bost postuetan ziren lehiakide berberek eskuratu dute Final Handirako pasea.

Honako hauek dira Final Handian izango diren neskak: Carissa Moore hawaiiarra, Johane Defay tahitiarra, Tatiana Weston-Webb brasildarra, Brisa Hennessy Costa Ricakoa eta Stephanie Gilmore australiarra. Mutilen kategorian, berriz, Filipe Toledo brasildarra, Jack Robinson eta Ethan Ewing australiarrak, Italo Ferreira brasildarra eta Kanoa Igarashi japoniarra izango dira Final Handian.

Toledo eta Conlogue

Bi goofy izan ziren mutilen finalean Teahupoon; bata Miguel Pupo, lehiakide beteranoa, eta bestea, bertako surflaria, Kauli Vaast, gonbidapen wildcard bati esker etxean lehiatu ahal izan zen surflaria. Bi lehiakideek zazpi olatu hartu zituzten guztira, eta haien bosgarren eta seigarren olatuak izan ziren hoberenak. Lehia gogorra izan zen, baina Pupo nagusitu zen, txandako olatu handi eta biribilena berak hartu baitzuen.

Lehen hamar minutuetan olaturik hartu ez zutenez, denboraren markagailua berriz hasi zen kontatzen. Guztira 35 minutu zituzten eta olatuen tamainak behera egin bazuen ere oraindik bi metroko olatu ederrak agertzen ziren lantzean behin.

Miguel Pupok 17.17 puntu bildu zituen bere bi olatu hoberenekin (9.00 + 8.17). Kauli Vaast gazteak, ostera, 15.00 puntu bildu zituen (7.37 + 7.63). Garaipen honi esker CT rankingean seigarren postura igo zen Pupo, baina ez zuen lortu Final Handirako pasea, ez baitzen lehen bost lehiakideen zerrendan sartu.

Nesken kategorian, txapelketa garrantzitsua izan zen; izan ere, lehen aldiz lehiatu dira lehen mailako neskak Teahupoon. Munduko ezker olatu zail eta arriskutsuetako batean lehiatzea erronka esanguratsua zen, baina pixkanaka olatu zailetan aritzeko ere gero eta prestatuago daudela frogatu zuten neskek.

Tuboak egiteko teknika eta ausardia handiena erakutsi zuten lehiakideak gailendu ziren. Conlogue izan zen horietako bat; kasko hori bat buruan, bizkarka ekiten zien tuboei eta ongi landutako teknika duela erakutsi zuen.

Brisa Hennessyk, ostera, kasko zuria zuen buruan, eta honek ere bizkarka ekiten zien olatuei, baina birritan erori zen olatua jaisten eta horrek abantaila eman zion bere aurkariari. Finala amaitu zenean, estatubatuarrak 11.67 puntu bildu zituen (7.17 + 4.50). Aldiz, Costa Ricako surflariak 5.20 puntu baino ez zituen bildu (3.77 + 1.43).

Hala ere, Hennesyrentzat ere emaitza bikaina izan zen, bigarren postu horri esker lortu baitu rankingeko lehen bost postuetan mantentzea eta Final Handirako pasea eskuratzea. Aitzitik, Conloguek hiru postu egin zituen gora WCT rankingean, baina ez zuen irailaren 8an Trestlesen hasiko den Final Handirako pasea lortu, zazpigarren postuan amaitu baitu aurtengo denboraldia.