EDITORIALA

Futbol profesionalean ere arrakalari eutsi nahi diote

Emakumezkoen Futbol Ligako Lehen Mailako epaileek atzo iragarri zutenez, aho batez erabaki dute gaur hastekoa zen lehiaketako partidurik ez arbitratzea, beren lan baldintzak hobetu ezean. Beraz, Lehen Mailako taldeek, tartean Alavesek, Athleticek eta Realak, denboraldia prestatu ondoren, ez dakite gaur beren norgehiagokak jokatzerik izango duten. Emakumezkoen Liga Profesionalak dioenez, epaileen baldintzak hobetzeko urratsak egin zituzten, eta Espainiako Federazioa seinalatu du egoeraren erantzule gisa, haren kudeaketaren menpe baitaude epaileak. Argi hitz egin dute, gainera, egoera honen eragile nagusia Espainiako Federazioko presidentea dela esanez, «bere helburua lortzeko emakumeak erabiltzen baititu»; hau da, «emakumezkoen futbola deuseztatzeko eta emakumezkoen futbol profesionalak hazten jarraitzea eragozteko».

Pentsaezina da jokalarien nahiz taldeetako langileen prekaritate egoera hori gizonezkoen Liga Profesionalean. Pentsaezina gizonezkoen futbol ligan talde batek bere jokalarientzako sendagilerik partiduetara ezin eramatea, eta horixe gertatzen da emakumezkoen talde apaletan. Izan ere, epaileen hau ez da arazo bakarra, ez da arrakala bakarra. Eta ez da ezer gertatzen, nonbait. Gizonezkoen ligan irregulartasunik ñimiñoena dagoenean alarmak pizten dira berehala. Emakume futbolariek planto egin eta borrokatuz lortu zuten profesionalizazioa, beste biderik ez zietelako eskaini; ez diote inori ezer zor, eta eurei duintasunez tratatzea zor zaie. Esanetik eginera dagoen tartea nabarmena da kasu honetan, ordea, beste askotan bezala: futbolaren inguruko lanpostuen gutxieneko baldintzetan, langile orok merezi dituenetan. Gizonezkoen ligan eskandalagarritzat joko liratekeen baldintzak, zer dela-eta jotzen dira normaltzat emakumezkoenean?

Kontzientziaziorik eza ikaragarria dago oraindik jendartean, oro har; hitzez aitortzen dena hitz hutsetan geratzen da, eta hitzen arloan Federazioa eta Administrazioa lehenak dira, baina azkenak egitateenean. Horregatik utzi ditu nabarmen Emakumezkoen Ligak, izenez profesional esaten dioten horretan dagoen arrakala ezabatzeko asmorik ez dutelako.