GARA Euskal Herriko egunkaria

Gorilak edo ardiak


Gustura ikusi nuen Trestleseko Final Handia. Txutxeria poltsa eta garagardoa ondoan, gorputzari plazer emateko ohi den moduan, hau da kalte eginaz, txandak eta txanda artekoak arretaz jarraitu nituen.

Itsasoratzeko prest zen surflariaren balentriak sutsuki goraipatzen zituen aurkezleak eta jarraian lehiakidea tximino bat bezala agertzen zen oholtzan. Ikusleek kakahueteak botatzea bakarrik falta zen.

Zirku hartan bazen bereizten zen norbait, gorila indartsu bat: Italo Ferreira.

Finala galdu bazuen ere, beste txanda guztietan arerioak birrindu egin zituen. Ikusleen kakahueteak jasotzeko posatu behar zutenean lurrera begira amultsuki murtxikatzen zuen txiklea, masailezurrak marraztuz, eta zeremonia-maisuak itsasoratzeko baimena ematen zienean oholtzatik salto egiten zuen hondartzara, bere arerioak eskaileretatik jaisten ziren bitartean. Ikusgarria zen irudikatzen zuen indarra, lehorrean zein uretan.

Txanda ostean ez zion WSLko elkarrizketatzaileari begiratzen, kamerari ia bizkar ematen zion eta, bat-batean, elkarrizketa eten eta alde egiten zuen. Ez zegoen eroso show hartan.

Oso bestelako irudia eman zuen sari banaketetan hitza hartu zuen Adelia Sandovalek. Acjachemen nazio indiarreko ordezkariak bakea eta amodioa aldarrikatu zituen.

Naturaren inguruko zenbait esaldi polit ere bota zituen, baina tira, jendeak parean zuena apur bat gehiago zapaltzen jarraitzeko baimena zuela ulertu zuen, errespetua ez baita hitz politekin eta irribarreekin lortzen, zoritxarrez...