Arnaitz GORRITI
KONTXAKO BANDERA

Gizonezkoek beldurra kontrolatzen dakitela erakutsi beharko dute

Gauza bakarra dago argi, 2022ko Kontxako Banderaren irabazlea ez dela iazkoa izango, Santurtziri ez baitzaio izena ematen laga azkenean.

Aurten ez da Santurtziko trainerurik izango Kontxako Bandera lehiatzen.
Aurten ez da Santurtziko trainerurik izango Kontxako Bandera lehiatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Beldurraren estropada» esan ohi saio Kontxako Banderaren sailkapen estropadari. Normalean ez da beste munduko sorpresarik gertatzen, baina parte hartzaileak, batez ere gero hurrengo bi igandeetan zerbait egiteko hautagaiak badira, beldurrak airean egon ohi dira. Azken baten beldurra izatea libre da; kontua beldur horrek geldiarazita ez aurrera ez atzera geratzeko arriskua da, noiz eta Donostiarrarekin batera Kontxan izateko aurreneko zazpi postu horietako bat lortzea jokoan denean.

Beldurra baino amorrua izango da Santurtziko “Itsasoko Ama”-ko kideek sentituko dutena. 2021ean Kontxako Bandera irabazi zuten, Hondarribiak hiru urtez segidan ezarritako tirania apurtuz. “Ama Guadalupekoa”-k zeresanik izan zuen, hala ere, garaipen hartan, aurreneko egunean jaso zuen zigorra erabakigarria izan baitzen traineru bizkaitarraren alde. Alabaina, esan bezala, aurten ez du parte hartuko Santurtzik, ezin izan baitu izenik eman, eta antolakuntzak ez baitio «akats formal» hori konpontzeko aukerarik eman, bizkaitarrei izena ematen lagaz gero beste norbait zerrendatik atera beharko litzatekeela argudiatuta. Beraz, 2022ko Kontxako garailea ez da iazkoa izango; hori behintzat badakigu dagoeneko.

BI MULTZOTAN

Bada, beldurra ez da mundu guztian berdin banatuko, baina itxaropen apurren batekin, honako 24 ontziak ariko dira 18.00etatik aurrera: Ares, Arkote, Bueu, Cabo, Castro, Castropol, Deusto, Getaria, Hibaika, Hondarribia, Kaiku, Lapurdi, Lekittarra, Mutriku, Ondarroa, Orio, Pedreña, Samertolameu, San Juan, San Pedro, Urdaibai, Zarautz, Zierbena eta Zumaia.

Ohikoa den moduan ere, A eta B multzoetan banaturik egingo dute arraunean 24 traineruek. A multzoari dagokionez, Urdaibai, Cabo, Bueu, Ares, Getaria, Kaiku, Lekittarra, Hondarribia, Ondarroa, Orio, San Pedro eta Zierbena; hau da, Eusko Label Ligako aurrenekoak eta datorren urtean gorengo mailara igotzekotan diren ontziak. B multzoan, berriz, gainontzekoak: Arkote, Castro, Castropol, Zumaia, Deusto, Hibaika, Lapurdi, Mutriku, San Juan, Samertolameu, Pedreña eta Zarautz.

Jon Elortegi, Txapas, Zierbenako entrenatzailea da beldurrik handiena sentitu behar duen pertsonetako bat, denboraldi osoan aurreneko zazpi edo zortzi onenen barruan sartu eta atera ibili direlako bizkaitarrak. Galipoek aukera badute zazpi onenen artean sartzeko, aldez aurretik sartutzat espero eta jo daitezkeen Urdaibai, Hondarribia eta Oriorekin batera, eta inguruan beharko luketen Getaria, Kaiku eta Caborekin, Ondarroa eta Lekeitioko Isuntza erabat ahaztu gabe. «Gogotsu gaude eta urduritasun puntu batekin. Gu geu irregulartasun handiarekin gabiltza azkenaldian, baina oso gogotsu gaude hala ere», nabarmendu du Zierbenako prestatzaileak.

«Zapatuan estropada kaxkarra egin genuen, baina nik uste udako momenturik onenean gaudela, baina hori uretan erakutsi behar da. Maila polita emango dugulakoan nago behintzat», dio, «beti sorpresak egoten» direla ohartaraziz, nahiz eta galipoen entrenatzaileak bere ontzia azkenean Kontxako onenen artean ikusteko baduen ustea eta itxaropena.

AZKEN ORDUKO ARAUA

Bestalde, azken estropadetan nabigagarritasunean eragina omen duen binilozko ehun bat erabili dute hala Urdaibaik nola Hondarribiak. Ontziaren azpian jartzen omen da binilo moduko hori eta, Kontxako banderaren antolakuntzaren arabera, parte hartzaileen arteko «berdintasun baldintzak» urratzen ditu.

Bada, antolatzaileek eta aipatu bi klubek akordioa sinatu dute ez sailkapen estropadan ezta, Kontxako Banderaren lehiarako sailkatuz gero, hurrengo bi igandeetan ere ez dutela ehun hori inolaz ere erabiliko. Esan gabe doa gainerako lehiakideentzat ere balio duela akordio horrek eta, hala, hitzartutakoa beteko ez balute, berehalakoan lehiaketatik egotzi egingo lituzketela.

Itxura denez, orain arte Kontxako arautegian ez zegoen halakorik inon ere idatzita, ezta Euskadiko Arraun Federazioan ere, baina bai nonbait FISA Espainiako Federazioan. Bada, Kontxako Banderaren antolakuntzak badaezpadako erabaki honekin balizko helegiteak saihesteko bidea hartzea erabaki du. Arraunak, eta are gehiago Kontxako Banderak, bestela ere nahikoa eztabaida pizten dituelako berez, gaur arratsaldeko «beldurraren estropadatik» bertatik hasita.