GARA Euskal Herriko egunkaria
ARRAUNA

Iazko irabazle Santurtzi ez da Kontxan izango

Donostiako udaletxean egin zen aurkezpena. (Jon URBE FOKU)

Santurtzi ez da Kontxako Banderan lehiatuko. “Sotera” berandu ibili zen izen-ematea egiteko -uztailaren 11n itxi zen epea- eta ondorengo asteetan helegitea aurkeztu eta hutsegitea arlo burokratikotik konpondu nahi izan dute. Azkenik, baina, ezingo du iazko garaipena defendatu 127. edizioko estropadan.

Atzo goizean aurkeztu zuten arraun denboraldian mugarri den Bandera, Donostiako udaletxean, eta bertan zehaztu ziren sailkapen estropadak noiz eta nortzuek jokatuko dituzten. Gizonezkoena hilaren 31n jokatuko da; emakumezkoena, berriz, hurrengo egunean, irailaren 1ean. 18.00etan hasiko dira biak.

24 ontzi lehiatuko dira gizonen erlojupekoan, Kontxako estropadarako jokoan dauden 7 txartelen bila -Donostiarra jada sailkatuta dago-. Emozio handiko lehia izan ohi da, batez ere azken txartel hori nork lortuko duen ikusteko. Azken urteetan, ehuneneko aldeaz erabaki izan da.

ANDREA OUBIÑA

Emakumezkoetan ere zazpi txartel lortzeko borrokan arituko dira izena eman duten 19 ontziak. Iaz, Arraun Lagunakek historiako lehen garaipena erdietsi zuen, sasoia ederki biribilduz. Aurten, Orio Euskotren liga poltsikoratuta iritsiko da eta Oubiñak historia egin lezake, 10. bandera astindu lezakeelako, orain arte inork lortu ez duen balentria.