GARA Euskal Herriko egunkaria

Koxpeiak


Lapurdin “koxpei” deitzen diete udatiarrei, batez ere, Paris eta Bordeletik etortzen direnei. Congé payé esamoldetik dator, hau da, “opor ordainduak”. Eskolan Euskal Herriko hiru hizkuntza ofizialak ikasiko bagenitu ez nuke hiztegian begiratu beharko, baina, zoritxarrez, ez dut nire jaioterritik 20 kilometrora nagusi den hizkuntza behar hainbat menderatzen.

Kontua da koxpeiak ez direla kontent aurtengoan, hondartzetako dutxak eta iturriak idortuta baitira. Ondorioz, hondartzan egon ostean ongi gazituta itzultzen dira etxera, eta han bai, hondartzan hartu ezin izan duten dutxa hartzen dute, itsaso usaina gainetik kentzeko.

Nik dakidala euskaraz ez daukagu itsasoko usaina izendatzeko hitz zehatzik, baina eskola garaian ikasi nuen bigarren hizkuntzan, alegia gazteleran, bada jatorri portugaldarra duen hitz bat, batez ere Kanaria uharteetan erabiltzen dena, maresía edo marecía.

Bi esanahi ditu hitz bitxi horrek. Bata, “itsasertzetik gertu diren lekuetan izaten den itsas hezetasunez kargatutako airea”. Bigarrena, “itsasertzetik distantzia batera lurrean hauteman daitekeen itsas usaina”. Azore uharteetan, “itsasbeherak isurtzen duen usain txarra” adierazteko ere erabiltzen dute.

Maresiak, autoen karrozeria, etxeetako kanpo aldeak, balkoiak eta barandak hondatzen omen ditu, baina, itsasoko gatzak, besteen artean, bakterioak eta onddoak ere akabatzen ditu. Hortaz, ez zaigu gaizki etorriko aldi baterako ur geza alde batera uztea. Arazoa da itsasbazterrean ura kutsatuta dagoela, besteak beste, udan kostaldea koxpeiz betetzen delako.