GARA Euskal Herriko egunkaria
KARAKORUM

Oroitzapenak Amin Brakk-era eraman ditu gazteak

Julen Berrueco, Asier Perez eta Adolfo Madinabeitiak duela 22 urte azken horrek Jon Lazkano eta Jose Carlos Tamayorekin hasitako bidea eta talde txekiar batek amaitu zuena errepikatu dute.


«Aitzakia itzela bilatu nuen Pakistan eta Amin Brakk bisitatzeko. Adinean aurrera noa, eta, berandu baino lehen, garai bateko oroitzapena berreskuratu nahi nuen. Horrez gain, urtearen hasieran Julen Berruecok esan zidan ea planen bat nuen espedizio bat egiteko. Nik gehiegi pentsatu gabe esan nion Amin Brakk xede ederra izan zitekeela; hain zuzen ere, 1996. urtean Jon Lazkano eta Jose Carlos Tamayorekin hasitako bidea eta ondoren txekiarrek bukatu zutena eskalatzeko. Ados jarri ginen, eta bidaia honetara Asier Perez batu zitzaigun».

Esan eta egin. Oroitzapena eta “arantza” bizkar-zorroan sartu eta Madinabeitiak bi gazte horiek big-wall bat egitera eraman ditu. Gogora dezagun Madinabeitia eta enparauek 1.100 metro berri zabaldu zutela “Al filo de los imposible” telebista saioak antolatutako espedizioan. Gorabehera batzuk tarteko, euskal alpinista hauek lan guztiak amaitu gabe utzi zituzten. Hiru urte beranduago, 1999. urtean, Filip Silhan, David Stastny eta Marek Holecek txekiarrek marra hori bukatzeko aukera izan zuten. Nahiz eta sei luze berri ireki zituzten, txekiarrek bide hori “bereganatu” eta “Czech Express” izena jarri zioten.

Irakurtzen den bezala, euskal taldeak lan gehienak eta zailenak egin zituen. Horregatik guztiagatik baieztatu dio Madinabeitiak GARAri ez duela bat egiten txekiarrek jarritako izenaren erabakiarekin: «Bide horrek 1.600 metroko ibilbidea du. 1.100 metro guk sortu genituen; txekiarrek, berriz, beste 500. Izorratzen du izen hori hartzeak; agian, egokiagoa litzateke ‘96+Czech Express’ jartzea. Kontuan hartu behar da ere, txekiarrek lehen igoera hori egiteko guk hiru urte lehenago paretan utzitako soka finkoak erabili zituztela. Tresneria ia gehiena han galdu nuen. Bilgune ia guztiak nire iltzeekin eta mosketoiekin ekipatu ziren. Bide batez gehitu behar dut gure jarduera hartan larri ibili ginela. ‘Al filo’-koek planteamendu oso txarra egin zuten espedizio horretarako. Hilabete eskas egon ginen, eta aurtengo bisitan bi egin ditugu”.

Garai haietan Amin Brakk modan jarri zen, eta talde batzuk-batzuk hurbildu ziren mendiak dituen hormatzarretan zirrikitu berriak zabaltzera. Murru tente horiek oso erakargarriak ziren, baina, Madinabeitiak aurreratu digunez, bazen beste eite bat Amin Brakk bisitatzeko “indarra” hartu zuena. «5.850 metroko garaiera zuenez, han jarduteko ez zen baimenik ordaindu behar. Baina orain, teknologiari esker, ohartu gara, 6.100 metroko garaiera duela».

Aurreratu dugun bezala, eskalatzaile arabarraren azken espedizioan bi gaztek hartu dute parte: Berruecok (26 urte) eta Perezek (31). Duela 22 urteko arantza kentzeko, beraz, gazteak izan ditu ondoan: «Julen eta Asier sokakide izan ditut, eta, neurri batean, gazteak eta beterano bat elkartzea oso interesgarria iruditu zitzaidan. Julen 17 urterekin eskalatzen hasi zen eta soka maiz partekatu dugu. Duela pare bat urte, adibidez, Cerro Torren egon ginen elkarrekin. Dagoeneko, bere kabuz ibiltzen da, eta, besteak beste, aukera izan du Izenik Gabeko Dorreko ‘Eternal Flame’ eskalatzeko. Baina Amin Brakk beste kontu bat da, eta gazte horiek big-wall batean eskarmentua hartzea oso egokia izan da».

HOGEI EGUN.

Ekainaren 17rako, talde honek kanpaleku nagusia antolatua zuen. Lehen hamar egunak girora egokitzeko eta lehen kanpalekua ekipatzeko erabili zituzten. Munduko beste mendilerroetan gertatzen ari den bezala, Karakorumen ere klima aldaketa irmotasun handiarekin heldu da. Hori, bederen, ikusi du Madinabeitiak berak: «Bidearen oinarrira eramaten duen glaziarra egoera oso kaskarrean dago. Duela 22 urte oso erosoa zen, eta handik ibiltzea nahikoa segurua zen. Orain kaos erraldoi bat da. Hormaren goialdetik, bestalde, arroka eta izotz puska gehiago erortzen ikusi dut. 2.000. urtean Juan Mirandarekin ‘Namkor’ bidea sortu genuenean, ez nuen egoera hori ikusi. Edo ahantzi dut».

“96”ko bidearen zailtasunari dagokionez, aipatu behar dugu gehienez A3+ maila duela. Gainditutako sabaiei zailtasun hori eman zieten. Ondoren, txekiarrek esan zuten A4 eta 7b mailako luzeak igo zituztela. Osagai horiek guztiek (zailtasunak, klimak eragindako aldaketak, big-wall…) ez zituzten alpinistok kikildu, eta, eguraldiarengatik astebete kanpaleku nagusitik mugitu gabe egon eta gero, uztailaren 17an horman sartu ziren: «Zortzi egun behar izan genituen 1.600 metro horiek gainditzeko. Bigarren kanpalekua, adibidez, duela 22 urtekoa baino luze bat gorago antolatu behar izan genuen goitik erortzen ziren arroka eta izotz puskak saihesteko. Hilaren 26an gailurrean ginen».

Igoera horretan lan eskerga eta ona egin zuten. Lehen helburua, tontorrarena, patrikan zuten, baina oraindik jaitsiera oso gorabeheratsua zain zuten: «Lehen ezustea gailurretik gertu izan genuen. 15-20 metrora, lehen rappelean, erlaitz bat puskatu eta zati batzuk nire sorbaldaren eta buruaren gainean erori ziren. Zorionez, ez ninduen amildegira eraman! Horren ondorioz, jaitsieraren erritmoa mantsotu genuen, eta bigarren kanpalekura goizeko lauretan heldu ginen. Han ginela, eguraldia okertu eta hamar egun kanpaleku horretatik irten gabe egin genituen. Baretu zenean, abuztuaren 3an, jaitsierarekin jarraitu eta kanpaleku nagusira onik iritsi ginen. Zortzi egun eskalatzen, beste hamar kanpaleku horretan blokeatuta eta beste bi nagusira heltzeko. Denera, hogei eguneko joan-etorria izan zen”.

Era horretara, Madinabeitiak duela 22 urteko arantza gainetik kentzeko aukera izan zuen, eta Perezek zein Berruecok eskarmentu bikaina bizi izan zuten big-wall batean. Hortaz, espedizio horren asmoak erabat bete ziren. Eskalatzaile beteranoak oso hitz onak izan ditu sokakide izan dituen gazteentzat: «Zalantzarik gabe, Asier eta Julenek egin duten lana bikaina baino bikainagoa izan da. Lan guztiak partekatu ditugu: sokaburu joatearena, petateak igotzearena… Arestian esan dudan bezala, Julen ezagutzen nuen, eskalatzaile fina izateaz gain, gizabanako aparta da. Asier ere oso atsegina da. Big-wall batean lehen eskarmentua izan dute gazte hauek, eta oso ondo moldatu dira».