Arnaitz GORRITI
PILOTA

Lasok eta Mariezkurrenak pronostikoak bete dituzte

Bilboko Aste Nagusiko Torneoko aurreneko finalerdia bigarren erdian hautsi da, lan franko egin behar izan duen Albisuri lanak pilatzean hain justu ere.

Albisuk bigarren zatian behera egitean atera zuten aldea Lasok eta Mariezkurrenak.
Albisuk bigarren zatian behera egitean atera zuten aldea Lasok eta Mariezkurrenak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Pronostikoak bete zituzten atzo Lasok eta Mariezkurrena II.ak eta Bilboko Aste Nagusiko Torneoko aurreneko finalerdia, Baikoren adarrari zegokiona, beraientzat izan zen. Azken markagailuak dioena baino gehiago sufritu behar izan zuten nafarrek hala ere, 1-5 atzetik ere izan baitziren partidaren aurreneko tantoetan. Dena den, berehala hartu zuten aurrea eta, partida lehen atsedenaldira berdinduta iritsi bazen ere, handik aurrera gorriak nahiko erraz nagusitu ziren. Albisuri lana pilatu zitzaion -azkenean zazpi pilota eta sake bat laga zituen altxa gabe- eta, Ataungo atzelariak beherantz egin ahala, Lasok egin zituen partidarekikoak.

Hori bai, esan bezala, hasieran urdinak freskoago kantxaratu ziren, baita ideiak argi zituztela ere. Hala, 1-5 aurretik jarri ziren aitaren batean. Sakea bereganatu, pilota aldatu eta berehala ziren gorriak aurretik, ordea. 7-0ko partziala lortu zuten Lasok eta Mariezkurrena II.ak eta 8-5 jarri ziren aurretik akordatzerako. Urdinek ez zuten etsi, baina ez ziren partidan berriz aurretik jartzeko kapaz izan. Partida berdintzeko bai, ordea, 10-7tik lehia 10-10 parekatzera pasa baitziren Urrutikoetxea eta Albisu. Hala ere, gorriek berriz ere sakea eta ekimena hartu zituzten eta Aste Nagusiko Torneoko aurreneko finalerdia hausteko bidean jarri zuten. 12-10 iritsi ziren lehenengo atsedenaldira, baina ordurako Albisu onenak emanda zegoen trazak azaleratzen hasiak ziren... Azkenerako, lanak pilatu zitzaizkion ataundarrari.

AURKARI BILA

Hala izan zein ez, 10-10etik 16-10 aurretik jartzera pasa ziren bi pilotari nafarrak. Oraindik ere tanto pare bat egin zituzten Zaratamoko aurrelariak eta Albisuk, baina behin urdinek 17-13koa lortu ostean, gorriek azeleragailua zapaldu zuten eta akabo. Atsedenak atseden, zuzenean joan ziren azken 22-13kora.

Bada, Lasok eta Mariezkurrena II.ak ordezkatuko dute Baiko enpresa zapatuan jokatuko den Bilboko Aste Nagusiko Torneoko finalean. Aspe enpresako zein bikote izango duten aurkari ez dakite oraindik, ordea. Gaur bertan jakingo dute nafarrek zeinen aurka jokatu beharko duten: Joseba Ezkurdia -min hartuta dagoen Altuna III.aren ordez arituko da aurreko koadroetan- eta Julen Martija alde batetik, eta, Elezkano II.a eta Zabaleta bestetik, arituko dira finalerdian.