GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Aldaketekin asmatzea eta pazientzia, lehen porrotaren irakaspenak

Espanyolen kontra Valverdek egindako lau aldaketek ez zioten batere lagundu Athletici. Are gehiago, taldeak okerrera egin zuen zelaian, urduritasuna nagusitu zen zuri-gorrien artean eta Diego Martinezen jokalariak hobeto moldatu ziren.

Valverde, jokalariei aginduak ematen Espanyolen kontrako partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ernesto Valverdek bost aldaketarekin jokatzen ohitu beharra daukala aitortu zuen Espanyolen kontrako partidaren atarikoan. Pandemia garaian ezarritako araua berritasuna da berarentzat. Hala ere, Ligako lehen lau jardunaldietan 22 jokalari erabili ditu. Hamaikakoak oso antzekoak izan dira, baina aulkitik ateratako jokalariekin hainbat modutan hartu ditu erabakiak gidoiak hala eskatuta. Dirudienez, aldagelan giro ona eta lehiakortasuna bultzatzea izan da bere helburua. Lesionaturik egon direnak (Iñigo Martinez, Agirrezabala eta Balenziaga) edo heldu berria den Herrer kenduta, beste guztiek minuturen bat izan dute.

Mallorcaren aurka, esaterako, hainbat mugimendu egin zituen erasoko jokoa suspertu eta gola egiteko. Aulkian zeukan guztia atera zuen: Raul Garcia, Guruzeta, Nico Williams, Zarraga eta debuta egin zuen Malcom Adu Ares ere. Valentziaren kontrakoan garaipena defendatu beharra zegoen eta taldea sendotu zein denbora galtzeko aldaketak egin zituen. Zarraga, Vencedor eta Raul Garcia zelairatu zituen lehendabizi eta luzapenean, Morcillo eta Capa.

Cadizen, berriz, erabakigarriak izan ziren bigarren zatian irten ziren jokalariak. Nabarmentzekoa, Gorka Guruzetak lortutako bi golak eta Morcillok emandako pasea. Raul Garcia eta Dani Garcia ere atera ziren eta Aitor Paredesek lehen minutuak izan zituen.

JARRAITUTASUNA

Azken garaipena lortu zuen hamaikako bera errepikatu zuen Valverdek Espanyolen kontra. Ondo egindako lana saritu nahi izan zuen. Bederatzi jokalarik hasieratik jokatu dute lau partidetan. Unai Simon izan da atezaina. De Marcosek, Vivianek eta Yerayk partida guztietan osatu dute defentsa; zelai erdian Vesga, Sancet eta Muniain izan dira eta goian, Berenguer eta Iñaki Williams. Lehen jardunalditik sartu diren bakarrak Nico Williams, Villalibreren ordez, eta Lekue, lesionaturik dagoen Yuriren postuan, izan dira.

Valverderen hautua eraginkorra izan da. Taldeak itxura ona eman baitu eta emaitzak ere lortu baititu. Zazpi puntu pilatu dituzte dagoeneko eta sailkapenaren goialdean kokatu dira Liga hastapenean. Espanyolen kontrako lehen zatian ere txukun aritu ziren zuri-gorriak. Boxeo borroka bat izango balitz, puntutara irabazten ari ziren. Bigarren zatian okertu zen norgehiagoka.

Vesgak, Sancetek eta Muniainek osatzen duten hirukoak zeukan kontrolari zailtasunak jartzeko Diego Martinezek aulkia mugitu zuen. Keidi Bare albaniarra sartu zuen zelai erdian, Edu Expositoren lekuan, eta Espanyolek jokoa gehiago trabatzea lortu zuen. Bare lesionatu egin zen eta 17 urte bakarrik dituen Keddari atera zen bere tokian. Harrobitik igotako beste bi jokalarik ere egin zuten debuta San Mamesen eta ilusio horrek indar handiagoa eta kemena eman zion Espanyoli.

Hiru erdiko atzelarirekin jokatzera pasatu zen, eta galtzeko beldurra eragin ordez, erosoago sentitzen hasi ziren zelaian. Athleticen, aldiz, urduritasuna gailenduz zihoan. Valverdek 55. minutuan sartu zuen Gorka Guruzeta. Donostiarra erdiko aurrelari gisa kokatu zen eta Iñaki Williams eskuin hegalera igaro zen. Ulergaitza izan zen Nico Williams zelaitik hain astiro irteten ikustea. Batez ere, taldeak garaipenaren golaren bila joateko asmoa erakutsi zuenean.

SORMEN FALTA

Zuri-gorriak nahi eta ezin ari ziren. Ez zuten minik egiten erasoan eta Espanyol hazten ari zen. Unai Vencedor eta Raul Garcia zelairatu zituen Valverdek. Egindako lanari jarraitutasuna eman ezinda, pazientzia galtzen hasi ziren eta presak beren kontra jokatu zuen. Aldi berean, sormen falta nabari zen. Batez ere, freskotasuna eta erabakiak hartzeko bizitasuna. Beroak ere eragin zuzena izan zuen.

Braithwaiten gola Errekaldeko erdilariak galdutako baloi baten ondorioz iritsi zen. Talde osoa aurrera begira zegoen eta defentsa ezustean harrapatu zuten sakonean bidalitako baloi batekin. Vivianek ez zuen jokaldia gelditu eta Yerayren akatsak aurrelaria Unai Simonen aurrean bakarrik utzi zuen. Erdiko atzelari biak bikain aritu dira denboraldi hasieran, baina beraiek egindako huts egiteak lehen gola eta lehen porrota eragin zituen.

Herrera aulkian zegoen eta, harritzekoa bada ere, entrenatzaileak ez zion aukerarik eman. Jon Morcillo izan zen laugarren eta azken aldaketa. Zornotzarra ezker atzelari moduan sartu zen. Ezer gutxirako balio izan zuen. Gol aukera bakarra Yeraik errematatutako falta batean heldu zen luzapenean. Denboraldiaurrean maila ona emandako Oier Zarraga eta Asier Villalibre ere jokatu gabe geratu ziren beste aldaketa bat egin zitekeenean.