GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKALADA

«Alphane»-ri esker, Shawn Raboutou blokeko 9a mailan sartu da

Espezialista estatubatuarrak proposamen hori egin du Chironicoko (Suitza) korapiloaren inguruan. Denera, hogeita bost ekinaldi behar izan ditu.


Boulderreko muturreko zailtasuna pixkaka-pixkaka “askatzen” ari da. Azken urteotan, adibidez, behin baino gehiagotan aipatu dugu 8c+ zailtasuna benetan sendotzeko zaila izaten zela oso. Gaur egun, proposamen asko baieztatuak ditugu, eta, hortaz, hurrengo maila jo eta zein den egoera ikusi beharko da.

Momentuz, aurrera dezakegu 9a mailak beste protagonista bat izan duela. Shawn Raboutou du izena, eta Chironicon (Suitza) gai izan da “Alphane” blokearen mugimendu guztiak lotu eta erorikorik gabe amaitzeko. Esfera horretan sartu eta maila horretako laugarren boulderra izango litzateke. 2016. urtean, Nalle Hukkataivalek munduko lehen 9a proposatu zuen “Burden of dreams”-ekin. Sei urte igaro dira, eta inor ez da gai izan lehen errepikapena egiteko. Probatu dutenek ez dute zalantzarik: 9a da. Iaz, bestalde, izaera bereko beste bi proposamen heldu ziren. Simon Lorenzik “Soudain Seul” sinatu zuen. Lehen errepikatzaileak 8c+ mailan utzi zuen; bigarrena, berriz, Lorenziren iritzi berekoa da. Urte berean, “Return of the sleepwalker” iritsi zen Daniel Woods-en eskutik. Bloke horrek ez du beste igoerarik ezagutu orain arte.

“Alphane”-ren inguruko proposamenari buruz, aurreratu behar dugu egoera oso bitxia bizi izan dela. Apirilean, eskalatzaile honek lehen igoera egin zuen, baina abuztura arte ez du iritzirik plazaratu nahi izan. Gainera, argitaratutako bideo baten bitartez egin du. Hori, jakina, munduko espezialisten artean ez da batere ohikoa, baina 24 urteko estatubatuarrak jarrera hori hartu du. Hain zuzen ere, bere herrialdeko hedabide espezializatuek gogor kritikatu dute; harroputza dela aurpegiratu diote. Bai, bloke horretan eginikoaren zein proposamenaren inguruan ezer gutxi esan du. Raboutouk ez du elkarrizketarik eman.

Jarrera kontu horiek alde batera utzita, lasai asko baiezta daiteke eskalatzaile horrek egindakoa handia dela; batez ere, gaur egun boulderraren muturreko zailtasunari begiratzen badiogu. Maila horretara heltzeko, estatubatuarrak aldez aurretik lan eskerga egin behar izan du. Ezin da ukatu gaur egungo espezialista sasoikoenetariko bat dela. Eskarmentu handikoa. Adibidez, 8c+ mailako sei bloke ditu.

Apirilean “Alphane” egin zuen, eta, zintzilikatu duen bideoan aipatzen du 25 ekinaldi behar izan dituela. Iazko urrian lehen saioak egin zituen, eta apirilera arte jo eta su jardun du. Chironicoko “Alphane Moon” (8a) klasikoaren ezkerraldean, Grahamek bistaratu zuen 9a mailako proposamen berri hau; hots, “Alphane”. Raboutouk bloke hori ikusi eta proiektu bezala hartu zuen: «Davek bista bikaina izan zuen, eta ikusi bezain pronto buruan iltzatuta geratu zitzaidan. Iazko urrian saio batzuk egin nituen, eta urtarrilean berriro itzuli nintzen erronka hori biribiltzera».

Oso anitza.

“Alphane”-k 8b+ mailako sarrera bat du, eta, ondoren, 8c+ gehitu behar zaio. Bederatzi mugimendu soilik, baina muturreko zailtasuna dutenak. Grahamek badaki bloke horrek zer eskaintzen duen, eta, Raboutou ondo ezagutzen duenez, ez da harritu bere kideak izan duen grinarekin: «Asko inspiratu zen “Alphane”-rekin. Eskuarki, ezinezkoak diruditen blokeen atzetik ibiltzen da».

Raboutouk berak aurreratu du lehen ekinaldiak etsigarriak izan zirela: «Nahiz eta dena eman, ez nuen aukera izan akatsak saihesteko. Lehen mugimenduak oso argiak ziren, baina hasieran ezkerraldera jo eta beste sekuentzia bat aurkitu nuen. Katu-oinekin ere arazoak izan nituen. Orpoa kokatu behar den toki batean hiru ekinalditatik behin puskatzen nituen. Hori ikusita, gauero super kola bat jarri behar nien. Eta modu batera edo bestera aukera nuen eskalatzen jarraitzeko. Hori gutxi ez, eta katu-oinen marka aldatu nuen».

Bloke horren ezaugarriei dagokienez, esan behar dugu oso anitza dela; alegia, estilo eta teknika ezberdinak jasotzen ditu. Beheko zatia oso fisikoa da eta heldulekuak ñimiñoak dira. Ondoren, estiloa aldatu eta ez ditu helduleku oso zehatzak. Gainera, orpoaren teknika erabat menderatu behar da; oso eroak omen dira. “Bizikleta” bezala ezagutzen den mugimendua, asko estutu behar diren heldulekuak… Eta amaitzeko 7c+ mailako sekuentzia bat.

Hori guztia aipatu eta gero, Rabaoutouk onartu du ezin duela baieztatu zein den “Alphane”-ren zatirik zailena: «Mugimendu guztiak lotzea gogorrena da. Azken mugimenduan, adibidez, pare bat aldiz erori nintzen. Eta esan behar dut egun bakoitzean soilik bi saio egiten nituela. Egoera horretan hamar egun igaro nituen. Kontuan hartu behar da bloke hau oso luzea dela, eta azken bi mugimendu zailenak egiteko sasoiko behar nuela egon. Burua lasaitzeko eta atseden hartzeko, bi egunez bloke hori “aparkatzen” nuen. Egoera hori ez zen oso estresantea izan; eta hori diot muturreko xedeak gustuko ditudalako. Ez nuen neure burua gehiegi estutzen; soilik disfrutatzea zen helburu nagusia».

“Alphane”-ren mailaren inguruan eman duen iritziari dagokionez, aipatu behar dugu boulder bera probatu dutenek (Woods, Jimmy Webb…) asko lagundu diotela. Woodsek honako hau esan du: «Shawn-i esan genion bloke hori muturrekoa zela, eta 9a maila proposatzea egokia zela. Gu, behintzat, oso emozionatuta gaude gure kideak eginiko lanarekin. Jimmy eta biok ziur gaude itzuliko garela».

“Alphane” sinatu ondoren, espezialista gazte honek baieztatu du hurrengo helburuak kirol eskaladan zein lehiaketetan dituela: «Adibidez, Ceuseko “Bibliographie” bidea (9b+) probatu dut, baina ezer gutxi egiteko aukera izan dut. Uste dut kirol eskaladak asko laguntzen didala boulderrean topera ibiltzeko».

Amaitzeko, dirudienez, Raboutou prest dago berriro hedabide espezializatuei bere proiektuen inguruko berririk ez emateko. Zurrumurru batzuek diote Coloradon (Ameriketako Estatu Batuak) dagoen “Megatroin” xedea biribildu duela. Antza denez, “Alphane” bezala 9a izan daiteke. Eskalatzaileak ondorengoa esan du: «Laster beste bideo bat argitaratuko dut, oso ona».