GARA
MOSKU

Kievek geltoki baten aurkako erasoa salatu du; «soldaduen kontrakoa», dio Moskuk

Errusiaren bonbardaketa, Bahmut herrian.
Errusiaren bonbardaketa, Bahmut herrian. (Antoly STEPABOV | AFP)

Kieveko Gobernuak salatu duenez, Errusiako Armadak, tren geltoki bat bonbardatuta, 25 zibil erail zituen atzo -Ukrainaren independentziaren urtemugan eta Errusiak ondoko herrialdea inbaditzeari ekin zionetik sei hilabete betetzen zirenean- Chaplyn herrian, Dnipropetrovsk eskualdean.

Moskuk erasoa bere gain hartu zuen, baina Ukrainako Armadaren tren-zutabe baten aurka jo zuela ziurtatu du eta ondorioz 200 bat soldadu erail zituela gaineratu du.

«Gezur hutsa»

Ukrainako Gobernuak ziurtatu duenez, Mosku «gezurretan ari da, gauzak gaizki doazkion seinale», eta eraildako zibilen artean 6 eta 11 urteko bi ume daudela salatu du. Ukrainak egun seinalatu horretan erasoak espero zituela ohartarazi zuen.

Jakina da gerra orotan egia dela lehenengo biktima eta Errusia eta gero eta gehiago Ukraina trebeak direla gezurrak zabaltzen. Ildo horretan, Ameriketako Estatu Batuetako HRW GKEak salatu du 690 zibil hil direla Errusiak sarri jaurti dituen barreiatze-bonben eraginez.

Bonba horiek jaurtitzea debekatuta dago nazioarteko legedian, baina oraindik erabiltzen dira. Errusiak «Elurra» izeneko bonba su-eragileak erabili izana salatu izan da.

Hala ere, HRWk salatu du Ukrainako Armadak ere gutxienez birritan bota dituela barreiatze-bonbak Donbassen aurkako erasoetan.