Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
Entrevista
NEREA EIZAGIRRE
Realeko kapitaina

«Urte on baten ostean ezin daiteke urte kaskar bat etorri»

Realak EH Kopako finala jokatuko du gaur, Alavesen aurka. Duela hamar urte irabazi zuen txapelketa hau aurreneko aldiz eta duela bi, azkenekoz. Sasoi hasierako lehen garaikurra berriro irabazteko gogoz dago Nerea Eizagirre (Tolosa, 2000).

(Jon URBE FOKU)

Ez da denboraldiaurre erraza izan; zenbait jokalari kanpoan izan dira eta bigarren taldeko jokalariekin aritu gara. Talentu handia dago beheko taldeetan», adierazi du Nerea Eizagirre Realeko kapitainak. Gogotsu dago denboraldi berriari aurre egiteko, jada bere zazpigarrena 22 urte baino ez dituenean. Gaztea izanik ere, eskarmentu handia dauka bizkar gainean eta hitz egiten duenean igartzen da hori. Alavesen aurkako EH Kopako finalaren atarian (gaur, 16.00etan, Azkoitiko Txerloian), denboraldia garaikur bat altxatuz hasi nahi duela onartu du. Historikoa izango da kurtso hau Realarentzat -Txapeldunen Ligako atarikoa jokatuko du Bayern Munichen aurka- eta aurrerapausoak ematen jarraitu behar dutela argi adierazi du: «Ez da erraza izango, baina zerbaitegatik gaude gauden lekuan».

Zer moduz? Nola dago taldea?

Ondo, pertsonalki lasai. Denboraldi berria, denboraldi polita eta ilusio handikoa, baina aldi berean gogorra. Lau txapelketa edukiko ditugu: liga, superkopa, kopa eta Txapeldunen Liga. Liga hasteko gogoarekin gaude. Asteburu honetan jokatuko dugu EH Kopako finala, final polita; lehen garaikur hori lortzeko aukera daukagu. Liga hasierara begira sentsazio onak pilatzea izango da asmoa.

Ilusioak berrituta dauzkazu?

Bai. Denboraldi guztiak berriak dira. Aurretik egindako lana hor dago, baina urtez urte hobetzen jarraitu behar dugu. Talde ona daukagu, piezak ondo kokatzen ari gara denboraldiaurre honetan, gauzak probatzen. Garrantzitsua da denboraldiko lehen partidara ondo iristea. Nik uste dut Tolosan Athleticen aurka jokaturiko partidan sentsazio onak izan genituela eta behar genituen. Denboraldiaurrean aurpegi berri asko egon dira, bigarren taldeko jokalari asko eta talentu handia dago beheko taldeetan. Lan asko dago egiteko eta hori ikusi da. Espero dugu final honetan ere sentsazio onak izatea.

Batek baino gehiagok pentsatuko du denboraldiaurreko partidetan emaitza ez dela garrantzitsua, baina beti da hobe irabaztea, ezta?

Bai. Guretzat beti da garrantzitsua partidak irabaztea, batez ere sentsazio onak izatea. Denboraldiaurrean egokitzapen fase hori dago eta batzuetan emaitzak ez dira lortzen. Gure taldean anbizioa da dagoen gauzarik argiena eta, egia esan, partida guztiak irabazi nahi ditugu denok.

Hiru EH Kopa irabazi ditu Realak. Azkena, duela bi urte. Beste aukera bat dauka gaur.

Bai, azkenean garaikur bat irabaztea da. Egia da EH Kopa apur bat kosta egiten zaigula, denboraldia hasi baino astebete lehenago izaten da eta taldeari pixka bat kosta egiten zaio, askotan EH Kopa hau denboraldiaurre moduan hartzen dugulako eta ez txapelketa moduan.

Txapeldunen Ligako atarikorako, ilusioa handiagoa da beldurra baino?

Uste dut taldeak badaukala maila hor jokatzeko. Pertsonalki ikusi nahi dut taldeak nola erantzuten duen asteazken-igande jokatuz. Barça, Real Madril, Atletico Madril eta horrelakoek talde luzeagoa daukate eta gu alde horretatik apur bat estuago gabiltza. Ikusi behar dugu jende gazteak ere nola erantzuten duen; momentuz ondo ari dira, eta ea gai garen astean bi partida jokatuta garaipena lortzeko.

Kapitain gisa, zer mezu helarazten diozu taldeari hain erronka handiaren aurrean?

Lana, lana eta lana. Entrenamendua bukatu eta beti geratzen gara korrika pixka bat gehiago egiten, PMIan (Project Management) bakoitzak hobekuntza indibiduala lantzen, saiatu behar gara profesionaltasun hori gehiago igotzen, ze azkenean astean hiru partida jokatzea ez da erraza. Eta ea lesioek errespetatzen gaituzten. Jende garrantzitsuak ez huts egitea eta gehiegi jokatzen ez duten horiek ere erritmo altuan jarraitzea; inoiz baino gehiago beharko ditugu 22 jokalariak, ikusita partida asko jokatuko ditugula.

Kanpotik sentsazioa da taldea motza dela. Zuk nola ikusten duzu?

Gaudenak gaude eta ez dago besterik. Talde zabalagoa espero nuen, ikusita astean bi partida joka ditzakegula. Baina, tira, lesioek errespetatzen bagaituzte eta zortea lagun izaten badugu, nik uste dut bagaudela jende nahikoa eta maila handia daukagula. Elkarren artean hobeak egiten gara, baina egia da taldeak ondo eutsi behar duela.

Zure zazpigarren denboraldia da Realean, 22 urterekin.

Bai, urte asko dira. Ez zara oso kontziente zazpi urte daramazula hemen. Gaur egun naizen jokalaria izatea ez ezik, pertsonalki ere asko ikasi dut nire aurretik egon diren jokalari askorekin. Asko lagundu didate. Gogoratzen naiz ni etorri nintzenean, une hartan, Maialen Zelaia, Chini, Eguzkiñek... asko lagundu zidatela. Ez da erraza izaten, 16 urte dauzkazu, ume bat zara, kasik ez dakizu non zauden... Beraiek bide onetik eraman ninduten, asko lagundu zidaten eta gaur egun naizen jokalari eta pertsonatik gauza asko beraiei esker da. Oso gustura egon naiz beti, ondo egokitu izan naiz beti taldean, oso pertsona irekia naiz. Giro onean egotea gustatzen zait. Gauza argiak ere asko gustatzen zaizkit, oso zuzena naizelako, baina uste dut ondo harremandu naizela taldekide guztiekin.

Orain zu zara erreferente.

(Barrez) Bai... Polita izango litzateke nire ibilbidea bukatzean nirekin taldea partekatu duten jokalariek sentsazio onak izatea. Ez da erraza erreferente izatea, erantzukizun gehiegi dira, batzuetan ez naiz iristen, 22 urte ditut. Askotan esaten dut gauzak ez baditut ondo egiten normala dela, ez dut esperientzia handiegirik... Ahalik ondoen egiten saiatzen naiz, badakit ondo inguratuta nagoela, bai talde teknikoa, kirol zuzendaritza... denekin harreman ona daukat eta uste dut ondo moldatzen naizela.

Futbolari gisa ere sekulako bilakaera izan duzu. Kalitatea hasieratik atzematen zitzaizun, baina duela bi urte egin zenuen eztanda.

Igorrek [San Miguel] konfiantza handia izan zuen nigan. Bera izan zen hona ekarri ninduen pertsona, berak nahi zuen ni hemen egotea eta beragatik nago hemen. 16 urterekin fitxatua izateko aukera izan nuenean, berak aukera asko eman zizkidan, partida asko jokatu nituen eta oso gustura sentitzen nintzen. Gonzalo Arconadaren iritsierarekin gehiago hazi nintzen pertsona moduan. Berak oso joko ezberdina zuen, bere intentzioa zen ondo defendatu eta kontraerasora ateratzea. Ni ez naiz oso azkarra, niri baloiarekin kontaktua edukitzea gustatzen zait, azken pase hori, azken gol hori, azken jaurtiketa hori bilatzeko. Beste gauza batzuk ikasi nituen, indartsuago izaten, gehiago lan egiten... Bukaeran, Kopako finalean jokatzeko aukera izan nuen, momentu politak izan ziren, selekzioaren lehendabiziko deia ere hortxe jaso nuen. Gero Natalia [Arroyo] iritsi da eta ziklo guztia aldatu da. Nataliak beste estilo bat ekarri du, Bartzelonako estiloa, jokoa atzetik hasiz, eta uste dut hor pieza garrantzitsua naizela. Kanpotik edo barrutik jokatu, beti baloia jasotzen duen jokalaria naiz eta, egia esan, oso gustura sentitzen naiz. Asko disfrutatzen ari naiz. Bi urte hauek oso politak izan dira, disfrutatzen dudan unean asko hazten naizelako. Urte onak izan dira, baina oraindik asko daukat emateko.

Eta nola egin du eztanda zure gol egiteko modu horrek?

Area ertzera asko iristen naiz, protagonismo handia ematen dit Nataliak. Gure zelaira jaitsi, baloia hartu, aurrera eraman... Beti nago baloiarekin kontaktuan eta, beraz, aukera asko dauzkat erabakiguneetan. Bai jaurtiketan, bai pasea, iskin egiten... Konfiantzarekin nabil, beraiek konfiantza handia daukate nigan eta kontziente naiz taldeari asko ematen diodala. Bi urte hauetan dena sartu da, ez dakit aurten denak sartuko diren, baina saiatzen jarraituko dugu (barrez). Gehienbat hori, hazten jarraitu nahi dut. Baloirik gabe gehiago kostatzen zait, erdian lan asko egin behar delako, baina horretan nabil.

Iaz, txapeldunorde geratu eta Txapeldunen Ligarako txartela lortu. Nola hobetu daiteke hain denboraldi historikoa?

Nik uste dut iazko aurreikuspenak ez zetozela bat lortu genuenarekin. Nik argi neukan, gainera; liga hasi eta segituan beste urtebeterako berritu nuen kontratua, ikusten nuelako taldeak maila zeukala eta gustura nengoelako. Aurten polita izango litzateke kanporaketa pasatzea. Beti izan naiz kontziente ezin dela urte on baten ondoren urte kaskar bat etorri; Realak Txapeldunen Ligan sartzen den taldea izan beharra dauka beti. Historia egin dugu, baina historia hutsean geratzen bada, ez du ezertarako balio. Ez zait gustatzen, esaterako, iazko Levanteren kasua. Txapeldunen Ligan Olympique Lyonnais taldearen aurkako kanporaketa jokatu zuen, baina gero ligan makal aritu zen.

Udan uste baino atseden gehiago eduki duzu.

Egia da uda gogorra izan dela. Anbizio handiko jokalaria naiz eta nahi ditudan helburu guztiak lortzea gustatzen zait. Klubean helburua lortu nuen, zenbakiak hobetu ziren, taldearen emaitzak ere bai. Beste helburu bat Eurokopan egotea zen eta ez nuen lortu. Alde horretatik, motibatuta jarraitzen dut. Mundial bat dator. Klubean egunero erakusteko aukera daukazu, selekzioan hiru-lau aste izaten dira eta hautatzaileak bere gustuak ditu. Badakit hobetzeko asko daukadala eta horretan nabil. Bere erabakia izango da beti, baina nik ez diot lanean jarraitzeari utziko bere erabakia ez gustatzen zaidalako. Nik uste dut berak konfiantza daukala nigan eta hori transmititu izan dit beti.