GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

NBEk espainiar botereen jokamoldea salatu du


NBEko Giza Eskubideen Batzordeak atzo ebatzi zuenez, Espainiako Estatuak «Kataluniako Gobernuko eta Parlamentuko kide ohien eskubide politikoak urratu zituen», erreferenduma dela medio jazarri zituen politikariei funtzio publikoak kendu baitzizkien, epaitegietan zigortu aurretik. Batzordeak azpimarratu duenez, ordezkari politiko katalanei -garai hartan presidenteordea zen Oriol Junqueras eta Raul Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull kontseilariak-, matxinada delitua egotzi zieten eta, ondorioz, kargugabetu egin zituzten. Matxinadak indarkeriazko altxamendua esan nahi du, baina buruzagi katalanek herritarrei modu baketsuan aritzeko eskatu zieten. Azkenean, sedizioagatik zigortu zituzten 2019an -zigor tipo horrek ez dakar berekin indarkeria erabiltzea-. Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren sinatzaileek, Espainiak barne, batzordearen ebazpenak bete behar dituzte.

Espainiar Estatuko botereek arazo politikoei aurre ez egiteko erabiltzen duten ingeniaritza juridikoak ondorioak ditu hainbat mailatan. Lehenik eta behin, proiektu baketsuak eta legitimoak demokratikoki garatu nahi dituzten herritarren urrunketa dakar. Errepresaliatu ugari sortu eta konponbide politikoak atzeratzea lortzen dute, baina, aldi berean, Kataluniako edo Euskal Herriko herritarren gehiengoaren aurkakotasuna ere eragiten dute. Hain zuzen, politika ukatzaile eta errepresibo horiek eragin tamalgarria dute zuzenbide estatuaren egituran eta Espainiako kultura demokratikoan. Azkenik, mundu mailan Espainiako politikari eta politikoei buruz dagoen ikuspuntua oso negatiboa da. Estatu gisa, statu quo-aren legitimitatea mantentzen dute, baina erakutsitako izaera autoritario eta bortitzak arbuioa eragiten du, azken kasu honek argi erakusten duen bezala.

Ez da faltako horrelako ebazpenek inolako baliorik ez dutela dioenik. Tamalez, gerra garaian egon arren, Nazio Batuen garrantzia ukatuko duenik ere ez da faltako. Zinikoez harago, horietako asko, bake garaian guda estrategiak mantendu nahi dituzten berdinak dira. Alegia, giza eskubideen eta askatasunen aurka daudenak, eta bakerik nahi ez dutenak.