EDITORIALA

Eztabaidak emaitza izango du, agian; ez gaur, ordea

Ez da erraza Juan Sebastian Elkano bezalako sinbolo bat Euskal Herriarentzat berreskuratzea. Frankismotik aurrera haren nazioaren ondare bihurtu duen historiografia espainiarrari ebastea eta euskal ikuspegi errealista, zorrotz, kritiko eta eraikitzaile berri batean oinarrituta haren figura aldarrikatzea erraza ez denez, ez da samurra izan. Eztabaida egon da, eta emaitzak emango ditu, baina ez gaur.

Eztabaida honetan, paradoxikoki, Elkano inperial gisa aldarrikatzen dutenen eta kolonizatzaile gisa borrokatzen dutenen artean adostasun maila nabarmena dago. Iruditegi hori funtzionala da historiografia espainiar loriatsua defendatzen dutenentzat eta barne-etsaia borrokatu nahi duten euskal erresistenteentzat. Beste zenbait, gauzak frankismoak kontatu zituen bezala ez zirela izan demostratzen ahalegin handia egin ondoren, Elkano guztiz eredugarria erakusteko tentazioan erori dira. Polarizazio garaian, ordea, espainiar heroi baten, euskal bilau baten eta euskal utopiko baten arteko triangelu dialektikotik zaila da sintesi konstruktibo bat ateratzea. Denborak bere tokian jarriko du kontakizun bakoitza. Litekeena da espainiarrek beren aldarrikapena apaltzea Elkano berri hau ez dutelako maite -espainiar erregea Getariako antipodetan zegoen atzo-. Ziur asko, haren balentriari eta izaerari buruzko ikuspegi berri horren bidez, euskaldunak getariarra gehiago estimatzen hasiko dira. Horrez guztiaz gai transzendental baina taktikoa egin dutenak hurrengo gaira pasatuko dira, Elkano aitzakia zelako, hein handi batean.

Euskal herritar askorentzat liskar hau eta eman den forma ez da oso interesgarria. Espainiar agintariek margotzen zuten Elkano ez zuten gogoko, berri honen beharrik ez zuten sentitzen, eta ez dute errudun sentitzeko asmorik, ez batarengatik, ez bestearengatik. Duela bost mendeko auziak aktualitate politikora proiektatzeko joera ebaluatu beharko da, noizbait. Bitartean, tamalez, Getariako herriak urte hauetan egin duen lan itzelari ez zaio behar besteko baliorik eman. Mendeurrenaren testuinguruan, itsasoari buruzko gogoetak ere bigarren mailan geratu dira. Eta horiek badira gaur bertan eta urrunago joan gabe, estrategikoak Euskal Herriarentzat.