GARA Euskal Herriko egunkaria
CHARLES III. ERREGE BERRIA

«Armiarma beltzaren memoranduma» edo Charles III.aren alde politikoa

Batzuek politikan muturra sartuta duen Errege Etxeko kidetzat jo izan dute Charles III.a, eta hainbat hamarkadatan erreformista izango ote zen eztabaidatu da publikoki. Gobernuko ministroei egindako idatziek eta «Armiarma memorandumak» bezala ezagunak diren dokumentuek bultzatu dute iritzi hori. Aldaketa, oraingoz, bere inguruan eman daiteke eta Commonwealtharen etorkizunean.

(Henry NICHOLLS | AFP)

Erregea politikatik kanpo mantentzen da». Britainiar (eta ez soilik britainiar) konstituzio modernoko oinarririk onartuenetako bat da. Koroak botere handiak dituen arren, gaur egun gobernu hautatuaren irizpide eta nahien arabera bakarrik egikaritzen direla ulertzen da. Subiranoa alderdien politikatik urrun mantentzen da, modu publikoan behintzat, baina bere eraginaren eta parte-hartzearen benetako irismena nahita estali izan da. Horren adibide da, ia dena prentsara iragazten den herrialde batean, apenas ezaguna izatea ezer Elizabeth II.ak bere erregealdian ezagututako 14 lehen ministroekin astero egin dituen bilerei buruz.

Gaiak garrantzia hartu du berriz ere, askoz gehiago ezagutzen delako Charles erregearen ikuspuntu askori buruz. Azkena, Boris Johnsonen Gobernuak migratzaileak Ruandara bidaltzeko plana errefusatzea.

Galesko printze zenean, errege berria sarritan kritikatu zuten bere esku-hartze politikoengatik. Ezagunenak alderdikeriarik gabeko gaiei buruzkoak izan dira; hala nola, arkitektura, medikuntza alternatiboa eta kontzientzia klimatikoaren defentsa.

Ministroak eta Saudi Arabia

Hala ere, hori ez da guztia. Auzitegietan borroka luze bat izan ostean, The Guardian egunkariak, 2015ean, printze zenak ministro nagusiei bidali zizkien 27 gutun eman zituen ezagutzera. “Armiarma beltzaren memorandumak” bezala ezagutu ziren, haren idazteko moduari erreferentzia eginez.

Gutunek haren nahi politikoaren zabaltasuna erakusten dute. Iraken zeuden soldaduentzako baliabide hobeak eskatu zituen, baita behien tuberkulosiaren hedapena geldiarazteko azkonarrak erabiltzea ere. Era berean, botika alternatiboen eskuragarritasun zabalagoa bilatu zuen, presioa egin zuen supermerkatu batzuen aurkako kanpaina bat egiteko eta bere idazkariari proposatu zion Downing Streeti ospitale berrien diseinuari buruzko informazioa ematea. Baina ministroak gai delikatuagoetan ere presionatu zituela ere zabaldu zen. David Blunkettek, Hezkuntzako idazkari ohiak, gogorarazi zuen orduko printzeak presioa egin ziola. Eta 2021ean jakin zen Saudi Arabiako agintariek diru kopuru handiak sartu zituztela errege berriaren intereseko proiektuetan.

14 herrialdetako estatuburu

Eguneroko politikatik harago, monarkia bera ezbaian jar dezake aldaketak. William printzeak, duela hilabete batzuk Jamaikara egindako bisitan, Commonwealtheko estatuek errege familiarekiko bereizita beren bidea aukeratzeko eskubidea dutela aitortu zuen. Orain, Ben Jones historialariak «sistemarentzako shock» bat iragarri du. Commonwealth-eko estatu gehiagoren irteerak «saihetsezinak» izango direla aurreikusi den arren, monarkia modernizatzen saiatuko direla segurutzat jo da.

Segur aski, errege berriak aurrean izango duen erronka nagusia jarraipenari eustea izango da. Erresuma Batuko eta Commonwealtheko herritar askok ez dute inoiz Elizabeth II.a gabeko mundurik ezagutu. Askorentzat, bera izan da Erresuma Batuaren batasuna mantendu duen haria. Hain izan zen ezaguna, ezen SNPk berak ere, 2014ko erreferendumerako kanpainan, onartu baitzuen erreginak Eskozia independente bateko estatuburu izaten jarraitu beharko zuela.

Gaur egun 54 herrialdek osatzen dute Commonwealth elkartea. Hala ere, joan den mendearen erdialdetik, bertako kide izateak ez du esan nahi pleitesia egin behar zaionik errege britainiarrari. Eta 14 estatu independentetako buru da.

Barbadosek, 2021eko azaroan, Isabel II.ari estatuburu gisa aitorpena kendu zion eta orain beste asko mahai gainean jartzen ari dira auzi hori (Charles III.arekin). Gaston Brownek, Antigua eta Barbudako lehen ministroak, iragarri du erreferendum bat deituko duela eta Jamaikan ere norabide berean doaz. Ildo beretik, San Vicenten eta Granadinasen monarkiaren aurkako manifestazioak izan dira, eta Ralph Gonsalves gobernuburuak uztailean erreferendum bat egitea proposatu zuen.

Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak, aldiz, atea zabalik utzi du herrialde ozeanikoak monarkia ri uko egin diezaion, baina «ez dela epe motzeko neurria» izango ere nabarmendu du.

Errege etxe honen etorkizunaren foku nagusietako bat Australian jarri da azken orduetan. Han, azken bost lehen ministroetatik lauk herrialdea errepublika bihurtzea babestu dute. Australiako Mugimendu Errepublikanoak adierazi du hileta amaitu arte isilik egongo dela, baina norabideak argia dirudi. 1998an, Australiak bere herritarrei galdetu zien errepublika bihurtu behar ote zuten. Orduan monarkiaren jarraipena nagusitu zen, nahiz eta emaitza hori errepublikazaleen kanpainako akatsei egotzi zaien, Australiako gizarteak Isabel II.arekin zuen loturari baino gehiago.

Kanadan ere, azken inkesten arabera, %34ak baino ez dio monarkiari eutsi nahi. Hala ere, gai hau Justin Trudeau lehen ministroak bere agenda politikotik kanpo utzi duela dirudi.