GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Izaro lestayo
Getaria Arraun Elkarteko ordezkaria

«Kontxan sartuta, entrenatzaileak momentua gozatzeko esan zigun»

Eusko Label Ligara igo berria, 1973az geroztik lehen aldiz Kontxarako sailkatua eta orain, gainera, ohorezko txandan merezimendu osoz. Zein da Getariaren sekretua? “Esperantza”-ren urte magikoa argitzeko modu onena, trainerua eta kluba barrutik ongi baino hobeto ezagutzen dituen norbaiten hitzak irakurri eta aintzat hartzea.


Modako herria da Getaria, ez arraunari lotuta bakarrik, asteon ospatu baita Juan Sebastian Elkanok gidaturiko espedizioak munduari bira eman zionekoa. Izaro Lestayo ere bertan izan da, “Victoria” ontziaren erreplikak hartu duen aurreneko emakumea izan baita Getaria Arraun elkarteko patroi ohia, egun delegatu lanetan dabilena. Berak badaki San Juango “batelerekin” Kontxako bandera irabaztea zer den ere, eta abuztuaren 31n, 1973az geroztik Getariako “Esperantza” Kontxarako sailkatu zen egunean, hantxe zen bere herritarrak animatzen eta erreferentziak ematen.

Agenda kontuak direla-eta, elkarrizketa hau hilaren 3an egin zen; hau da, artean inork ere ezin zuen pentsatu Getariak Kontxako Banderako ohorezko txandan lekurik izango zuenik. Ala bai?

«Normalean ziabogara ez gara aurrenak iristen, eta hara heldu arte taldeak iraun egin behar du; nik uste iraungo duela. Bistan da ez garela Kontxako Bandera irabazteko lehian izango, baina ohorezko txandan sartzeko borrokan, bai», iritzi zion. Hobe zukeen kazetariak isildu balitz...

Hainbeste bai? Kargu hartzeko ere!

Hitz egingo dugu!

Xabier Goikoetxea presidenteari emozioa pasatu al zaio?

Nik uste oraindik pare bat asterako emozioa baduela! (barrez) Xabierrek kluba barru-barrutik bizi du. Klubeko arraunlari gehienak gazteak dira eta herrikoak, eta orain arte inor askok ez zituen oso aintzat hartzen eta egin duten blokea izugarria izan da. Xabik txikitatik ezagutu ditu arraunlari horiek, eta goraino iristen ikustea, Kontxa barruan sartzeraino, beretzat egon daitekeen saririk potoloena da.

1973tik lehenengoz Kontxarako sailkatzeak meritua du, baina ez al du meritu handiagoa sailkapen estropadara faboritoen artean iristeak?

Bai, baina egia esan, sorpresarik handiena guk geuk hartu dugu. Eusko Label Ligan bosgarren goazela, baina Kontxako estropada berezia da eta presio hori aldean dela zoazenean... Arraunlariak beldur horrekin joatea normala da, ea urduritasun horren erruz estropada txarra egingo ote zuten. Baina egin zutena izugarria da, estropada borobila atera zitzaielako.

Sailkapen estropadan egin zutena, hala ere, ez zen udan egin dutenarekiko ezberdina.

Egia da, bai. Arraunlariek bazuten buruan hori ere; hau da, beti bezala arraunean eginez gero, barruan izango zirela.

Zuk zeuk barrutik ezagutzen duzu Getariako ontzia. Ez dakit delegatu begiekin ala arraunlariaren begiekin ari zinen estropada horri begira?

Nik neuk talde barruan banengo bezala bizi izan nuen. Mutil hauek talde bezala asko eman didatela egia da, eta hargatik Kontxara arraunlari kuadrillarekin joan nintzen eta furgonetan elkarrekin joan ginen. Estropada eremuan, taldeko bat gehiago banintz bezala sentitu nintzen.

Eusko Label Ligan debuta egin duzue eta maila salbatu ere bai. Zuen bereizgarria ia gehienak harrobitik ateratako arraunlariak dituzuela da. Batez beste zortzi urte eta erdi daramate klubean eta adina 25 urte pasatxokoa da.

Ba atera kontuak duela lau urte trainerua osatu ezinik genbiltzala! Duela lau urtetik hona Jon [Larrañaga] dago entrenatzaile eta nik uste helburu guztiak bere eskutik lortu ditugula. Hasiera batean maila eutsita konforme ginen, KAE 1 Ligari buruz ari naiz, eta han lan on bat egitea nahi genuen. Baina aurreneko urte hartan dagoeneko lan oso ona egin genuen, banderak irabazi eta guzti eginda, eta pixkanaka hazten joan gara.

Mailaz igotzea, bestalde, “boom” bat izan da baina, horrez gain, taldeak ez du kanpotik jenderik ekarri nahi izan. «Trainerua herriko jendeak osatu eta mailaz beraiek igo badute, zergatik ez gara herriko jendearekin ondo ibiliko Eusko Label Ligan?», pentsatu genuen. Esatea erraza da, baina nik uste lortu dugula.

Zuen lana asko aldatu al da gorenera heldu zaretenetik?

Entrenamenduak oso antzekoak izan dira, baina egia da bestalde jendeak beste jarrera bat zeukala. Eginbeharra serioago hartu du, azken baten eliteko arraunlariak baitira.

Parranda egitea mundu guztiari gustatzen zaio, baina arraunlariek ongi dakite eliteko kirolariak direla eta horrek ez duela barkatzen. Hankak lurrean beti, baina hortxe daudela erakutsi dute.

Etorkizunean pentsatu aurretik, gozatzeko momentua da?

Kontxarako sailkatu eta gero, entrenatzaileak denak bildu gintuen eta «faborez, gozatu momentu honetaz», esan zigun; halaxe eskatu zigun, ez dakigulako noiz etorriko den berriro halakorik. Estropada hauen guztien atzetik lan oso ona dago, entrenatzailearen, prestatzailearen eta baita arraunlarien aldetik ere.

Datorren urtera begira jarrita, ez dakit zer pasako den, baina taldea mantentzen baldin bada, gauza are eta politagoak lor ditzakegula uste dut. Aurten, denboraldia hasterako, maila mantentzea zen gure helburu bakarra, baina ikusita gauzak oso ondo doazela, hurrengo urteari begira, gehiago lortzeko gogoa ematen du