GARA Euskal Herriko egunkaria

Altxorra


Duela 22 urte munduko master txapelketa egin zen Lafitenean. 2000. urteko irailean 35 urtetik gorako surflari ezagunak bildu ziren Lapurdiko eskuin olatu famatuan eta sona handiko txapelketa izan zen 3 metroko olatu bikainak izan baitziren.

Tom Carroll, Tom Curren, Marck Richards eta hainbat munduko txapeldun ohi izan ziren, eta baita titulu mundiala inoiz irabazi gabeko beste surflari handiak ere. Gaur egun masters kategoria 45 urtetik gora da eta grand masters, ostera, 55 urtetik gora.

Kelly Slaterrek oraindik ilea zuen, eta 30 urte baino ez zituen; beraz, ezin zuen parte hartu, baina han izan zen, «surflari zaharrak» batzeak ikusmina sortu baitzuen. Quiksilver bere momentu hoberenean zen Europan eta Biarritz Europako surfaren hiriburua zen. Egun Biarritz Europako «surf hiri» bat gehiago da, Quiksilverrek indarra galdu du, eta jada ez da lehen mailako txapelketarik egiten Lapurdin.

Aitzitik, Euskal Herriak Europako gune garrantzitsuena izateko potentziala izango luke, kostalde osoak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartu eta luzera begirako plan estrategiko bat egiteko borondate apur bat balego. Horretarako, ordea, mugarik izango ez balitz bezala pentsatu behar da.

Adibidez, Mundaka, Zarautz eta Biarritz batuta, itzelezko potentziala izan daiteke, edo bestelako binomio edo hirukoak asma daitezke, helburuen arabera, baina gauza bat argia da: Espainiako estatuan aukera gehien eskaintzen dituen eremua eta estatu frantsesean aukera gehien eskaintzen dituen eremua Euskal Herria da. Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdi, batuta, altxor bat da.