GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

«Iaz talentu handia genuen, baina ez zen erraza izan erakustea»

Matt Costello pibota ilusio handiz omen dago denboraldi berriaren atarian eta taldekide berriekin iazkoa baino talde-kimika hobea lortzea espero du.

Matt Costello, proba medikoak egiten. (BASKONIA)

Ez da berria Baskoniak uda talde ia osoa eraberritzen eman behar izatea, baina iazko denboraldiak aurtengorako horren oinarri eskasa utzi zuen, ezen ia ezinezkoa egiten baitu Joan Peñarroyaren proiektu berriak eman dezakeen mailaren inguruan aritzea. Egoerak behartuta, Euroligan eta ACBn esperientziarik gabeko jokalariak ekarri ditu taldeak, apustu erakargarri bezain arriskutsu bati bide emanez.

Gasteizen aurtengoa bigarren denboraldia izango duen arren, 29 urterekin, Matt Costello pibota izango da taldean eskarmentu handiena duen jokalaria eta, behar den unean, taldetik tira egiteko prest agertu zen estatubatuarra mikrofonoen aurrean.

Fitxaketa berriek ematen duten benetako mailaren esperoan, itxuraz taldeak kalitatea galdu duela dirudi, baina Costellok argi dauka, talde bezala emateko gai diren maila izango dela denboraldiaren arrakastaren giltza. «Fitxaketa interesgarri eta oso gazteak dira egindakoak, batzuek aurretik Europan jokatu dute eta beste batzuek ez, ikusiko dugu nola funtzionatzen duen nahasketa honek. Iaz talentu asko genuen eta ez zen beti erraza izan hori kantxara eramatea eta ea aurten kimika hobe bat izatea lortzen dugun», adierazi zuen, nolabait iazko taldekideen arteko giroa onena ez zela jakitera emanez.

ANTOLATZAILE BERRIAK

Aurtengo taldeari erreparatuta, berrikuntza nagusia ziurrenik bi antolatzaile oso saskiratzaileak fitxatu izanean datza -Howard eta Thompson- eta horien errendimenduak asko eragingo dio taldearen jokoari, baina Costellok dagoenarekin moldatzeko borondate izugarria erakutsi du.

Arlo pertsonalean, «ilusio handiarekin» omen dago kurtso berriari begira eta oraindik ez omen du entrenatzailearekin hitz egin berari eskatuko dionaren inguruan. «Taldearentzat onena egingo dut».